G7koen goi bilera Miarritzen

Atxiloketak ugaritu eta kontrolak zorroztu dituzte goi bilera atarian

Hamalau bat pertsona atzeman dituzte; dozena bat inguru Urruñan, errepide mozketa batean, eta bi jaka hori, radar bat matxuratzea egotzita. Baionan, erdigunera doan herritar oro miatuko dute gaur

Hainbat lagunek errepidea moztu zuten Urruñan, eta Polizia oldartu egin zitzaien. EKHI ERREMUNDEGI.
jon olano
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Ofizialki, gaur hasiko da G7koen goi bilera, Miarritzen (Lapurdi), eta, ekitaldia gerturatzen ari den heinean, gero eta estuagoak dira Frantziako Poliziaren kontrol neurriak. Atzo, gailurraren bezperan, hamabi lagun inguru atxilotu zituzten Urruñan, herritar talde batekin errepide bat mozten ari zirela. 200-300 lagun abiatu ziren Hendaian prestatu duten kanpalekutik Urruñara, autobideko zirkulazioa mozteko asmoz. Aurrez aurre topatu zuten Polizia, eta tentsio uneak izan ziren bi taldeen artean. Poliziak gomazko pilotak erabili zituen halako batean, eta manifestariak leku batetik bestera mugituz aritu ziren hainbatetan. Iluntzean, Hendaiako eskolako biribilgunea blokeatu zuten hainbat lagunek, atxilotuekiko elkartasun keinu gisara.

Hendaian, goizean, bi lagun atxiki zituzten autobus batean, Irungo Santiago bidea igaro berritan. Autobusetik jaitsarazi zituzten, eta ordu erdiz atxiki. Aurrera jarraitu zuen autobusak, baina bi gazteak Irunera (Gipuzkoa) eraman zituen Espainiako Poliziak. Magrebtarrak dira biak, eta Irungo Harrera Sareak salatu izan du «kontrol arrazistak» egiten dituztela Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan. Bi jaka hori ere atzeman zituzten atzo, Miarritzetik gertuko radar bat apurtzea egotzita.

Hain justu ere, Santiago bidea ordu eta erdiz itxi zuten atzo goizean, bi pakete susmagarri zeudela eta. Bertara joan ziren Espainiako Polizia, Guardia Zibila, Ertzaintza eta lehergailuak aztertzeko teknikariak, eta horiek ikertu ostean zabaldu zuten zubia, 08:30ean. Bitarte horretan, Behobiatik bideratu zuten zirkulazioa.

Bestalde, hiru gazte alemaniar epaituzituzten atzo Baionan. Asteazkenean atxilotu zituzten, Hego Euskal Herrira bidean, eta, Frantziako Poliziaren arabera, burua estaltzeko tapakiak, ziape gasa eta izotza puskatzeko mailuak atzeman zizkieten. Baionako Zigor Auzitegian epaitu zituzten atzoko azken orduan, indarkeriarako prestatzea leporatuta. Hainbat hedabideren arabera, Poliziak lehendik ere atzeman izan ditu haietako bi, eta hirugarrenak debekatuta du Frantziako Estatuaren mugen barruan manifestatzea.

Ostegunean, berriz, poliziek Karfa Diallo idazle eta giza eskubideen aldeko ekintzailea, jatorriz senegaldarra, atxilotu zuten Miarritzen, hiriko La Negresse auzoaren izena aldatzearen aldeko protesta batean parte hartzen ari zela. Colette Capdevielle diputatu ohi eta Dialloren abokatuak BERRIAri jakinarazi dionez, atzo arratsaldean utzi zuten aske, Baionako Auzitegi Korrekzionaletik igaro eta gero, baina datorren urteko urtarrilaren 23an igaro beharko du epailearen aurretik. Capdeviellek salatu du atxiloketa «badaezpadakoa» dela, «funtsik gabea», eta bere helburu bakarra dela herritarren protesta egitasmoak desmobilizatzea.

Debekuak Baionan

Kontrol neurriak areagotu egingo dira datozen orduetan; Baionako Herriko Etxeak atzo jakinarazi zuen «segurtasun perimetro» bat ezarri dutela hiriaren erdigunean gaurko, 08:00etatik 22:00etara. Bitarte horretan, debekatuta egongo da «arma gisa erabil daitezkeen objektuak» eramatea eta soinu tresnak erabiltzea, besteak beste. Gainera, erdigunerako sarrerak zainduko dituzte, eta, perimetro horren barruan, poliziak aukera izango du herritar eta ibilgailu oro miatzeko.

Zeregin horretan aritu ziren atzo Miarritzen, polizia batek herritar bat pistolaz mehatxatzeraino. France Infok grabatutako bideoan ikus daiteke nola apuntatzen dion poliziak furgoneta bateko gidariari. Furgonetan gailurraren kontrako pare bat txartel jarriak zituzten: horietako batek Miarritze kontzentrazio esparru bihurtu dutela salatzen zuen. Bestea Macroni zuzentzen zitzaion, galdetuz ea non dagoen «Frantziaren handitasuna».

Hortaz, G7koen bilera hasieran agintariek hitzeman baino eragozpen handiagoak sortzen ari zaie herritarrei. Ostegunean, gutun bat bidali zien Baionako Herriko Etxeak herritarrei, asteburu honetarako izan dituzten «elementu berriak» jakinarazteko. Jean Rene Etxegarai auzapezak izenpetutako gutunean, estatuko ordezkariekin udan egin dituzten bileretan Baionarentzat «arriskurik ez zegoela» adierazi zietela azaldu du.

Itxuraz, baina, Frantziako informazio zerbitzuek besterik espero dute orain. Etxegaraik idatzi duenez, Frantziako eta nazioarteko zenbait eragilek Baionatik Miarritzera sartzeko deia egin dute, eta, beraz, Baiona inguruetan istiluak izan daitezkeela ulertarazi du. Hala ere, konfiantza mezua helarazi nahi izan die herritarrei: behar diren segurtasun neurriak hartuko dituzte. Auzapeza bera herriko etxean egonen da asteburu guzian, herritarrei eta saltzaileei momentuan momentuko informazioa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.