Polizien Nafarroako Legea, etenda

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Pedro Sanchezen gobernuaren helegitea. Autogobernuaren aurkako erasoa dela salatu du Geroa Baik

Foruzainak saritzeko ekitaldi bat, 2016ko otsailean. NAFARROAKO GOBERNUA.
jon olano
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Espainiako Gobernuak Polizien Nafarroako Legearen aurka jarritako helegitea, eta, beraz, behin-behinean eten du araua. Zehazki, foru legearen 1, 11.7, 23.3, 24 eta 27.1 artikuluen kontra egin zuen Pedro Sanchezen gobernuak abuztuan, Espainiako Konstituzioko 149.1.18 eta 149.1.29 artikuluaren aurkakoak direla iritzita. Funtzionario publikoen erregimena eta «segurtasun publikoa» estatuaren eskumen esklusiboak direla zehazten dute artikulu horiek.

Polizien behin-behinekotasuna eta polizia laguntzaileen figura daude eztabaidaren muinean. Joan den ekainean, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen udaltzainak ezin direla behin-behineko langile izan, «segurtasun indar izaera» dutela argudiatuta. Polizien Legeak, baina, polizia laguntzaileen figura aurreikusten du, eta haren bitartez behin-behineko kontratazioak egiteko aukerari eutsiko liokete Nafarroako udalek. Espainiako Gobernuak uste du Nafarroako Gobernuak «polizia laguntzaileak» behin-behinean kontratatzeko erabakiak herritarren oinarrizko eskubideei kalte egin diezaiekeela. Epaileek, auzia aztertu bitartean, bertan behera utzi dute araua, eta agindu dute dokumentazio guztia Espainiako Kongresuaren eta Senatuaren nahiz Nafarroako Parlamentuaren eta Gobernuaren esku uzteko, nahi izanez gero auzian parte har dezaten eta alegazioak aurkez ditzaten.

Geroa Baik salatu du erabakia «Nafarroako autogobernuaren aurkako beste esku hartze bat» dela, «eraso bat», helburu duena Nafarroako Parlamentuaren ahalmen legegilea «mugatzea». Koalizioak azpimarratu du legeak «adostasun zabala» zuela atzean, eta parlamentuari eta gobernuari eskatu die auzian parte har dezaten legea defendatzeko.

Bide zaila

Joan den legealdian laukoak onartutako azken arauetako bat izan zen Polizien Legea, zailtasunak izan baitzituen hura aurrera ateratzeko. Nafarroako Parlamentuak iazko azaroan onartu zuen legea, lehen saioan, 2017ko urrian, porrot egin eta gero. 2015ean, Yolanda Barcinaren agintaldiaren amaieran, PSNk Foruzaingoaren erregimena arautzeko lege proposamen bat onartu zuen parlamentuak, baina haren erreformak bi bloketan zatitu zuen laukoa: Ezkerrak eta Ahal Dugu-k gobernuak aurkeztutako lege proposamenaren aurka bozkatu zuten, eta Maria Jose Beaumont orduan Barne kontseilaria zenaren dimisioa eskatu, argudiatuta beharrezkoa zela polizia sindikatuen gehiengoarekin akordioa lortzea. Ados jarrita, berriro izapidetu zuten legegaia, eta iazko azaroan onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.