Katalunia. Parlamentuko bilkura

Torrak erreferendum bat egin nahi du legealdia amaitu aurretik

Kataluniako Legebiltzarrean egin duen ezusteko proposamenak ez du beste alderdi subiranisten babesik izan. Oposizioak dimisioa eskatu dio Generalitateko presidenteari
Quim Torra Kataluniako presidentea, parlamentuko osoko bilkuran egin zuen agerraldian, atzo.
Quim Torra Kataluniako presidentea, parlamentuko osoko bilkuran egin zuen agerraldian, atzo. QUIQUE GARCIA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza - Mikel Rodriguez -

2019ko urriak 18

Datozen hilabeteetarako bide orri bat aurkeztu zuen atzo Quim Torra Kataluniako presidenteak. Buruzagi subiranisten aurkako epaia jorratzeko osoko bilkuran «suminduta» agertu zen Torra, eta ez zuen inor hotz utzi: guztiek egotzi zioten zerbait presidenteari. Torrak esan zuen «fartsa handi bat» dela Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaia, eta «mendekua» besterik ez duela nahi. Dena den, eztabaida piztu zuena Torraren erreferendum proposamena izan zen.

Argi utzi zuen ez duela albo batera utziko autodeterminazio eskubidea: «Hautetsontziak jartzeagatik 100 urteko zigorra ezartzen badigute, berriz jarri beharko ditugu». Gehitu zuen herri akordio handi bat behar dela horretarako, alderdiez gain sindikatuak eta gizarte eragileak biltzen dituena. «Legegintzaldia autodeterminazio eskubidea baliatuz amaitzea proposatuko dut nik». Horretaz gain, Poliziaren indarkeriari dagokionez, hitzeman zuen protokoloa apurtzen duten jokabideak ikertuko dituztela.

ERCk ez zuen begi onez ikusi presidentearen erreferendum proposamena. Asmo horren berri ez izatea kritikatu zuen Sergi Sabria bozeramaileak: «Aztertuko dugu proposamena, baina independentismoak akordio handiei esker egin du aurrera orain arte». Ez zen bakarra izan, JxC Torraren alderdiko kideek ere aitortu baitzuten ez zutela proposamenaren berri. Bilkura amaitu bezain pronto, Pere Aragones presidenteordeak bilera bat eskatu zion Torrari. ERCren arabera, «ez da datak jartzeko garaia».

CUPek ere esan du «inprobisazioa» dela proposamen hori, baita adostasun bat behar dela halako bideak hartu aurretik. Natalia Sanchez diputatuak Torraren jokabideak sinesgarritasun gutxi duela salatu zuen: «Legealdi honetan erreferendum bat egingo duela dio mossoak kontrolatzeko gai ez den eta bere gobernukideen babesik ez duen presidente batek». Miquel Buch Barne ministroaren agerraldia ere eskatu zuen, parlamentuan azalpenak eman ditzan, eta ERCri gonbit egin zion eskaerara gehitzeko.

Dimisio eskaerak

Oposizioko alderdiek ere hitz egin zuten osoko bilkuran. PP eta Ciudadanos aspalditik ari ziren Generalitateko presidentearen dimisioa eskatzen, baina atzo Catalunya en Comu eta PSC ere gehitu zitzaizkien.

Miquel Iceta PSCko idazkari nagusia izan zen hitza hartzen lehenengoa. Torrak istiluen inguruan izan duen jarrera salatu zuen: «Axolagabe jokatzen ari da, eta ondorioak ikusten ari gara Kataluniako plazetan eta kaleetan». Beste erreferendum bat egiteko proposamena arbuiatu zuen Icetak, haren ustez akats berak errepikatzea bailitzateke «aldebakartasunaren eta konfrontazioaren bidetik jarraitzea». Hauteskundeetara deitzeko eskatu zion Torrari.

Catalunya en Comuko bozeramaile Jessica Albiachen arabera, Torra «ez da agintzen ari, ez buru izaten ari», eta aurpegiratu zion Generalitateak ez zuela «jarrera sendorik» erakutsi azken hiru egunetan. Albiachen ustez, «injustua» da buruzagi subiranisten aurkako epaia, eta azaldu zuen Torrak asteazken gauean telebistan igorritako mezuaren ondoren erabaki zutela haren dimisioa eskatzea: «Prestua izan behar du, eta aukeratu presidentea edo aktibista izan nahi duen».

Lorena Roldan Ciudadanoseko bozeramaileak Torrari egotzi zizkion azken egunetako gertakariak. Esan zuen «beste kolpe batekin» mehatxatzea dela beste erreferendum bat egiteko asmoa , eta faltan sumatu zuela presidenteak bere hitzaldian Poliziari eskerrak ematea: «Generalitateko presidenteak eskerrak ematen dizkie biolentoei, eta guk Poliziari ematen dizkiogu».

PPko Alejandro Fernandez, berriz, istiluetan parte hartzen ari diren Kataluniako gazteei mintzatu zitzaien: eskatu zien ez arriskatzeko euren ongizatea «auto ofizialean doan Gandhi katalanagatik».

«Dene artean» adostu

Gauean, TV3 Kataluniako telebista publikoak elkarrizketa bat egin zion Torrari. Goizean parlamentuan esandakoari buruz, Torrak esan zuen «proposamen bat» egin diola «Kataluniako herriari», eta gobernu osoak bazuela horren berri, «behin eta berriz» esana zuelako. «Aukera baten gisan ikusi behar da». Presidentearen arabera, 2017ko erreferendumaren ondoren, alderdi eta eragile independentistak ados jarri ziren hiru irizpide nagusitan: errepresioari aurre egiteko moduetan, autogobernuan galdutakoa berreskuratzean, eta autodeterminaziorako eskubidea «lehenbailehen gauzatzeko» moduak aurkitzean. Hark hirugarren punturako «proposamen bat» egin zuen atzo, «denen artean» adostu beharrekoa.

Vicent Sanchis TV3ko zuzendariak desobedientziari buruz galdetu zion presidenteari, eta esan zion ea ez al zen kontraesanean ari desobedientziarako deia egin, baina praktikan Auzitegi Gorenaren epaia onartu duelakoan. Torrak ezetz erantzun zion, eta desobedientzia eredutzat jarri zion goizean parlamentuan izan zuen jarrera. «Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenek debekatu egin ziguten parlamentuan autodeterminazioaz aritzea, baina nik gaur hori egin dut».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Santos Indurain kontseilaria prentaurreko batean, artxiboko irudian. ©Jesus Diges/EFE

324 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Kasuen beherakada orokorra izan da herrialde guztietan: Araban 44 kasu detektatu dituzte (-31); Bizkaian, 180 (-31); Gipuzkoan, 35 (-29); eta Nafarroan, 59 (-87). Nafarroako Gobernuak ez du neurri orokorrik ezarriko oraingoz. «Atzokoa ez zen alarma guztiak pizteko modukoa, eta gaurkoa ez da kriskitinak jotzekoa», adierazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak.

Zahar etxe bateko egoiliarrak paseoan, artxiboko irudian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Donostiako zahar etxe bateko egoiliar batek positibo eman du

Berria

Zahar etxe bereko bi langile ere kutsaturik daude.

Gizon bat PCR proba egiten, Donostian. ©Gorka Rubio / FOKU

Hogei milioi koronabirus kasu baino gehiago detektatu dituzte mundu osoan

Oihane Puertas Ramirez

COVID-19a 188 herrialdetara iritsi da, eta 736.000 lagun baino gehiago hil ditu.

Nafarroako osasun langileak PCR probak egiteko prest, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola/FOKU

Agerraldi bat detektatu dute Murillo el Fruto eta Zarrakaztelu inguruan

Berria

30 positibo atzeman dituzte; gehienak, laborarien artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna