Migrazioa. Ikuspegiren txostena

EAEko biztanleen %60k uste dute migrazioa ona dela ekonomiarako

Ikuspegiren txostenak berretsi du egoera ekonomikoak migrazioaren inguruko iritziak baldintzatzen dituela. Eskubideen eta zerbitzuen arloko jarrera «murriztaileagoa» da

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Migrazioaren inguruko «jarrera nagusiki positiboak» gailentzen ari direla erakutsi du Ikuspegiren 2019ko txostenak. Immigrazioaren Euskal Behatokiak atzo aurkeztutako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleentzat immigrazioa ez da arazo bat, eta jakitun daude egiturazko fenomeno bat dela. Halere, diskurtso «utilitarista» zabaltzen ari da gizartean, Beatriz Otero Ikuspegiko ikerlariak azaldu duenez: «%60k adierazi dute migrazioa beharrezkoa dela, ekonomiak hobeto funtzionatzea ahalbidetzen duelako eta etorkinek bertakoek nahi ez dituzten lanpostuak betetzen dituztelako».

Behatokiak 2004tik emandako datuei erreparatuta, ondorioztatu dute egoera ekonomikoak eragin handia duela migrazioaren inguruko jarreretan. Adibide gisa jarri dituzte Immigranteek lana kentzen digute baieztapenak jasotako iritziak: 2013an, %42 agertu ziren alde zein kontra, baina egun %66 daude aurka, eta soilik %17 daude esaldi horrekin ados.

Migrazio politikei buruzko iritzietan ere nabari da bilakaera hori: enplegua daukatenen egoera arautzearen aldeko jarrerak nagusitu dira. «Lan kontratua edukitzeak lasaitasuna ematen dio gizarteari», berretsi du Oterok. Hala, biztanleen %20 agertu dira etorkinak inolako trabarik gabe sartzen uztearen alde, eta %52, berriz, soilik lan kontratua dutenei sartzen uztearen alde; azken ehuneko hori %35ekoa zen iaz, baina %67koa 2013an, eta %82koa 2007an. Era berean, %24k uste dute migratzaile guztiei paperak eman behar zaizkiela, eta ia %50ek, bakarrik lana dutenen egoera arautu behar dela. %5ek baino ez dute babestu papergabe guztiak kanporatzea; 2012an, %21ek zuten iritzi hori.

Babesa edo asiloa eskatzen dutenei buruzko jarreretan ere izan da aldaketa txiki bat: migratzaileak ihesi dabiltzala egiaztatzea lehenetsi dute %46,7k (iaz %40,7 ziren), eta behera egin du mugarik gabe hartu nahi dituztenen kopuruak, %29,8tik %23,4ra.

Hala ere, Oterok nabarmendu du jarrera «anbibalentea» duela gizarteak migrazioarekin: «Arlo ekonomikoan ikuspegi zabalagoa dugu, baina eskubideen eta zerbitzuen eremuan, murriztaileagoak gara». Izan ere, hezkuntza eta osasun arreta «ia eskubide unibertsaltzat» ditu gizarteak, baina administrazio egoera erregularrean daudenentzat mugatu dituzte, adibidez, laguntza sozialak, etxebizitza babestuak edo botoa.

Tolerantzia, gora

Edonola ere, migrazioarekiko tolerantzia indizea inoizko altuena da, eta estereotipo negatiboak ere murrizten ari dira: behera egin du etorkinak indarkeria matxistarekin, segurtasun arazoekin edo diru laguntza gehiegi erabiltzearekin lotzen dituztenen kopuruak. Oteroren aburuz, ezezagutzaren ondorio dira aurreiritziok: «Bizikidetza da antidotorik onena; azken batean ezagutzen ez ditugunak sailkatzeko erabiltzen ditugu estereotipoak».

Bizikidetza horretan, dena den, ikuspegi «asimilazionista» gailentzen ari da: «Azaleko gaietan, aniztasunak dakarren aberastasuna onartzen da, baina %77k uste dute etorkinak gure ohiturak hartzen saiatu beharko liratekeela». Izan ere, %40k baino gutxiagok babesten dute etorkinek gurtzarako lekuak irekitzea edo ikastetxe pribatuak edukitzea. Ildo horretan, datu kezkagarria utzi du islamarekiko konfiantzak: 0 eta 10 artean, 2,77koa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.