Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Diligentziak ireki dizkiote Zaldibarko zabortegia kudeatzen duen enpresari

Jaurlaritzak auzibidean aurkezteko aukera aztertuko du. Erkoreka kritiko agertu da enpresak orain arte izan duen jarrerarekin. EH Bilduk eskatu du Urkulluk agerraldi bat egin dezala legebiltzarrean

Zaldibarko zabortegia, kea dariola, joan den igandean. MIGUEL TOÑA / EFE.
gotzon hermosilla
Zaldibar
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun

Zaldibarren (Bizkaia) zabortegian izandako luiziaren afera auzibidean sartu da. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorkak jakinarazi duenez, instrukzio epaileak aldez aurreko diligentziak zabaldu ditu, erabakitzeko ea Verter Recycling 2000 SM enpresak harena da zabortegia, eta hark kudeatzen du ingurumen eta lan arloko delituak egin dituen.

Erkorekak iragarri duenez, oso litekeena da Eusko Jaurlaritza ere auzibide horretan aurkeztea akusazio moduan.

Gainera, Jaurlaritzaren bozeramailea oso kritiko agertu da enpresa izaten ari den jarrera dela eta. Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du «nabarmen hobetzeko modukoa» dela krisia eragin duten arrazoiak argitze aldera enpresak orain arte administrazioarekin izan duen harremana. Erkorekak bi arlotan aipatu ditu gabeziak: lan ikuskaritzarekin izandako trukeetan, eta ingurumen ikuskaritzarekin izandakoetan.

Jaurlaritzak enpresari eskatu dio emateko azken urteotan segurtasunaren inguruan izan ditzakeen agiri guztiak, eta plangintza bat aurkezteko, hondamendiak ekarritako kalteak nola lehengoratuko dituen zehaztuz.

Erkorekak esan duenez, enpresak egoki erantzungo ez balu, Jaurlaritzak baluke «nahitaezko exekuzioa» egiteko aukera, hots, zuzenean aferan esku hartzea, eta gero horrek ekarritako gastuak enpresari egokitzea.

Irakurri gehiago: Zer gertatu da Zaldibarko zabortegian?

EH Bilduk eskatu du Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean ager dadila auziaren inguruko azalpenak ematera. EH Bilduk uste du hauteskundeetara deitu eta legebiltzarra desegin izana ezin dela «ihesbidea» izan azalpenak ez emateko.

«Urkulluk aurpegia eman behar du», esan du koalizioak, «gertaera horrek ardurak berehala garbitzeko eskatzen duelako eta zehatz-mehatz azaldu behar duelako nola izan den posible horrelako zerbait gertatzea, Ingurumen Sailak duela hilabete asko egiaztatu baldin bazuen zabortegi horretan irregulartasun larriak egiten ari zirela arloko araudia betetzeari zegokionez».

Zaldibarren, osoko bilkura egin zuten atzo udaletxean gaia aztertzeko. Jose Luis Maiztegi alkateak eta Juan Mari Uriarte alkateordeak (EAJ) ostegunean luizia gertatu zenetik orain arte egindakoaren berri eman dute. Alkateak onartu du «okerrak» izan direla eta «beharbada berandu» ibili direla gauza batzuetan, baina argi utzi nahi izan du haien lehentasunak zera izan direla, desagertuta jarraitzen duten bi langileen bilaketan laguntzea eta zaldibartarrei zerbitzua ematea, eta bestelako erantzukizunak goragoko erakundeei dagozkiela.

EH Bilduko bozeramaile Eneritz Azpitartek esan du ez dutela udal agintarien borondate ona zalantzan jarri nahi, baina udal gobernuak haien ustez egindako zenbait akatsen berri eman du: adibidez, herritarrei informazioa emateko mekanismorik prestatu ez izana —«herritarrak izan dira bilerak antolatu eta udalera jo behar izan dutenak», esan du—, eta «udal talde nagusiari» informazioa ukatu izana eta bileretara joateko deia ez bidaltzea. EH Bilduk bost zinegotzi ditu Zaldibarren, lau EAJk, eta bi PSE-EEk.

EH Bilduk lau eskaera zehatz egin ditu: ur, aire eta bestelako kontrolen emaitzen berri ematea herritarrei, ingurumen ikuskaritza independente bat kontratatzea, fiskaltzaren aurrean salaketa jartzea eta herritar guztien kezkak eta eskaerak bideratzeko leihatila bakarra ezartzea. Eskaerak jasota gelditu dira, baina ez da izan horiei buruzko bozketarik.

Bilkuraren ostean, Jaurlaritzaren teknikariek azalpenak eman dizkiete zinegotzi eta herritarrei. Osasun Sailak azaldu duenez, orain arte egindako ur eta aire azterketa guztiek adierazten dute ez dagoela osasunerako arriskurik zabortegiaren inguruko herrietan, hots, Zaldibarren, Ermuan eta Eibarren. Zaldibarko Udalak, baina, txorrotako ura ez erabiltzeko aholkatu die Eitzaga auzoko herritarrei.

Izan ere, ur zerbitzu publikoa ez da iristen auzo horretako zenbait baserritara, eta horietan beste iturri batzuetatik hartzen dute ura. Ur hori ere aztertu bitartean «ez edateko, ez jana prestatzeko,eta animaliei ez emateko» aholkatu du udalak.

Udal aretoan egindako batzarrean, zenbait herritar haserre agertu dira, asteburuan Ingurumen sailburu Elena Morenok esan zuelako ura erabiltzeak ez zekarrela inolako arriskurik, kontuan hartu gabe osasun azterketak ur zerbitzu publikoaren sarean egin zituztela soilik, eta ez Eitzagako zenbait baserritan erabiltzen diren gainerako iturri guztietan.

Zallaren ezezkoa

Bezperan egindako agerraldian, Ingurumen sailburuorde Elena Morenok esan zuen aztertzen ari zirela nora bidali Zaldibarko zabortegitik ateratzen ari diren hondakinak, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden hondakindegietatik bik baino ez dutela amiantoa biltzeko baimena, Zallakoak eta Mallabikoak, hain zuzen. Zallako Udalak, baina, dagoeneko esan du hondakin horiek herrian jasotzeko aukera ez dela «egokia», eta baztertzeko eskatu du.

Juanra Urkijo alkateak adierazi duenez, hango zabortegiak ez dauka «bitarteko teknikorik» ezta «langile prestaturik» horretarako. «Gainera, oraindik zain gaude, Zallako hondakindegian uztailean, irailean eta urrian izandako suteak argitzeko ikerketen txostenak noiz jasoko», esan du Urkijok.

Zallako alkateak adierazi duenez, oraindik ez dute Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren inolako eskaera ofizialik jaso afera horren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.