Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ondorena

Berdea, gero eta argiagoa

Navaridas eta Ermuan izan ezik, gainerako herri guztietan irabazi dute alderdi abertzaleek. Barruti gehienetan egin du gora EH Bilduk, eta erakutsi du tartea baduela gehiago hazteko

Donostiako bozkaleku bateko mahaiko kide bat boto emaile baten nortasun agiria begiratzen, herenegun. J. E. / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Mapa ia monokromatiko bat utzi dute igandeko bozek. Erabat nagusitu da alderdi abertzaleen berdea, baina, duela lau urteko emaitzekin alderatuta, batzuen eta besteen tonalitateetan nabari da aldaketarik. EH Bildurena indartu egin da: hori antzeman daiteke Bizkaiko ekialdean eta Gipuzkoa osoan, eta hiriburuetako zenbait auzotan ere bai. BERRIAk bere webgunerako landu duen mapa berezian ikus daiteke hori: aplikazio horrek aukera ematen du herrietako emaitzak auzoz auzo, atalez atal ikusteko, eta duela lau urteko emaitzekin alderatzeko; hona hemen batzuk.

Hauteskunde guztietan bezala, Bilbo Handian jokatzen da partida, han pilatzen baita boto gehien. EAJren gotorlekua da, eta hala da oraindik ere, alde handiz oraindik. Duela lau urtekoari eutsi egin dio, eta ia auzo denetan gailendu da, baina apur bat baino ez ditu hobetu duela lau urtekoak (+%0,6). EH Bilduk, berriz, berretsi egin du hazteko tarte handia duela Bizkaiko hiriburuan.

Koalizio subiranista igo da gehien (+%5,4), eta hala islatu da auzoetan ere. Berde argia nagusi zen tokietan, are indartsuago da orain, eta zabaltzen hasi da. Duela lau urte bezala, Zazpikaleetako sei ataletan garaile atera da, baina nagusitasun hori San Frantziskon eta Bilbo Zaharrean ere lortu du —duela lau urte EAJk irabazi zuen bi auzo horietan—. EH Bildu, gainera, ezkerreko alderdien artean boto gehien duena da orain. Beste kolore bat, PSE-EErena, berriz, Txurdinaga eta Otxarkoagara itzuli da, duela lau urte jeltzaleek kendutako lehen postua berreskuratuta.

Bilboko galtzaile handienak Elkarrekin Podemos eta PP+Cs izan dira. Alderdi morea hiriko bosgarrena da, eta PSE-EEk hartu du haren tokia; hala gertatu da auzo gehienetan. PPk, berriz, zabalgunean zuen indar handien, bi ataletan irabazi zuen duela lau urte, eta EAJk ordezkatu du orain. Barruti horietan lortu ditu Voxek emaitza onenak: %6 inguru, batez beste.

Bizkaia osoari erreparatuz gero, Gipuzkoan baino nabariagoa da EAJren berde iluna, baina, hala ere, pixka bat lausotu egin da. Izan ere, EAJk herri bakar batean ere ez du lortu 2016an baino boto gehiago. Ezkerraldean, esaterako, jeltzaleek goia jo dute, botoak galdu dituzte, eta oso gutxi hazi dira portzentajeetan, eta horri etekina atera diote EH Bilduk eta PSE-EEk. EAJri Santurtziko bost atal kendu dizkio koalizio subiranistak eta sozialistek, Portugaleteko zortzi. Hiru alderdien artean EH Bildu izan da botoetan gora egin duen bakarra han.

Nerbioi ibaiaren eskuin aldean, berriz, Bizkaiko hiri populatuena Getxo da, eta han EH Bilduk ere gora egin duen arren, EAJk lortu du PPren ohiko eremu batean irabaztea, kostaldeko lehen lerroko ataletako batean. Getxo izan da, bestalde, Voxek Arabatik kanpo emaitza onenak lortu dituen hiria: %3ko langa pasatu du.

Bizkaiko ekialdean, berriz, EH Bildu indartu egin da, eta gailendu EAJ duela lau urteko lehen indar izandako herri batzuetan: Elorrion eta Berrizen, adibidez.

Gasteiz, koloretsuena

Arabako hiriburua izan da aldaketa nabarmenenak erakutsi dituzten hirietako bat. Datu orokorretan gertatu bezala, EH Bildu izan da ehunekoetan eta botoetan gora egin duen bakarra.

PPk hartu du kolperik handiena. Duela lau urte barruti gehienetan irabazi zuen, baina bakar batean irabazi du orain: San Kristobalen, eta %16,5 jaitsita. Duela lau urte PPk irabazitako mahai gehienak EAJren eskuetara igaro dira, eta beste gutxi batzuk PSE-EErenetara —duela lau urte bi alderdiak pareko zeuden auzoetan; esaterako, Zaramagan—. Voxek Gasteizen eskuratu ditu Eusko Legebiltzarreko eserlekua eman dioten botoen gehiengoa, eta bi barrutitan hirugarren izan da, EAJ eta PPren atzetik: Mendizorrotzan eta Hego Mendebaldean.

Elkarrekin Podemosek jasotako kolpea ere ikusgarria izan da; auzo gazteenetan, bereziki. Salburua eta Zabalganan %14tik gorako jaitsierak izan ditu. EH Bildu izan da onuradun nagusia. Aipatutakoetan ez ezik, Alde Zaharrean ere nagusitu da. Hiri osoan 30 ataletan lortu du garaipena; duela lau urte, bederatzitan.

Donostian ere nagusitu dira abertzaleak, baina kasu horretan biek ala biek erakutsi dute oraindik badutela gehiago hazteko tartea, oso modu paretsuan egin baitute gora: EAJk %4,5 eta EH Bilduk %4,8; dena den, soilik bigarrenak lortu ditu boto gehiago. PP izan zen duela lau urte hirugarrena; orain, PSE-EEk hartu du toki hori. Elkarrekin Podemosek ere botoen erdia inguru galdu du, eta laugarrena da. Donostia izan da Voxek babes txikiena lortu duen hiriburua (%2,22).

Gasteizen bezala, Elkarrekin Podemosek galdu egin du duela lau urte hirigunetik kanpoko auzo batzuetan lortutakoa: Intxaurrondoko hiru ataletan, esaterako, laugarren postura erori da; EAJk ere galdu egin ditu auzo horretako atal batzuk eta Egia inguruko batzuk. Denak EH Bilduren mesedetan. Duela lau urte PSE-EEk irabazitako Bidebietako atal batean ere gailendu da.

Gipuzkoari erreparatuz, herrialdeko mapan aldaketa gehiago izan dira Bizkaikoan baino. EH Bilduren berde nabarmenago da orain. Errenterian, esaterako, Elkarrekin Podemos nagusi zen hiru atal eta EAJren lau bere egin ditu EH Bilduk. Eibarren —ondoan duen Ermuan (Bizkaia) bezala— PSE-EErena zen barruti bat bere egin du koalizio subiranistak; hain justu Zaldibarko zabortegitik gertuen dagoena.

Ordiziako emaitzek ere sortu dute interes informatiboa. Parte hartzean ez da nabaritu, baina bai emaitzetan. Orain EH Bildurena da kolore bakarra. Koalizioak %11,6 egin du gora; EAJk, aldiz, %3,1 behera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.