Koronabirusa

Mugak mugikortasunari

Indarrean sartu dira Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri berriak: ezin da udalerritik irten, ezin dira sei lagun baino gehiago elkartu, gauez ezin da kalean egon. Duda batzuk sortu dituzte

Bilbo, astelehen gauean: kaleak hutsik egon ziren etxeratze aginduarekin. LUIS TEJIDO / EFE.
Garikoitz Goikoetxea - Irati Urdalleta
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sinatutako dekretua argitaratua dago jada EAEko aldizkari ofizialean, eta atzo 06:00etatik indarrean daude neurri guztiak: hortaz, jada ezin da udalerritik irten justifikaziorik gabe, ezin dira sei lagun baino gehiago bildu, eta 23:00etatik 06:00etara ezin da kalean ibili. Hona dekretuko neurri nagusiak:

Gauez kalera ateraal daiteke?

23:00etatik 06:00etara ezin da kalean ibili, ez bada lanera joateko, sendagaiak erosteko, medikuarenera edo albaitariarenera joateko, legezko betebeharrak betetzeko, zaintza lanetarako eta «ezinbestekoa» den kasuetarako.

Baimenduta al dago erkidegotik irtetea?

Ezin da erkidegotik atera edo hara sartu, salbuespenak kenduta. Hauek dira: lanera joatea, medikutara, ikasketa zentroetara, menpekotasunen bat dutenak eta adinekoak laguntzera edo zaintzera, azterketa ofizialak egitera, epaitegira edo notarioarenera...

Herritik atera daiteke?

Bizileku den herritik ezin da irten, erkidegoko sartu-irtenetarako salbuespen berberetan ez bada. Aginduak badu salbuespen bat: «mugakide diren herrien arteko mugikortasuna» onartuta dago, baldin eta helburua bada «banakako gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egitea». Horrek zehazki zeri eragiten dien, hori argitzeko dauka Jaurlaritzak. Iragarri dute, adibidez, zahar etxeetara joan daitekeela senideengana —zaintza delako—, baina ezingo da beste herri bateko hilerrira joan —azaroaren 1a da igandean—.

Biltzea mugatu al dute?

Gehienez sei lagun elkar daitezke toki itxietan eta aire zabalekoetan, pribatuetan eta publikoetan. Gehiago bil daitezke soilik elkarrekin bizi baldin badira.

Ireki al dituzte tabernak, jatetxeak eta elkarte gastronomikoak?

Tabernak eta jatetxeak 23:00etarako itxi behar dituzte, eta ezin dira ireki 06:00ak arte, etxeratze agindua indarrean den arte. Ordutegi bera du ostalaritzak astegunetarako eta jaiegunetarako. Barran kontsumitzea debekatu egin dute, eta une oro maskararekin egon behar dute bezeroek, jateko eta edateko momentuan soil-soilik kenduta. Ordutegi muga hori ez dute izango gasolindegietako tabernek, baina 23:00etatik 06:00etara garraioko profesionalei soilik eman diezaiekete zerbitzua. Elkarte gastronomikoek itxita jarraituko dute.

Zein baldintza dituzte establezimenduek?

Gehieneko edukiera adierazi beharko dute jendaurrean, eta neurriak hartu beharko dituzte segurtasun tarteari eusteko. Ezin dute alkoholik saldu. 20:00etatik 08:00etara—ostalaritzan, bai—.

Zein muga dituzte ehorztetxeek?

Beilatokietan ezin dira bildu 30 pertsona baino gehiago aire zabalean, eta sei lagun barnean. Ehorzketetan eta errausketetan, aire zabalean 30 lagunekoa da muga, eta barruan, hamarrekoa.

Garraio publikoaerabili al daiteke?

Ez dago edukieraren mugarik garraio publikoetan. 00:00etan du abiatzeko azken ordua. Taxiek eta ibilgailu gidaridunek ez dute ordutegi muga hori.

Autoa partekatual daiteke?

Ibilgailuan sartzen den gehienezko jende kopurua joan daiteke.

Zein muga daude kirolerako?

Dekretuak hau dio: «Taldeko edozein kirol jarduera eten egiten da. Bakarka bakarrik egin ahal izango da kirola». Badira salbuespenak: gimnasioetako ikastaroak taldean egin daitezke, eta onartuta daude «lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean» ari diren taldeen entrenamenduak eta partidak ere. Profesionalak ez direnen kasuan, gehienez sei laguneko entrenamenduak egin ditzakete, eta lehiaketak eten egin dira. 16 urtetik beherakoentzako «kirol jarduera antolatuak» eten egin dira. Bizkaiak eta Arabak eskola kiroleko entrenamenduei eutsi egin diete, sei kideko taldeak eginda.

Kultur jarduerakegin al daitezke?

Erdira jaitsi beharko dute ekitaldia egin nahi den lekuko edukiera, eta ezin izango dira 400 lagun baino gehiago elkartu —aire zabalean, 600 lagun—. Metro eta erdiko distantzia beharko da publikoan. Dekretua ikusita, uste izatekoa da ezin dela joan bizileku den herriaren alboan ez dagoen beste herri batera kultur emanaldi batera —halako kasuetan emanaldien sarrerak itzultzen hasia da Bilboko Arriaga antzokia—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.