Datorren ikasturtea prestatzea helburu, Espainiako Osasun eta Hezkuntza ministerioek eta autonomia erkidegoetako departamentuek bilkura izan zuten asteazken iluntzean. Batik bat, hizpide izan zuten COVID-19aren kontrako txertoa, eta asmo bat aurreratu zuten: aztergai dute Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei txertoa jartzea. Espainiako Osasun ministro Carolina Dariasek iragarri zuenez, 12 eta 16 urte artekoak ikasturtea hasi aurretik txertatu nahi dituzte. Halere, Isabel Zelaa Hezkuntza ministroak zehaztu zuen, besteak beste, Sendagaien Europako Agentziaren onespena premiazkoa dela pausoa emateko.Neurriak eragina izan lezake Hego Euskal Herrian. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak jakinarazi zuen Jaurlaritzak aintzat hartuko duela Espainiako Gobernuak eginiko proposamena, eta onartu zuen nerabeak txertatzea «jauzia» litzatekeela eskolako martxarako.
Bildarratzek argitu zuen bide orri propio bati jarraituz eginen dutela aurrera, baina onartu zuen ikasleei gaitzaren kontrako txertoa jartzeak ahalbidetu egin lezakeela eskoletan segurtasun neurriak leuntzea.«Maskarak pixka bat alboratzea ekar lezake, baita distantzia fisikoak eta burbuilak alde batera uztea ere. Dena dela, hori etorkizuneko kontua da». Bestalde, Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak esan zuen, asteazkeneko batzarrean hitz egindakoaren arabera, ikaslerik zaurgarrienak txertatuko lituzketela aurrena, neurriak aurrera eginen balu.
Ordutegia
Nafarroako Gobernuak atzo aurkeztu zuen datorren ikasturterako kontingentzia plana. Gimenok ziurtatu zuen prebentzio, garbitasun eta higiene neurri guztiak mantenduko dituztela, baina zenbait berrikuntza txertatu dituzte: besteak beste, Haur Hezkuntzako ikasleek ez dute maskararik jantzi beharko jolaslekuan daudenean. Baliabideei dagokienez, ziurtatu zuen mantendu egingo dituztela aurtengo ikasturterako pandemiagatik jarritako errefortzurako langileak.
Gimenok azaldu zuenez, eskolak goizez soilik emango dituzte aurrerantzean ere, «osasun agintariei horrela izan behar duela iruditzen zaien artean». Beraz, zabalik utzi zuen ikasturtean ordutegiak aldatzeko aukera: «Hilabeteko epea egongo da ikastetxeetako ordutegiak berme batzuekin berriz antola daitezen». Urriko lehen hamabostaldian edo Gabonen ondorengo lehen hamabost egunetan ezar litezke aldaketak. Jaurlaritzak ziurtatu zuen lanean ari direla eskolak berriz goizez eta arratsaldez emateko, baina ez zuen besterik zehaztu horren inguruan. Ikasturte honetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ia ikastetxe guztiak goizez soilik ari dira; Haur Hezkuntzakoei eta Lehen Hezkuntzakoei, berriz, ez diete aukera hori eman.
Koronabirusa
Nerabeak txertatzeak ireki ditzakeen ateak aztertzen ari dira hezkuntza agintariak
Madrilek esan du 12-16 urte artekoak txertatzea aztertzen ari direla. Heldu den ikasturterako planaren berri eman dute Nafarroan: eskolak goizetan bakarrik ematen jarraituko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu