Gerra Ukrainan

Errusiak bakea adosteko beste proposamen bat helarazi dio Ukrainari

Podoliak negoziazioburuak esan du Moskuren eskariak jaso dituztela, eta aztertu egingo dituztela. Putinek jakinarazi du «kontinentearteko misil balistiko bat probatu» dutela

Vladimir Putin Errusiako presidentea, atzoko agerraldi batean, Moskun. EFE.
ander perez zala
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Martxotik aurrerapausorik eman ez duten arren, Errusiak eta Ukrainak negoziazioen bidean jarraitzen dute. Asko falta da oraindik bi aldeak ados jartzeko, asteok agerian utzi dutenez, baina Kievek eta Moskuk proposamenak helarazten jarraitzen dute. Kremlinek atzo bidali zuen bakerako beste zirriborro bat, eta, Dmitri Peskov eledunaren arabera, orain pilota «besteen teilatuan» dago: «Erantzunaren zain gaude».

Errusiaren negoziatzaile taldeak ez zuen jakinarazi proposamen horien edukia, baina, gerora, Maria Zakharova Atzerri Ministerioko bozeramaileak horietako batzuk zerrendatu zituen: besteak beste, Ukrainak estatus neutrala izatea, Krimea Errusiaren parte dela eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia onartzea, eta errusiera hizkuntza ofizial bilakatzea berriz ere.

Peskoven arabera, orain arte «aurrerapauso gutxi» eman dituzte elkarrizketetan, eta Errusiako gainontzeko agintariek ere ez dute baikortasun handirik erakutsi elkarrizketez. Vladimir Putin herrialdeko presidenteak, esaterako, iragan astean esan zuen «kale itsu batean» daudela.

Mikhailo Podoliak Ukrainako presidentearen aholkulari eta negoziazio taldearen buruzagiak, berriz, ez zuen baloraziorik egin, atzo, Moskuk bidalitako proposamenez, eta esan zuen horiek aztertuko dituztela.

Horren ondoren, Putinek jakinarazi zuen «kontinentearteko misil balistiko bat probatu» zutela, eta hori egin izanak «gogoetarako ideiak» emango dizkietela Errusia «mehatxatzen» dutenei; estatuburuaren arabera, misilak 5.000 kilometro egin ditu, herrialdearen ipar-mendebaldeko Plesetsk hiriaren ingurutik ekialdeko Kamtxatkara. Gainera, sistema berri baten bidez, mota horretako «hamar-hamabost» misil bota ahalko lituzkete.

Charles Michel, Ukrainan

Nazioarteko geroz eta agintari gehiago ari dira bidaiatzen Ukrainara babesa helarazteko. Azkena Charles Michel Europar Kontseilukoa izan da, atzo izan baitzen herrialde hartan; zehazki, ipar-mendebaldeko Borodiankan.

Zelenskirekin batzartzeko aukera ere izan zuen, eta horren ondoren adierazi zuen EB Europako Batasunak «ahal duen guztia» egingo duela Ukraina laguntzeko.

Bien bitartean, G20ko Finantza ministroek bilkura bat izan zuten atzo, baina Anton Siluanov Errusiakoa hizketan hastean handik irten ziren parte hartzaileetako batzuk —AEBak, EB eta Frantzia tartean—, protesta gisara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.