Agur xumea kazetari umilari

Ekitaldi zibil xume batekin agurtu dute Mariano Ferrer kazetaria, Donostian. Ehunka lagun bildu dira, batik bat herritarrak. Urteetan ondu zuen bidearen arrastoa izan da. Ikusi ekitaldiko bideoa albistearen amaieran.
Txema Auzmendi hizlari, atzoko ekitaldian. Jendetza handia bildu zen jauregiaren alboko lorategian.
Txema Auzmendi hizlari, atzoko ekitaldian. Jendetza handia bildu zen jauregiaren alboko lorategian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko uztailak 17
Ibilbide bat. Aldapa leuneko bide bat, Kristinaenea parkeko sarreratik Mandasko Dukearen jauregira. Bide gozoa da, zuhaiztiak estalia, haize leunekoa. Gora doa jendea. «Zer oroitzapenak etorri zaizkidan egunotan», kontatu dio ilea urdindutako andre batek albokoari. Baietz egin dio keinua lagunak. Urteetan izan dute ohetik jaikitzeko lagun, gosarikide, egun ona opa izaten lehenbiziko. Mariano Ferrer. «Gure Mariano». Ehunka lagunek egin dute bide bera udako arratseko Donostian. Rosiren kioskoaren hirian, Ferrer erreferente izan duen hirian. Azken agurrerako bildu den hirian.

Aldarrikatzailea eta bide urratzailea izan da Ferrer, eta despedidan ere bai. Ez diote hil beilarik egin, elizkizunik ere ez, nahiz eta jesuita izan zen: zibila, ekitaldi zibila eskatu du. Donostiako Udalak oraintsu jarri du herritarren eskura Kristinaeneko aretoa horretarako. Ferrerren hileta da lehena, baina ez da posible: 50 bat lagunentzat dauka lekua. Kanpoan batu da jendea. Zutik ia denak.


Mariano Ferrerren omenezko ekitaldia, atzo, Donostian. Juan Carlos Ruiz / Foku.

Ekitaldi laburra agindu dute. «Diskretua». Hala eskatu diete antolatzaileei, Sabino Ormazabal adiskideak azaldu duenez. «Zenbat eta gutxiago, hobe: laudoriorik ez». Hori agindu du familiak. Ferrerren bizimoduaren tankerakoa egin nahi dute despedida ere.

Neurritasuna zaindu dute, bai denboraz —ordu erdi justua iraun du, puntual hasita—, bai ezaugarriz —oholtza txiki bat, Ferrerren irudi bat eta mikrofono bat: ezer arranditsurik ez—. Baina laudorioena, ez: laudoriorik ez egiteko eskaria ezin izan du inortxok bete.

Ikuspegi humanoa

Kazetaria izan zen Ferrer, kazetari erreferentea. «Eredugarria», Txema Auzmendi Herri Irratiko kide ohiaren esanetan. Urteetako bidean lortutako «sinesgarritasuna» aipatu du bereziki, atzo BERRIAn Imanol Murua Uriak esandakoa gogoan. Baina, lankide gisa egindako ekarpenaz harago, alde humanoari heldu dio: «Gertukoa zen, entzuteko gai zena: denbora galtzeko gai zena». Irakaspena da hori, Auzmendiren ustez. «Ikas dezagula guk ere zubiak jartzen. Hormak badauzkagu nahikoak».

Zubiak izan dira Ferrerren ardatza, kazetaritzan eta handik harago. «Sukaldeko lana egin zuen. Plaza zailetan aritu zen», nabarmendu du Ormazabalek. Gogora ekarri ditu Elkarriren konferentziak, 18/98 auziaren aurkako taldea eta SOS Arrazakeriaren alboan egindako bidea. «Ezetz esatea kosta egiten zitzaion». Injustizien aurka eta bakearen alde. «Busti egiten zen: argi esaten zituen gauzak, ulertzeko moduan».

Busti egiten zen, baina ez ito. Gertuko askok nabarmendu dute kazetaritzan leku egokian egoten jakin zuela, distantziak zaintzen. Ahalik eta independenteen izaten. Horren erakusgarri da hiletara bildutako jende saila: kolore bateko eta besteko ordezkari politikoak, gizarte eragileak, hedabideetakoak. Baina, batez ere, jendea. Eta denak parean, mailaketarik egin gabe. Horrekin bazuen arrangura Ferrerrek. «Hedabideetan leku neurrigabea daukate politikariek». 1988an esan zuen. Baita iaz ere, azken elkarrizketan.

Maisu eta ikasle

Kazetaritzako erreferente bat joan da Ferrerren heriotzarekin. «Askok esan duzue maisua zela. Ez litzateke oso ados egongo: ikasletzat zeukan bere burua», azaldu du Esther alabak. «Euskara ikasle kementsua zen, baina ez horretan bakarrik: ikasteko gogoa zuen». Euskararen tokia bereziki zaindu dute hitzaldietan eta kantuetan.


Mariano Ferrerren senideak, atzoko ekitaldian. Juan Carlos Ruiz / Foku.

Gaixoaldi baten ondoren hil zen Ferrer, igandean, baina azkenera arte heldu zion kazetaritza jarraitzeari. «Kiosko partikularra zeukan ospitalean. Dendara jaitsi, eta orriz orri begiratzen zituen egunkariak. Denak. Nahiz eta gero bakarra erosi». El kiosko de la Rosi saioan egin zuen ibilbide luzeena: 30 urtetik gorako bidea, 2004an erretiroa hartu zuen arte. Orduak eta orduak izan ziren Herri Irratian. «Aitak poz-pozik igaro zituen ordu horiek denak zuekin».

Ibilbide bat. Ibilbide baten azkena. Itzalpean, haize leunetan doa jendea parkean behera. Ferrerrek irratian egindako despedida jarri dute: «Eta komiko onek zioten eran: bizitzak aurrera jarraituko du. Haize onak eman diezazkizuela egun on asko». Ilea urdindutako bi gizon bidean doaz. «Ederra izan duk, neurrikoa», esan du batek. «Bera bezalakoa».