Bi bortxa bat eginda

Emakumea eta euskalduna izateagatik jasan beharreko azpiratzeak azaleratu dituzte Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek 'Trikua esnatu da' liburuan.

Jule Goikoetxea, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel, Trikua esnatu da liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Nork egiten du euskaraz? Nork zaintzen du euskara? Zer baldintzatan? Zer dago mutil euskaldun, peto, jator, herriko seme, natural eta autentiko horren atzean? Zer botere harreman eta menderakuntza sistema antolatzen du? Horiei eta beste hainbat galderari erantzun diete Idurre Eskisabel Larrañaga EHUko irakasleak eta Lorea Agirre Dorronsoro Jakin aldizkariko zuzendariak, atzo Donostian aurkeztu zuten liburuan: Trikua esnatu da.

Emakumea eta euskalduna euskaraz bizitzeko hautua egiten duen pertsona moduan ulertuta izateagatik jasan beharreko menderakuntzak dira liburuaren oinarria. «Euskaraz bizitzea eta emakumea izatea badira bazterrean jartzen gaituzten bi ezaugarri», ziurtatu du Agirrek. Bizipenetatik abiatu dira liburua idazteko, emakume eta euskaldun izatetik.

Orain arte paraleloan zihoazen bi bide moduan ikusi izan badira ere, elkarren arteko antzekotasunak hautematen zituzten egileek. «'Izan gaitezke euskaltzale feminista izan gabe?', galdetu ziguten hitzaldi batean, eta galdera horiek erabat egokiak dira», esan du Agirrek. Azken urteetan bien arteko erlazioaren inguruko eztabaida areagotzen ari dela nabarmendu dute. «Hor daukagu bertsolari feministek egindako bidea, emakume musikarien saretzea...».

Indarkeriaz ere aritu dira Lisipe bildumako zazpigarren liburuan. Eskisabelek azaldu duenez, indarkeriaren presentzia oso sendoa da emakumeen azpiratzearen oinarrian, eta euskararen zapalkuntzan ere bortxa dago, bi estaturen aldetik etorri dena. «Euskararen historia sozialari begiratzen badiogu, bortxa etengabekoa da». Menderakuntzarako beste tresna bat ere aipatu du: bortxa sinbolikoa. Horren barruan, naturalizazioan zentratu nahi izan dute. «Esaten digute guk baditugula ezaugarri batzuk, gaitasun eta ezgaitasun batzuk, eta horregatik gizarteko sarean leku jakin bat dagokigula», azaldu du. Naturalizazioaren alderdi batek bereziki kezkatzen dituela nabarmendu dute: inposizioak. Horren bidez, pribilegiodunek zapalduei egozten diete beren gainetik egotea, feministei feminazi eta euskaldunei taliban deituz, esaterako. Datuek gezurtatzen dituzten arren, feminismoaren eta euskararen inguruan iritzi asko zabalduta daudela uste du Eskisabelek. Esaterako, adierazi du ustezko sexu erasoa esateko joera hedatu dela kazetaritzan azken urteetan, ustezkoa egilea dela esan beharrean. Hori gizartean salaketa faltsuei buruz zabalduta dagoen ideiagatik egiten dela uste du. Euskararekin ere jarri du adibidea: «Lanpostu batzuetan euskara inposatu dela esaten da, datuek hori ez dioten arren». Gaineratu du askotan euskaldunak direla inposatzaile sentitzen direnak. «Eremu euskalduna dela seguru gauden lekuetatik kanpo euskaraz egiten dugunean, deseroso gaude, inposatzaile sentitzen garelako».

Intersekzionalitatea ere aipagarria iruditzen zaie. Izan ere, idazleen hitzetan, generoa ez da feminismoaren ezaugarri bakarra: arraza, klasea, kolonizatua izatea edo ez, kultura eta hizkuntza ere biltzen ditu barnean. Menderakuntza batek bestea indartzen duela nabarmendu du Agirrek, adibide hau emanez: munduko biztanleen hiru laurdenak pobreak dira. Pobreenen artean, %80 emakumeak dira, eta emakume pobre horien %90ek hizkuntza gutxitu ez-ofizial bat darabilte. «Menderakuntza bat ez da bestea baino garrantzitsuagoa», gaineratu du.

Euskara eta emakumeak lotzen dituzten datuei erreparatzeko ere baliatu dute liburua. Hain zuzen, emakumeei atxikitzen zaizkien ezaugarrien eta horiek euskara gehiago erabiltzearen arteko lotura ezarri du Agirrek: «Emakumeak goxotasuna eta maitasuna nagusi diren eremuetara kondenatzen gaituzte, eta euskara zaintzara eraman den hizkuntza da». Datuek ere hori erakusten dute: Euskaraldian izena eman zuten hamar pertsonatik ia zazpi emakumeak ziren, euskaltegietan emakume gehiago daude, gehiago erabiltzen dute, eta haurrak amaren hizkuntzarekiko leialagoak dira. «Hizkuntza eta generoa nahasita daudelako gertatzen da hori, ez da zerbait genetikoa», adierazi du Agirrek. Bereizketa hori txarra dela aitortzen duen arren, alderdi positiboa ere bilatu dio idazleak: «Zaintza erdigunean jarriko duen gizarte bat antolatu behar dela diogu. Hori lortzen denean, guztion artean banatuko da euskararen ardura ere».

Euskararen gaitasunak azpimarratu ditu Eskisabelek: «Euskararen aldeko borroka hizkuntza aniztasunaren eta bestelako tasunen aldeko borroka da, baita homogeneizazioari, kolonizazioari eta kapitalismoari aurka egiteko tresna ere». Izan ere, hizkuntza komunikaziorako tresna baino gehiago dela dio, nortasun indibidualaren eta kolektiboen eraikitzailea ere badelako.

Konponbidea elkarrekin

Liburuak bigarren atala ere badu, lehen zatian menderakuntza horiek identifikatu ostean «askapen bideak» jasotzen dituena. «Gure ideia nagusia da euskarak eta feminismoak aliantzan joan behar dutela». Liburuaren azalean bertan ere presente dago ideia hori, «euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara» esaldiaren bidez. Iruditzen zaie feminismoak askatzeko bidean egin dituen pausoek lagundu dezaketela euskara eta euskaltzaletasuna askatzen ere. «Feminismoak lortu du emakumeen arazoa soilik zena justizia sozialaren eta demokraziaren arlora ekartzea», adierazi du Eskisabelek. Uste du euskara oraindik urrun dagoela, baina «interesgarria» litzatekeela demokrazian sakontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.