Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lau gaztetik bat aritu zen jokoan iaz

Gehienek nahiago dute presentzialki jokatu, baina sarean aritzen direnek maizago eta bakartuago egiten dute, Jokoaren Euskal Behatokiak plazaratutako ikerketa baten arabera

Zenbait lagun apustu etxe baten atarian, Azpeitian (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Gazteen erdiak baino gehiago ez dira inoiz apustuetan edo bestelako ausazko jokoren batean aritu, baina, aldiz, lautik batek jokatu du azken urtean, behin gutxienez. Handiagoa da bizitzan inoiz jokoan aritu direnen proportzioa: %47,5. Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia eta Gizarte Langintza Sailak egin du ikerketa, eta Eusko Jaurlaritzako Jokoaren Euskal Behatokiak ezagutarazi ditu emaitzak, Gaztea eta jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan izeneko dokumentuan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 18 eta 30 urte bitarteko 750 pertsona galdekatu zituzten, iazko irailetik urrira bitartean.

Jokatzen dutenen zenbatekoa emateaz gain, informazio kualitatiboagoa ere bildu dute; besteak beste, zein diren joko ohiturak, jokatzen dutenen profilak eta horretarako arrazoiak.

MODALITATEA

Aztertutako laginaren gainean lortutako emaitzek erakusten dute Internet bidezko jokoa areagotzen ari dela, baina oraindik ere gehienek nahiago dutela presentzialki jokatu, alde handiz. Hala egiten dute hamarretik zazpik, eta online hamarretik batek. Bi moduak tartekatzen dituzte erabiltzaileen ia %21ek. Ia %60k aitortu dute taldean edo beste norbaitekin batera jokatzen dutela. Internet bidez jokatzen dutenak bakartuago aritzen dira: hala aritzen duten erdiek aitortu dute bakarrik jokatzen dutela.

MAIZTASUNA

Modalitatearen araberako banaketak erakusten du maizago jokatzen dutela Internet bidez aritzen direnek. Presentzialki jokatzen dutenek, gutxi gorabehera, hilean behin jokatzen dute (%55,4k), eta pertsonen ehunekoa txikiagoa da maiztasuna handitu ahala. Internet bidezko jokoan, berriz, proportzioa antzekoa da hilean behin edo gutxiagotan (%29,8), hilean 2-4 egunez (%30,7) eta astean 2-3 egunez (%27,4) jokatzen dutenen artean.

DIRU KANTITATEA

Maiztasun handiena duenak izan ohi du gasturik handiena, eta hala berresten dute emandako datuek. Interneteko jokalariek hilean 64,66 euro gastatzen dituzte, eta presentzialki jokatzen dutenek, 45,67. Joko motaren arabera ere aldatzen da gastua. Sarean jokatzen dutenek kirol apustuetara (%57,9) jotzen dute gehien. Aurrez aurre aritzen direnak, berriz, loteria nazionalak erakartzen ditu gehien: %27,1.

ARRAZOIAK

Dirua irabazteko aukera da jokatzeko arrazoi nagusia. Hamar gaztetik seik hala arrazoitzen dute jokatu izana. Halaber, dibertimenduak, tradizioak eta ingurukoek jokatzeak ere eramaten ditu horretara, ikerketaren arabera. Sozializazioak ere garrantzia du; batez ere, aurrez aurre jokatzen dutenentzat. Azken horien artean, lautik batek aldagai hori erabili du argudio moduan. Online aritzen direnetatik %17k soilik dio sozializatzeko jokatzen duela. Izan ere, hala aritzen diren erdiek sarean jokatzen dute. Bizitzan inoiz jokoan aritutako gizonezkoak %60,3 dira; emakumezkoak, berriz, %15,2. Azken urtean, gizonezkoen %34,4k jokatu dute, eta emakumezkoen %15,2k.

SEXUA

Jokoa eta apustua ohitura maskulinizatuak direla erakusten dute argitara emandako datuek, bai jokatzeko ohiturei dagozkienek eta baita hautatutako joko motaren inguruko informazioa ematen dutenek ere. Bizitzan inoiz jokoan aritutako gizonezkoak %60,3 dira, esaterako; emakumezkoak, berriz, %15,2. Azken urtean, gizonezkoen %34,4k jokatu dute, eta emakumezkoen %15,2k. Gizonek intentsitate handiagoz jokatzen dute, gainera. Esaterako, aztertutako laginean ez dago astean lau egunez edo gehiagotan jokatzen duenik, eta, aldiz, gizonezkoen artean %3,4 dira horiek. Joko mota ere aldatzen da sexu batetik bestera. Emakumeek gehiago jokatzen dute loterian gizonek baino, adibidez.

IKASKETA MAILA

Ikasketen araberako banaketa ere egin du ikerketak. Azken urtean, gehiago jokatu dute bigarren mailako ikasketak edo batxilergoa amaituak dituztenek, ikasten ari direnek edo unibertsitate ikasketak dituztenek baino. Hala ere, maiztasun handienez jokatzen dutenak ikasten jarraitzen dutenak dira, eta, horien atzetik, ikasketa maila txikiena dutenak.

PATOLOGIAK

Jokoaren eraginez garatutako patologien eragina ere aztertu dute, eta ikusi dute Ā«ezaugarri soziodemografikoakĀ» eta adina aldaera garrantzitsuak direla aldagai horren araberako sailkapena egiterakoan. Adin tarteei erreparatuta, 23 eta 26 urte arteko gazteen artean dago patologiaren bat dutenen ehuneko handiena: %6,7. Ikasketa mailarekin erkatuz gero,berriz,ikus daiteke bigarren mailako ikasketak edo batxilergoa dituztenen artean patologiaren bat dutenen ehunekoa (%10,4) nabarmen handiagoa dela ikasten ari direnena (%3,3) baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.