Albistea entzun

«Hutsunea» utziko du hirian

Adra gobernuz kanpoko erakundearen Gasteizko egoitzak ateak itxiko ditu, finantzaketa faltagatik. Migrante asko «babesik gabe» geratuko direla salatu dute.
Elkartearen itxiera salatzeko manifestazioa egin zuten joan den ostegunean, Gasteizen.
Elkartearen itxiera salatzeko manifestazioa egin zuten joan den ostegunean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2022ko uztailak 5 - Gasteiz

Duela hogei urte ateak zabaldu zituenetik, 76 herrialdetako 9.000 migrantek baino gehiagok erabili dituzte haien zerbitzuak: gaztelaniazko eta euskarazko ikastaroak jaso dituzte, enplegua bilatzeko prestakuntza izan dute eta Espainiako nazionalitatea lortzeko tramite korapilatsuak egiteko tresnak eskuratu dituzte, besteak beste. Beste herrialde batzuetatik Gasteizera iritsi diren pertsona askorentzat «gizarteratzeko» ezinbesteko euskarria izan da Adra gobernuz kanpoko erakundea. Alabaina, hil amaieran ateak itxiko ditu behin betiko, erakunde publikoen finantzaketarik ezagatik.

FAMI asilo, migrazio eta integraziorako Europako funtsak izan dira Adra elkartearen diru iturri nagusiena luzaroan. Duela bi urte inguru Espainiako Gobernuak Europako funtsak kudeatzeari utzi eta ardura hori erkidegoen esku utzi zuenetik, baina, Europatik ez da sosik iritsi elkartera, bertako kideek salatu dutenez. «Inork ez daki non dagoen diru hori, baina ez da erkidegoetara heldu», azaldu du Yaiza Cuestak, elkartean lan egiten duen boluntario batek. Azken bi urteotan administrazioen babes ekonomikoa ez da aski izan, eta Adra estualdi ekonomiko larrian dago, «itota». Aurrera egin badu, baliabide propioei esker izan da. Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren diru laguntzak ere jaso ditu azken urteotan, baina «oso apalak» izan dira, eta iritsi da une bat non bideraezina egin den elkartearen ateak zabalik mantentzea.

Elkartea ixteko erabakia «kolpe handia» izan da bertako langile eta erabiltzaileentzat. Bereziki sumindu ditu hara laguntza eta arta jasotzera joaten diren dozenaka migrante. Joan den ostegunean, kalera atera ziren itxieraren aurka protesta egitera, manifestazioan. Salatu zuten administrazioen erabakiaren ondorioz «babesik eta alternatibarik gabe» geratuko direla, eta erakundeei eskatu zieten «konpromiso politikoa» hartzeko migranteen eskubideen alde.

Gobernuz kanpoko erakundearen itxierak «hutsune handi» bat utziko du hiriko migranteen artean. Hala uste du Meriem Manseur aljeriarrak. Bi alabarekin batera iritsi zen Gasteizera, 2010ean. Kontatu duenez, hasieratik gaztelania ikastea izan zen haren lehentasunetako bat, baina instituzio publikoetako zerbitzuetan «ate guztiak itxita» topatu zituen. «EPA zentroan [gaztelaniaz, Pertsona Helduen Hezkuntzarako zentroa] esan zidaten ikastaroetako plaza guztiak beteta zeudela, ez zegoela tokirik. Beste ate batzuk jo nituen, baina ezer ez. Adran, berriz, parez pare zabaldu zizkidaten ateak, hasiera-hasieratik».

Gaztelaniazko ikastaroak ez ezik, enplegurako trebakuntza ere jaso zuen Manseurrek elkartean. Adineko pertsonak zaintzeko bi ikastaro egin zituen, lan munduan sartzeko laguntza jaso zuen, eta Espainiako nazionalitatea lortzeko tramiteak nola egin ikasi. «Ezinbesteko lana egiten dute migranteak eta errefuxiatuak euskal gizartean integratu daitezen». Haren iritziz, «bidegabea» ez ezik, «baztertzailea» ere bada ixtea: «Bidegabekeria bat da ez soilik migranteontzat, baita bertan musu truk lan egiten dutenentzat ere, eginahal guztia egiten baitute guri bizimodua errazteko».

«Larrialdi egoeran daude»

Hain justu ere, euren herrialdeak atzean utzi eta Arabako hiriburura iristen diren pertsonen egunerokoa samurtzen saiatzen dira elkarteko boluntarioak. Adrako langilea izandakoa da Zuriñe Gonzalez, eta azken urteotan boluntario gisa jardun du bertan, euskarazko ikastaroak eta nazionalitatea prestatzeko klaseak ematen, besteak beste. Azaldu du elkartera jotzen duten migrante gehienak «larrialdi egoeran» daudela, eta ezinbestekoa dela herritar horiei lehen mailako zerbitzuak doan eskaintzea, baina sarritan administrazioetako zerbitzuetara iristeko zailtasunak izaten dituztela: «Ez dakite hizkuntza bat nola ikasi edo diru laguntzak nola tramitatu, eta ezta zerbitzu sozialetara nola iritsi ere. Arrakala handi bat dago».

Herrialde askotatik iritsitako pertsonak artatzen dituzte elkartean —batez ere Nigeriatik, Marokotik eta Aljeriatik iritsitakoak izaten dira—, eta gehientsuenak emakumeak. Haien premia nagusiena nazionalitatea eskuratzea izaten da, baina, Gonzalezek salatu duenez, tramite aski konplexuak dira, eta instituzioek ez diete inolako babesik ematen prozesu horretan. Kezka azaldu du hemendik aurrera laguntza hori beharko duten etorkinekin zer gertatuko den: «Nazionalitatea eskuratzea eskubide bat da, eta erabat baldintzatzen die enplegua izatea eta, beraz, diru sarrerak lortzea. Zer gertatuko da orain gizarte zerbitzuetatik at dauden pertsona horiekin? Nork artatuko ditu?».

Kezkarekin bat egin du Cuestak ere. Boluntario gisa aritu da elkartean, eta haien beharrak ongi ezagutzen ditu. Baita instituzioetatik laguntza jasotzeko dituzten trabak ere. Elkartera jotzen duten migranteen kopurua handia dela adierazi du, eta badaki itxieraren erabakiak «lur jota» utzi dituela. «Gure hirira iritsi berri diren asko etsita dabiltza orain: ez dakite nora jo, ez dute alternatibarik».

Gonzalezek erantsi du migrante asko geratzen direla gizarte zerbitzuetatik kanpo, hala eskuragarri ez direlako, nola baldintza «oso zurrunak» jartzen dizkietelako, eta beharrezkoa dela haien errealitatera «malgutasunez» moldatzea. Adra elkartearen itxieraren atzean «erabaki politiko jakinak» daudela uste du: «Administrazioak argi dauka zein herritar dauden bere lehentasunen artean eta zeintzuk ez. Gu ez gara izango ixtera kondenatutako elkarte bakarra, eta horrek kezkatzen gaitu gehien».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mauleko mainfestazioa, gaur. ©Guillaume Fauvea

Etxebizitza espekulazioaren aurka mobilizatu dira Maulen

Oihana Teyseyre Koskarat

Etxe agentzietan itzuli bat osatuz egin dute protesta, XEKK Xiberuko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak antolatuta.

Manifestazioa, gaur, Donostian. ©Itaia Donostia.

Ziztada bidezko erasoak salatu, eta indarkeria matxistaren aurka antolatzera deitu dute

Berria

Itaiak manifestazio bat egin du Donostian, 'Ziztadarik ez. Erasoen aurrean babesa antolatu' lelopean.

Indarkeria matxistaren kontrako informazioa, Baionako bestetan. ©P. BELTZAIZ

Talde bortxaketa egotzita, behin-behinean kartzelara

Oihana Teyseyre Koskarat

Baionako bestetan izandako bortxaketaren harira, bi gizon preso sartu dituzte auzia egin arte. Bi gizon zigortu dituzte sexu delituak leporatuta

Atzemandako kalamua. ©Ertzaintza.

700 kilo marihuana atzeman ditu Ertzaintzak Abantoko errepide batean botata

Berria

Kutxatan eta poltsatan gordeta zegoen kalamua, urbanizazio baten inguruko pista batean, bide ertzean botata. Merkatuan bi milioi euroko balioa lukeela zehaztu du Ertzaintzak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...