Bi kontrol egunean

Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, segurtasun indarrek 943 kontrol egin zituzten iaz Hego Euskal Herriko errepideetan. Lozak agindu du ez dutela urrituko polizia kopurua

Guardia Zibilak 2015eko azaroan ezarritako kontrol bat, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun

Espainiako Segurtasun Indarrek 943 kontrol egin zituzten iaz Hego Euskal Herriko errepideetan. Hori erantzun zion Espainiako Gobernuak joan den uztailean EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiari. Beraz, datu horien arabera, Espainiako Segurtasun Indarrek jarritako 2,5 kontrol leudekete egunean Hego Euskal Herriko errepideetan. Eta 943 kontrol horietatik 404 —ia erdia— Nafarroan jarri zituzten.

Hala ere, Madrilek berak bestelako datuak eman izan ditu Poliziak Euskal Herrian egindako kontrolen inguruan. Aurtengo martxoan, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak galdera bera egin zion Eusko Jaurlaritzari, eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak plazaratu zituen Espainiako Gobernuak helarazi zizkion datuak: 2017. urtean, Espainiako segurtasun indarrek 1.650 kontrol egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —ia denak Guardia Zibilak eginak—. Galdera berak bi erantzun ezberdin izan ditu, beraz, nahiz eta bi datuak Espainiako Gobernuarenak izan.

Azken urteetan, errepideetako kontrolen kopuruak behera egin du. 943 izan ziren iaz Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta 2016an, berriz, 2.410; ia 1.500 kontrol gutxiago egin zituzten, beraz, 2017. urtean. Espainiako Kongresuan aurreko urteetako datuez galdetu ondoren, PPren gobernuak ez zuen eman xehetasunik kontrolen kopuruari buruz. Hala ere, Mariano Rajoyren gobernuak Jaurlaritzari eman zion 2015ean eta 2014an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eginiko kontrolen berri: 2015ean, 1.910; eta 2014an, 3.214.

2017ko datuak eskuan, aldea dago hilabetetik hilabetera. Urtearen lehen hilabeteetan dezente gehiago egin zituzten, eta gutxituz joan ziren hilabetez hilabete. Urtarrilean 196 egin zituzten, urteko guztien %20 baino gehiago. Lehenengo hiruhilekoan, 484 kontrol jarri zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan; azken hiruhilekoan, berriz, 30. Esanguratsua da askoz kontrol gutxiago egin zituztela irailean eta urrian: hamar eta batere ez, hurrenez hurren; hots, urte osoan jarritakoen %1.

Loza eta EAJ, eztabaidan

Iazko datuak badira ere, azken egunetan eztabaida piztu da Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Hego Euskal Herrian duten presentziaren inguruan. Izan ere, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Jesus Lozak esan du ez duela gutxituko Espainiako segurtasun indarren agente kopurua. Azaldu du egiten duten lana «oso garrantzitsua» dela, eta eskatu du alde batera uzteko «irainak». Datorren irailean bilkura bat egiteko asmoa duela azaldu du, Ertzaintzak eta Espainiako Segurtasun Indarrek duten koordinazioa «hobetzeko». Gaineratu du «atentzioa eman» diola EAJk polizia kopurua gutxitzeko eskatzeak.

Lozak esandakoei erantzunez, EAJko Espainiako Senatuko bozeramaile Jokin Bildarratzek gogorarazi dio Euskal Autonomia Erkidegoa dela «pertsonako polizia gehien» dituen Europako Batasuneko «lurraldeetako bat», eta azpimarratu du kopuru horiek «birmoldatu» beharra dagoela. Bildarratzek adierazi du «gai korapilatsua» dela, eta «ezinbestekoa» dela gutxieneko adostasunak lortzea.

Bildarratzen ustez, kopuru horiek egokiak izan zitezkeen «ETA bazegoenean», baina azaldu du ezin duela polizia kopuru berak jarraitu «ETAren mehatxua desagertu denean». Loza ez dago ados polizia kopurua gutxitzeko proposamenarekin, eta agenteek egindako lana goraipatu du. Gogora ekarri du Espainiako Poliziak «nazioarteko terrorismoa» gelditzeko egindako lana, baita «mafia taldeak desegiteko» egindakoa ere; gaineratu du horiek «gertakari errealak» izan direla.

Polizia gehien, Nafarroan

Hain justu, Espainiako Gobernuak iazko urrian eman zuen Hego Euskal Herrian dagoen polizia eta militar kopuruaren berri, EH Bilduk Kongresuan eginiko galdera bati erantzunez. Datu horien arabera, 7.967 polizia eta militar daude Hegoaldean: Nafarroan 1.496 guardia zibil daude, Araban 485, Gipuzkoan 802 eta Bizkaian 1.082. Espainiako Poliziari dagokionez, berriz, Nafarroan 612 daude, Araban 266, Gipuzkoan 270 eta Bizkaian 581. Kopuru horiei gehitu behar zaizkie EAEn dauden gutxi gorabehera 8.000 ertzainak eta milatik gora foruzainak. Eurostat Europako Batzordearen Estatistika Bulegoaren arabera, Euskal Herria da biztanleko polizia gehien duen lurraldea.

Bildarratz ez da polizia kopuruari erreparatu eta hura moldatu beharra ikusten duen bakarra. Guardia Zibilaren Elkarte Independenteak ere interpretazio hori egin du: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jardunean dagoen agente kopurua gutxitzeko eskatu du. Zehazki, langile kopurua «birmoldatzea» proposatu dute. Azpimarratu dute eskakizun hori «ETArik gabeko garaia» delako egin dutela, eta gutun bat bidali diote Eusko Jaurlaritzari bilera bat egin eta gai horri buruzko informazioa «lehen eskutik» jaso nahi dutelako. Guardia Zibilaren ordezkari gisa, azaldu dute beren «betebeharra» dela «eraginkorra den edonolako egitasmotan parte hartzea», interes profesional, sozial edo ekonomikoei lotuta badaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.