Geroa Baik aldaketa sendotzea du xede foru hauteskundeetan

Koalizioak zerrenda aurkeztu du, eta Barkosen atzetik Hualde, Martinez, Solana eta Aierdi izango dira. Azaldu dute autogobernuaren aurkako erasoei aurre egiteko aukera direla

Geroa Baiko zerrenda osatzen dutenak, tartean Uxue Barkos, atzo, Iruñeko Baluarte jauregian. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Kanpaina bat amaitzear, eta dagoeneko hurrengoan jarria dute begirada Nafarroako alderdi nagusiek. Boz guztiak dira garrantzitsuak, baina, zalantzarik gabe, interes berezia izango dute foru hauteskundeek, hurrengo Nafarroako Gobernua izango baita jokoan. Ikusteko dago aldaketak beste legealdi bat errepikatzerik izango ote duen edo bestelako formulak ote dauden. Zerrenda aurkezten azkena Geroa Bai izan da, eta, hain zuzen ere, atzo Uxue Barkos zerrendaburuak nabarmendu zuen «aldaketa sendotzea» izango duela helburu EAJren eta Zabaltzen taldearen artean osatutako koalizioak: «Bide horretan, XXI. mendeko Nafarroako gizartea eraikitzeko zeregin horretan, ziur naiz Geroa Bairen erantzukizuna erabakigarria izango dela». Barkosen ustez, «uneotan» autogobernuari erasotzen ari dira, eta, defentsari begira, «funtsezkotzat» jodu Nafarroan bere erabakigunea duen indar bar bat indartzea. «Beti izan da garrantzitsua, eta orain are gehiago. Gaur egun, indar hori Geroa Bai da».

Barkosen arabera, legealdi honetan Geroa Baik «erantzukizun berezia» izan du gobernuan, eta, orain, egindako lana aztertuko dute herritarrek. Hitzordu garrantzitsu horri begira, egitarauaz gainera, taldea «indartu» nahi izan dute, eta hala, zerrendan aurpegi berriak ageri dira koalizioko ohiko izenekin batera. Seigarren postuan, Pablo Azkona Lodosako alkate eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentea doa. Aralarreko kide, aurreko legealdian LOIU udal taldearekin aurkeztu zen Lodosan. Zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren postuetan, beste bi aurpegi berri daude: Mikel Asiain Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari ohia, Javi Arakama Zabaltzen-eko kidea eta Blanca Regulez abokatua.

Gainerakoan, zerrendan Geroa Baiko izen gotortuak ageri dira: Unai Hualde EAJren Napar Buru Batzarreko presidentea bigarren, Koldo Martinez parlamentuko eledun eta Zabaltzen-eko kidea hirugarren, Maria Solana Hezkuntza kontseilaria laugarren eta Manu Aierdi lehendakariordea bosgarren. Martinez, hain zuzen,Kongresurako hautagaia da, eta Anika Lujan (zerrendan hamahirugarrena) Senaturako Aldaketaren hautagaien artean dago. Hautatuak izanez gero, ikusteko dago zer gertatuko litzatekeen, batez ere Martinezen kasuan.

Geroa Baiz gainera, beste indarrek ere osatua dute zerrenda. Navarra Sumaren kasuan, Javier Esparza izango da lehendakarigaia, eta Maria Jose Valdemoro politika ekonomikoko zuzendari nagusi ohia bigarrena. Zerrendan, Ciudadanosek hiru ordezkari izango ditu (Carlos Perez Nievas hirugarren, eta beste biak hamahirugarren eta hemeretzigarren), eta PPk bi (laugarren eta hamargarren tokian).

EH Bilduren zerrendaburu Bakartxo Ruiz izango da, eta Adolfo Araiz bigarren. Patri Perales Iruñeko hautetsia bosgarren joango da, eta Patxi Zamora, bederatzigarren.

Maria Txibitek egungo taldeko izenak aurpegi berriekin uztartu ditu PSNn. Ahal Dugu-n, izen berri ugari daude krisiaren ostean. Ezkerran, Marisa de Simonen ostean Txema Mauleon doa.

Presio handiak izan arren, Vox eskuin muturreko alderdia aurkeztu egingo da azkenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.