EAk ildoen arteko adostasunik gabe bukatu du ezohiko batzarra

Ebazpen bat onartu dute, aldeko 49 botorekin, primarioen prozesua irailaren 16a aurretik hasteko. Kritikoek «iruzurtzat» jo dute bozketa, eta berehala auzitara joko dutela diote

Afiliatuen datu basearen liskarra baretzeko, eta primarioen prozesua bideratzeko, ezohiko batzar nazionala egin zuen atzo EAk, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maider Galardi
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Idazkari nagusi berria hautatzeko primarioen prozesua bideratzeko ezohiko batzar nazionala ildoen arteko adostasunik gabe amaitu dute EAko kideek. Atzo Gasteizen egin zuten bilera, eta 81 kidek parte hartu zuten bertan. EAko zuzendaritzako iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, ebazpen bat onartu dute, idazkari nagusi berria hautatzeko primarioen prozesua bideratzeko. Ebazpenaren arabera, datorren irailaren 16aren aurretik abiatu beharko litzateke prozesua, eta alderdiko Berme Batzordeari eskatu diote irailaren 6aren aurretik aztertzeko eta argudiatzeko primarioen prozesuari buruz dagozkion ezadostasunak. Ildo kritikoak, ordea, ohar bidez gaitzetsi du batzarreko ebazpenak ez duela nahikoa babesik, eta salatu du prozesuak ez duela hautagai guztientzako berdintasunik bermatzen. Auzitegietara «berehala» joko dutela ere iragarri dute.

«Positibotzat» jo dute ildo ofizialekoek ebazpena, baina EAren Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako lurralde koordinatzaileek salatu dute «jarduneko idazkari nagusiak eta ingurukoek noraez irrazionalera» eraman dituztela estatutuak. Hortaz, atzo, Gasteizen ezohiko batzar nazionala egin arren, EA barneko bi ildoak adostasunetik urrun daude gaur-gaurkoz. Atzo onartutako ebazpenak aurrera egingo balu, irailaren 16aren aurretik abiatu beharko litzateke primarioen prozesua, eta, bi hilabeteko tartea lukete prozesua amaitzeko. Azarorako idazkari nagusi berria hautatu beharko lukete, alegia. Lortutako adostasunarekin kontent da EAko ildo ofiziala.

Denera, 81 ordezkari izan dira batzarrean; haiek dute —eta ez afiliatu guztiek— eskubidea bileran parte hartzeko. Ebazpena bozkatzerakoan, 49k egin dute alde, eta batek, berriz, aurka. Zuzendaritzako kideen arabera, gainontzekoek ez dute bozkatu. Kritikoek, ordea, ohartarazi dute bozketak ez duela nahikoa babesik izan ebazpena aurrera ateratzeko, eta «iruzurtzat» jo dute.

Joan den asteartean eman zuten prentsaurrekoa Miren Aranoa Nafarroako koordinatzaileak, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabakoak eta Mikel Goenaga Gipuzkoakoak aferaz. Primarioen faseari ekiteko alderdiko afiliatuen datu baserako sarbidea eskatu zuten berriro, baita kuota ordaintzetik salbuetsita dauden afiliatuen zerrenda gainbegiratzeko ere.

EAko barne krisiaren jatorria ez dago afiliatuen datu basearen aferan, baina, orain, hor dute gatazka. Halere, kritikoek, batzarraren ostean argitaratutako oharrean salatu dute egungo EAko jarduneko idazkari nagusia eta haren ingurukoak «benetako eztabaida desbideratzen» ari direla. Nafarroako, Arabako eta Gipuzkoako koordinatzaileen ustetan, «modu ilunean» ari dira, eta «ez dituzte joko arauak errespetatzen». Pello Urizar EAko idazkari nagusi ohiaren «tesiari jarraitzea» egozten diete: «EA EH Bildu barruan desagerraraztea, koalizio barneko EA indartsu bat sustatu beharrean».

Datuen sarbidearen afera

Iker Ruiz de Egino EAko bozeramaileak joan den ostegunean BERRIAri esan zion «bideratuta» dutela prozedura, eta kontu tekniko batzuk besterik ez direla falta. Kritikoek, ordea, esan zuten datuetara sarbidea itxita dagoela lurraldeetako koordinatzaileentzat, eta haiei ere badagokiela informazioa eskuragarri edukitzea. Lurraldeetako koordinatzaileek badute tokiko afiliatuen datuetarako sarbidea, baina, oraingoz, Euskal Herri osorako ez. Datu guztiak nahi dituzte, baita kontu korronteko gako batzuk ere.

Bizkaian kuota ordaintzeaz salbuetsita dauden afiliatuen zerrenda «puztuta» dagoela iradoki zuten agerraldian. Ruiz de Eginok, ordea, «ezjakintasuna» zutela, eta hori «kontrasterik gabe» esatea egotzi zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.