Nafarroa, «estatu soluzio bat»

Ciudadanosen eta PPren abstentzioa eskaini dio Riverak Sanchezi, Nafarroako gobernu ituna haustearen truke. PSOE eta Podemos ados jartzeko eskatu dute talde gehienek

Javier Esparza UPNko presidentea atzo batzartu zen Felipe VI.arekin, Espainiako estatuburua inbestidurari begira egiten ari den bilera sortaren barruan. S. M. / EFE.
jon olano
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Datorren astelehenean amaituko da hautagairen bat Espainiako Gobernuko presidente aukeratzeko epea, eta horretarako negoziazioek protagonismoa eman diete azken hilabeteetan PSOEri eta Unidas Podemosi. Presidenterik izendatu ezean, azaroaren 10ean Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin beharko dira berriro, eta lehia horretan iniziatiba berreskuratzen saiatzeko keinua egin du Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak, estatu auzi bat berriro ere mahai gainean jarrita: Nafarroa.

Riverak Nafarroaren karta atera du, eta jokaldi bat proposatu: PP eta Ciudadanos abstenitzea Pedro Sanchez PSOEren presidentegaiaren inbestidura saioan, hark zenbait baldintza betetzen baditu: Nafarroako Gobernua haustea, Katalunian Espainiako Konstituzioko 155. artikulua ezartzeari buruzko mahai bat osatzea, preso dauden buruzagi independentista katalanei indultua ez emateko konpromisoa hartzea eta, azkenik, alor ekonomikoan zergak ez igotzea.

«C's prest dago inbestidura desblokeatzeko Sanchezek gobernu konstituzionalista bat onartzen badu Nafarroan», laburbildu zuen Riverak. Horrela, «estatu soluzio bat» eman nahi dio egoerari, Nafarroan PSNk eta Navarra Sumak koalizio «serio eta adostu» bat osatuta. Ciudadanoseko burua atzo arratsaldean batzartu zen Pablo Casado PPko presidentearekin, baina hark erantzun zuen Sanchezek onartu behar duela Ciudadanosen proposamena.

Gauzatuz gero, Navarra Suma litzateke mugimenduaren onuradun nagusietakoa. Hortaz, Javier Esparza UPNko presidenteak begi onez ikusi zuen PPren eta Ciudadanosen balizko abstentzioa, baina uste du Sanchezek EH Bildu «hautatu» duela «bazkide» gisa: «Sanchezek atea itxi zion Navarra Sumari, UPNri eta, larriena dena, PSOEk Nafarroa EH Bilduri eman zion, gobernua [Arnaldo] Otegi jaunaren esku utzita».

Sanchezek berehala erantzun zion Riverari, esanez ez dagoela «benetako trabarik» PP eta Ciudadanos abstenitzeko. Izan ere, nabarmendu zuen PSOEk ez duela EH Bildurekin hitzarmenik egin Nafarroan PSNren gobernua ahalbidetzeko, eta erantsi zuen Maria Txibiteren gobernuak «babestu eta bermatu» egiten dituela «Espainiako Konstituzioa eta foraltasuna aitortzen duen xedapen gehigarria».

Gaurkoak ordu erabakigarriak izan daitezke balizko inbestidurari begira; Felipe VI.a Espainiako erregeak atzo hasi zuen bilera sorta alderdiekin, aztertzeko hautagairik aurkeztuko ote den inbestiduran nahikoa babes lortzeko moduan. Bilerak talde txikienetik handienera eginda, estatuburua gaur batzartuko da Junts per Catalunya, En Comu Podem, Vox, Podemos, Ciudadanos, PP eta PSOErekin. Horiekin amaitzean batzartuko da Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidentearekin, eta hari jakinaraziko dio hautagairik proposatuko duen inbestidura saio baterako. Hala egin ezean, ziurtzat jo litezke azaroaren 10eko bozak.

Indar nafarrak, aurka

Nolanahi ere, Nafarroako alderdi gehienek eta Txibite lehendakariak Riveraren formula txarretsi dute. «Nafarroa Pedro Sanchezen aurka egiteko erabiltzen du Riverak, Espainian gobernurik egon ez dadin», adierazi du Txibitek: «Riverak eskatu du Nafarroako Gobernuak akordioa apurtzea EH Bildurekin, baina guk ez dugu inolako hitzarmenik». Ramon Alzorriz PSNko parlamentariak ildo beretik jo du, eta «konfiantza osoa» azaldu du PSOEko zuzendaritzarekiko.

Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentariak, berriz, azpimarratu du hauteskundeak berriro egiteak ez duela konponduko «gehiengo progresistadun akordio bat lortzeko talde politiko ezberdinek elkar topatzeko duten beharra», eta «akats izugarritzat» jo du PSOEren eta Unidas Podemosen arteko «akordio falta». Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariaren arabera, berriro hauteskundeetara deitzea «estatuko gobernuan balizko inboluzio bat gertatzeko atarian» egotea litzateke: «Beraz, balorazio oso negatiboa egiten dugu».

Mikel Buil Ahal Dugu-ren bozeramaileak, ordea, bere alderdiaren posizioa babestu du: «Podemosek ezin du gehiago eskaini, ezin dugu gure apustua gehiago jaitsi». Erantsi du «PSOEren esku» dagoela «gobernatu nahi duen edo ez». Marisa de Simon Ezkerrako bozeramaileak azaldu du ez dela PSOEz «fio», eta bere jokabidea zuzentzeko eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.