Koronabirusa

Espainiako Gobernuak azken aukeratzat dauka eskolak ixtea

Jaurlaritzak ez du onartu dokumentua, eta Uriartek gaur egingo du agerraldia. Guztira, 29 neurri eta bost aholku biltzen ditu. Kasuak daudenerako protokoloak osatu dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroa eta Salvador Illa Osasun ministroa atzo batzartu ziren autonomia erkidegoetako Hezkuntza sailburuekin, eta eskolako itzulera zehazteko neurriak izan zituzten oinarri. Jakinarazi zutenez, garrantzitsua da prebentzio eta higiene neurriak ezartzea ikastetxeetan, baita COVID-19aren kasu bat agertuz gero zer egin daitekeen zehazten duten protokoloak ezartzea ere. Are, eskolak ixteko aukera ere oinarri izan zuten, baina adierazi zuten ikastetxeak ixtea ez dela «oso eraginkorra» birusaren transmisioa kontrolatzeko, eta, beraz, soilik «salbuespenezko kasuetan» egingo dela, baina ez zuten zehaztu zeintzuk diren egoera horiek. Hala ere, azken aukeratzat daukate.

Dokumentuak, orotara, 29 neurri eta bost aholku biltzen ditu, eta autonomia erkidego guztiek onartu zuten, Eusko Jaurlaritzak izan ezik. Nafarroako Gobernuak ere onartu zuen, nahiz eta joan den astean eman zuen eskolako itzuleraren berri. Illaren ustez, ordea, Jaurlaritzak bat egiten du jasota dauden puntuekin. Hain zuzen, ekainean ere antzera gertatu zen. Zelaak hamalau puntu biltzen dituen akordio bat lortu zuen autonomia erkidegoekin, baina orduko hartan ere Jaurlaritzak ez zuen onartu, bere eskumena zela iritzita. Azkenean, ekainaren amaieran aurkeztu zuen lehen proposamen bat. Hala ere, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gaur emango du neurri gehiagoren berri.

Espainiak eskolak ez ixtea jarri du helburu, eta horretarako hainbat neurri hartu dituzte. Horietako asko aurrez aipaturikoak dira. Esate baterako, 6 urtetik gorako haurrek eta gazteek maskara erabili beharko dute eskolan, eta, gutxienez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailara arte aurrez aurrekoak izango dira eskolak. Gainera, ikasleek, irakasleek eta ikastetxeetako gainontzeko langileek tenperatura hartu beharko dute egunero eskolara sartu baino lehen, eta norbaitek birusaren sintomak baldin baditu, ezingo da ikastetxera joan. Garbitasunari dagokionez, berriz, gutxienez, bost aldiz garbitu beharko dira eskuak, eta gehien erabiltzen diren guneetan ere areagotu egingo da garbitasuna; are gehiago, guneak ordu laurdenez aireztatu beharko dira. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, ordea, «bizikidetza talde egonkorretan» batuko dira ikasleak eta irakasleak, eta gehienez hamabost pertsonakoak izatea gomendatzen da. Helburua da haurrak elkarrekin erlazionatzea eta jolasean aritzea. Talde horietan ez da distantzia zaindu beharko.

Neurriak hartuta ere, kasuak agertzea posible da. Horretarako jarraitu beharreko protokoloa ere aurkeztu zuten. Pertsona batek birusaren sintomak baldin baditu, maskara kirurgikoa jantzi beharko du, eta banakako leku batera eraman beharko dute. Laguntzaileak ere babesgarri guztiak izan beharko ditu soinean. Leku hori aireztatuta egon beharko da, eta, behin erabili ostean, desinfektatu egin behar da. Kutsatuta egon daitekeena adin txikikoa bada, laguntzailea tutore legalekin harremanetan jarriko da, hura jasotzeko. Proba egin eta emaitzak jaso bitartean, berriz, berrogeialdian egon beharko du. Hala ere, emaitzak jaso bitartean, eskolaren jardunak aurrera jarraituko du. Kasua positiboa bada, ordea, kutsatuaren gertuko kontaktuak ikertu beharko dira, eta, gutxienez, berrogeialdia egin beharko dute. Jakinarazi dutenez, eskola batean agerraldi bat egon dela esateko hiru kasu baino gehiago beharko dira.

Agerraldiak, hiru taldetan

Eskola batean agerraldi bat egon dela atzemanez gero, zer motatakoa den ikertu beharko dute osasun arduradunek. Horretarako, hiru jokaleku posible identifikatu dituzte. Batetik, adierazi dute kontrolpean dagoen agerraldi bat izan daitekeela, transmisio katea identifikatuta duena, hala nola talde bereko ikasleen artean daudelako kutsatuak. Bestetik, posible da agerraldiak konplexuagoak izatea, eta jatorria horren garbia ez izatea, transmisio kateak ez daudelako horren lotuta; esate baterako, talde batean baino gehiagotan egon daitezkeen positibo kasuak. Azkenik, kontrolatu gabeko transmisio komunitarioa legoke, ikastetxe berean kasu positibo ugari izango balira. Halako kasuetan, autonomia erkidegoetako osasun publikoko arduradunek egoeraren ebaluazio bat egin beharko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.