Diplomaziaren plazara nola jalgi

Euskal Herria nola munduratu den eta zeregin horretan nola ari den aztertu dute EHUren udako ikastaroetan. Nabarmendu dute diplomazia lana ez dagokiela soilik estatu nazioei

Irene Larraza Etxepare institutuko zuzendaria, atzo, udako ikastaroan. GORKA RUBIO / FOKU.
jon olano
Donostia
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Nola zabaltzen da Euskal Herria mundura? Zein rol jokatzen du kulturak zabalkunde horretan? Diplomazia publikoa eta kultur diplomazia. Euskal diplomazia publikoa izeneko ikastaroa egin zuten asteazkenetik atzo arte Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan, eta, besteak beste, hizpide izan zuten estaturik gabeko nazioek nola baliatu dezaketen kultura nazioartearekin harremanak izateko.

Atzo goizeko saioan aritu ziren, besteak beste, Joseba Zulaika Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko irakaslea, John Bieter Boiseko Unibertsitateko irakaslea eta Irene Larraza Etxepare euskal institutuko zuzendaria. Neurri batean, Zulaikak jarri zuen markoa, bi kontzeptu klasiko berreskuratuta: botere gogorra eta leuna. Oro har, gaitasun militarra da botere gogorra. «Badakigu zer den botere leuna Ameriketako Estatu Batuentzat: Hollywood, hedabideak, unibertsitateak. Estaturik gabeko herrialde batentzat, Euskal Herria kasurako, diplomazia bakarra botere leuna da», Zulaikak azaldu zuenez.

Hori horrela, ardatzetako bat da Euskal Herriak zein irudi ematen zuen eta duen nazioartean, eta, testuinguru horretan, Zulaikak Renoko Euskal Ikasketen Zentroan bizi izandakoa azaldu zuen: «Ematen genituen ikastaroak baserriaz, pilotaz... Baina Euskal Herriari buruzko albisteak, bereziki 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, ETAri buruzkoak ziren». Horrek «behartu» zituen akademikoki «diskurtsoa aztertzera, nola [indarkeriak] euskalduntasunari buruzko guztia kutsatu zuen». Zulaikaren hitzetan, «nazio estatuek diplomaziaren ideia bahitu nahi dute, diplomazia soilik botere gogorra duten horiei dagokielakoan».

Bi kasuri erreferentzia egin zien: ETAri eta Bilboko Guggenheim museoari. Esaterako, ETAk 1970eko hamarkadan Burgosko auziaren testuinguruan nazioartean sortzen zuen elkartasuna «kultur diplomazia» ariketatzat du Zulaikak, baina, denborarekin, aldatuz joan zen hori: «2004ko Madrilgo atentatuetan, hedabide amerikar askok dei egiten zuten Euskal Ikasketen Zentrora, atentatua ETArekin lotzen zutelako». ETAk 2011ko urriaren 20an iragarri zuen jarduera armatua behin betiko alboratzeko erabakia, eta, Zulaikaren hitzetan, Espainiako Gobernuak «terrorismoaren diskurtsoa galdu» zuen orduan.

«Diplomaziaren zerbitzura»

Guggenheim museoak Euskal Herriaren kanpo proiekzioan eragindakoa ere nabarmendu zuen Zulaikak, besteak beste, gogora ekarrita Frank Gehry museoaren eraikinaren diseinatzaile eta mundu mailan ezaguna den arkitektoak euskal herritarrez eginiko goraipamenak. Guggenheim «diplomazia kulturalaren eta, are, burujabetza kulturalaren ekintza gorena izan zen, Madrilekiko independentea eta Europako Batasunaren testuinguruan», Zulaikaren esanetan.

Atzerrira begirako lan horretan dihardu Etxepare institutuak, eta Larrazak nabarmendu zuen institutua «euskal diplomazia publikoaren zerbitzura» dagoen erakunde bat dela. Haren iritziz, «kultur diplomazia ez dagokie nazio estatuei soilik, horiek ez direnez gero nazioarteko aktore bakarrak». Eta, zeregin horretan, Etxepareren zenbakiak ekarri zituen gogora: besteak beste, nazioarteko 36 unibertsitatetan dauzkate euskarari eta euskal kulturari buruzko irakurletzak, euskal ikasketei buruzko bederatzi katedra eta Euskara Munduan programa 80 zentrotan baino gehiagotan ezarria daukate.

Euskararen nazioartekotzeaz arituta, Larrazak adierazi zuen euskara «egunero demostratzen» ari dela «bere heldutasuna, akademian, zientzian, administrazio zerbitzuetan, kultur sorkuntzan». Era berean, beharrezko jo zuen hizkuntza gutxituetako eragileak beste lurralde batzuetako eragileekin elkarlanean aritzea, eta arlo horretan aipatu zuen Etxepare EUNIC Europako Batasuneko Kulturarako Instituzio Nazionalen parte dela.

Diasporaren olatuak

Kultur diplomazia horretan diasporak jokatzen duen rola hizpide izan zuen John Bieter Boiseko Unibertsitateko irakasleak. Euskal migrazio prozesuak aztertutakoa da Bieter, eta xehe azaldu zituen euskal herritarren migrazio aldiak, XIII. mendetik gaurdaino. Baleazaleek, karlistadek eta foruen galerak, 1936ko gerrak... migrazio olatuak sortu zituen, eta horrek diasporak eratu, pluralean, migrazioak «katean» gertatzen direla argudiatuta. Bieterrek gogora ekarri zuen Eusko Jaurlaritzak 1984an zabaldu zuela kanpo ekintzarako bulegoa, eta, haren ustez, horrek «mendeetako dinamika bat» aldatu zuen: «Profesionalizazioa heldu zen harremanetara». Izan ere, azaldu zuen diasporaren barne dinamika «mendeetan zehar boluntarioa» izan zela.

«Gauzak aldatzen ari dira, eta aldatzen ari dira egungo belaunaldien arteko loturengatik», gaineratu zuen Bieterrek, Etxepare institutua, Boiseko Unibertsitatea, Nevadako Euskal Ikasketen Zentroa, SPRI, Mondragon Korporazioa eta Korrikaren irudiak erakusten zituen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.