Albistea entzun

NBEk euskal galdeketa ikuskatu zuenekoa

Hogei urte dira Zuzen ekintza taldeak lehen ekintza egin zuenetik; Guardia Zibilari sinetsarazi zioten autodeterminazio erreferendum bat zaintzen ari zirela. «Aldarrian» ez geratzea zen kideen nahia

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko irailak 1 - Errenteria

Autodeterminazio erreferendumaren eguna da Euskal Herrian. Nazio Batuen Erakundeak aldarrikaturiko erresoluzioaren arabera, Euskal Herria armarik gabeko eremua da, eta NBEk berak tropak bidali ditu Euskal Herrira, erreferenduma zaintzeko. Kontrola jarri dute Tuterako ordainlekuan (Nafarroa), eta auto gidariei azaltzen ari zaizkie galdeketaren xehetasunak, ur botila bat eskaini eta ordainlekuan bertan prestatutako festara batzeko gonbidapena eginez. Iritsi da Guardia Zibila, gertatzen ari zenaren berririk ez zuela eta; kapitainak ikusi ditu txapel urdinezko soldaduak, eta agur militarra egin dio haien buruzagiari, esku luzatua kopetaren parean jarrita. Irailaren 1a da, 2001ekoa.

>Hain zuzen, gaur dira hogei urte egun horretatik, eta, Guardia Zibilaren kapitainak hasieran hala sinetsi bazuen ere, soldaduak ez ziren NBEk bidalitakoak, eta egun hartan ez zen erreferendumik egin; Zuzen ekintza taldeko kideak ziren, eta hura izan zen taldearen lehen ekintza.

>

>Guardia Zibileko kapitaina, militarrez mozorrotutako ekintzaileei agur militarra egiten. JOXE LACALLE

>Nekane Dominguez eta Gorka Lizeaga izan ziren protesta eta talde hartan aritutako bi. Lizeagak horrela gogoratzen du gertatutakoa: «2011. urtean geundela irudikatzen genuen. NBEko soldadu batzuk zeuden erreferenduma babesteko. Euskal Herria gune desmilitarizatua zen, baina posible zen indar armatuak joatea. Horregatik etorri ziren NBEkoak; babes gisa. Orri bat zuten, Kefir Annan NBEko idazkari nagusiak sinatua, zigilu eta guzti. Militarrek ikusi zutenean indar armatu bat —Guardia Zibila— hara zihoala, geldiarazi egin zituzten». Agur militarra egin ondoren jabetu zen kapitaina gertatzen ari zenaz. Kuartelera deitu, eta ordu erdira zeuden Guardia Zibilaren dozena bat ibilgailu.

>Zuzenen lehen ekintza publikoa izan arren, taldeak bazituen aurrekari batzuk; esaterako, euskal presoen aldeko dinamikan dozena bat ekintza egindakoa zen Presoekin Elkartasun Taldea, Lizeagak gogora dakarrenez: «Asmoa zen ez izatea aldarrikapen hutsa; ekintza zuzena, desobedientzia erabiltzea baizik. Adibidez, presoen arloan, horien bila joatea».

>

>Olentzero aurrekari

>Testuinguru horretan egin zituzten protesta irudimentsu batzuk: adibidez, Algecirasko espetxean (Espainia). Hura zen euskal presoak zeuden kartzelarik urrutiena; Olentzero joan zen haien bila, presoak Euskal Herriratzera: «Horrekin aldarrikatu nahi zen presoek Euskal Herrian egon behar zutela, baina, beste batetik, ez genuela zain geratu behar estatuek zer egingo; gu herri gisa presoen bila joaten baginen, ekarriko genituela. Sinesten genuen posible zela».

>Ziklo horren azken ekintza izan zen Olentzero eta Bizarzuri Villepinteko kartzelako hormetara igotzea, 2000ko Gabonetan —bi urte geroago, La Santeko presondegi barrura sartzea lortu zuten, orduan ere Olentzeroz eta Bizarzuriz jantzita—. Ekintza talde bat izateari utzi eta mugimendu desobediente bihurtu nahi izan zuten, eta hausnarketa prozesu bat gauzatu zuten 2000ko gabonetatik aurrera. Hilabetetako prozesu horren emaitza izan zen Zuzen ekintza taldea, Presoekin Elkartasun Taldetik sortua; 2001eko uztailaren 18an eman zuten taldea ezagutzera, indarkeriarik ez aktiboaren aldeko hautua eginda.

>Aldarrikapenen ikuspegia ere zabaldu zuten; presoen arloan soilik aritzen ziren lehen, eta presoen eskubideen, euskararen eta autodeterminazioaren alde ere hasi ziren. «Ikusi genuen eskubideen aldeko esparruan sartzen zirela autodeterminazioa eta euskara». Garai hartan, kontaktuan zeuden demoen mugimenduarekin, eta haiek ere lantzen zituzten esparru horiek. «Influentzia handia izan ziren hiru lan ildo horiek jorratzeko», Lizeagak gogoan duenez, eta elkarren ekintzetan hartzen zuten parte. «Ikusi genuen demoena adibide on bat zela beste gai batzuetan sartzeko».

>«Lubakien» artean

>Dominguezek gogoan ditu garai hartako helburuak eta filosofia: «Gure ametsa zen Euskal Herrian zabaltzea, eta taldeak sortzea, autonomiaz». Eta, zabalkunde horretarako, desobedientzia zibila zen gakoa: «Kartzelak ez betetzea zen asmoa. Desobedientzia zibila nahiko zaharra da, eta, ildo horretatik, pentsatu genuen ekintza deigarriak egitea, positiboak. Jendea erakartzea zen helburua». Bat dator Lizeaga: «Esaten genuen irribarre batekin askoz errazago sartzen diozula zure mezua alde ez dagoen bati, ekintza bortitz batekin baino. Garai horietan dena ziren lubakiak; gurea ez zen lubaki bat, ez zihoan inoren kontra».

>

>Zuzen ekintza taldeko kideak, tartean Olentzero eta Bizar Zuri daudela, Poissyko kartzelako hormetako batera igota, 2003ko abenduaren 20an. ELI GOROSTEGI

>Hori horrela, haien hipotesia zen gizartea ez zela «punta batetik bestera» aldatu behar: «Lortu behar genuen bakoitzak, zegoen tokitik, urrats bat egitea: oso kontra zeudenak kontra egotea, kontra zeudenek onartzea, neutro zeudenak alde jartzea...». Horretarako, ekintza zuzen ez-bortitza hartzen zuten gakotzat. «Euskal Herrian desobedientzia zibilaren tradizio luzea zegoen; Itoizko solidarioetatik, beraien egiteko modua; demoetatik, haien filosofia. Azkenean, guk ez genuen ezer asmatu», erantsi du Lizeagak.

>Taldeak bere bidea egin zuen, hiru aldarrikapenen inguruko mobilizazioak uztartuz; ekintza bakoitza garaiz prestatuz, bai komunikatiboki, bai aholku juridikoekin. «Aurrez joaten ginen lekura, ikustera nola zeuden gauzak, nola egin, nola jarri...». Baina batzuek seme-alabak izan zituzten, gazteagoen artean ez zegoen erreleborik, eta taldekideak aurrekari penalak pilatzen hasi ziren. 2005 arte egon ziren jardunean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Ez genuen espero, identifikazio saioa egitea beti ukatu baitigute»

Xabier Martin

Merinok ez zuen espero, 40 urte pasatuta, segadan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko saio batera deituko zutenik. Fisikoki aldatu arren, Merino ziur dago aurpegiez: «Haien eskuetatik pasatu garenok badakigu».

Gregorio Eskuderoren aldeko manifestazioa, gaur, Orion. ©Gorka Rubio / FOKU

Gregorio Eskudero 70 urteko presoa Euskal Herriratzeko eskatu dute Orion

Berria

Eskuderori hirugarren gradua ezartzeko ere eskatu du Sarek. Orain, Dueñaseko (Espainia) kartzelan dago preso, lehen graduan.

Plaza Hutsan 350 lagun baino gehiago elkartu dira. ©SORTU

«Herrigintza aro berri bat pizteko oinarria» jarri du Sortuk Burlatan

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Plaza Hutsa bete dute 350 lagunek baino gehiagok, herrigintzaren eta estrategia independentistaren arteko lotura sakontzeko helburuarekin.

Urkulluk ukatu egin du epaiek hizkuntz politikan eragin izana

Urkulluk ukatu egin du epaiek hizkuntz politikan eragin izana

Iosu Alberdi

Euskararen kontrako «erasoei» aurre egiteko, hizkuntzaren inguruko herri akordio bat proposatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.