Albistea entzun

Katearen beste katebegi bat

Udal Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrera eramateko erabakiak kezka eta haserrea eragin ditu euskalgintzan: «euskararen kontrako erasotzat» dute.
Euskararen aldeko agerraldi bat, Iruñean.
Euskararen aldeko agerraldi bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2021eko irailak 15

Udal Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera bidaltzeko erabakiak ez ditu euskalgintzako eragileak ezustean hartu; Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaoren esanetan, «aurreikustekoa» zen EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki hori hartuko zuela, uztailean egindako adierazpenek hori iradokitzen zutelako. Baina horrek ez dio larritasunik kentzen gertatutakoari: «Orduan ohartarazi genuen euskaldunon eskubideak murrizteko joera atzerakoi hori berriz ere agerian geratzen zela», esan du. Kontseiluaren ustez, «kate horren beste katebegi bat» da oraingoa.

Administrazioarekiko Auzien Salak hartu du erabakia, «Irungo hizkuntz eskakizunen afera kudeatu zuen areto berak», Bilbaok gogorarazi duenez. «Badakigu sala horretan nolako joerak eta jarrerak dauden hizkuntza gutxituen aferan. Beraz, erabakiak ez gaitu harritu».

Auziaren ingurukoak «harrigarriak» begitantzen zaizkio Iñigo Urrutia legelari eta EHUko irakasleari: «Adibidez, Voxen legitimazioa onartu izana. Alderdi horrek ez du zinegotzi bakar bat ere Euskal Herriko udalerrietan». Izan ere, Voxek jarritako helegite batek ekarri du auzi guztia. EAEko Auzitegi Nagusiaren salak bere erabakia arrazoitzeko plazaratutako idazkia ere deigarria iruditzen zaio Urrutiari: «Errezeloz betetako ikuspegi bat islatzen du. Lege batek jaso ditu euskararen aldeko sustapen neurri batzuk, eta epaileei dagokie lege hori interpretatzea, baina legea bete behar dute. Hemen, berriz, badirudi ez daudela legearekin konforme, eta horren aurka egin nahi dutela».

Urrutiak dioenez, idazkiak erabilitako esapide batzuek «zama ideologiko handia» erakusten dute: «Pasarte batean esaten da euskarari neurriz kanpoko supremazia eman nahi diotela. Nik ez dakit epailea nor den Eusko Legebiltzarraren egitasmo bat horrela baloratzeko. Autoa gehiegikeriaz beteta dago».

Urrutiaren esanetan, autoak ez du aintzat hartzen Tokiko Erakundeen Antolamendu eta Funtzionamendurako Araudia, ezta Auzitegi Konstituzionalak Euskararen Legearen inguruan plazaratutako 82/1986 ebazpena ere. «Azken horretan euskaraz funtzionatzeko hautua babesten da Udal Legearen artikuluan jasotzen diren termino ia-ia berdinetan», azaldu du.

Hizkuntzen «berdintasuna»

Idazkian hainbat aldiz aipatzen da gaztelaniak eta euskarak «orekan» bizi behar dutela eta bi hizkuntzen arteko «berdintasuna» bermatu behar dela: EAEko Auzitegi Nagusiaren salaren aburuz, «berdintasun» hori apurtuko litzateke euskaraz funtzionatuz gero. «Nik neuk pozik sinatuko nuke epaileek ebatziko balute legez hizkuntzen arteko berdintasuna egon behar duela», esan du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Iraitz Lazkanok. «Baina hau euskaraz funtzionatzearen kontrako erasoa da; ez zaie axola hizkuntzen berdintasuna, euskararen biziberritzea, tokian tokiko egoera soziolinguistikoa eta abar, erdararen nagusitasunari eustea baizik».

Bilbaok ere hori nabarmendu du, eta berdintasunaren inguruko arrazoibide horretan «kontraesanak» daudela uste du: «Etengabe esaten da bi hizkuntza ofizialek balio bera dutela eta ezin dela bata bestearen gainean egon, baina handik gutxira gogorarazten digute Konstituzioaren arabera gaztelania dela derrigorrez ezagutu beharreko hizkuntza bakarra. Orduan, non gelditzen da bi hizkuntzen arteko ustezko berdintasun hori?».

Aferak soka luzea du. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari izan zen garaian, 2012tik 2016ra, sistematikoki jo zuen auzitara aktak euskaraz bidaltzen zizkioten udalerrien aurka. Berastegi (Gipuzkoa) izan zen udal horietako bat; Amaia Azkue Eizagirre 2015etik da hango alkate, eta aurretik ere zinegotzia izan zen, Urkijok udala salatu zuenean: «Guk euskaraz funtzionatzen genuen, eta dena bi hizkuntzatan idatzi behar izatea ez zetorren bat gure errealitatearekin. Herritar gehien-gehienek ez dute horrelakorik behar».

Kasu horretan, epaia udalerri euskaldunen aldekoa izan zen: «Orain segitzen dugu euskaraz funtzionatzen, eta herritarren batek erdaraz eskatuz gero, eskaera betetzen dugu. Orain berriro gaia azaleratzeak erakusten du auzi politikoa dela: herri gisa onartzen ez gaituztenek zapalkuntza horretan jarraitu nahi dute».

Zaila da etorkizunak zer ekarriko duen igartzea. Bilbaok argi dauka «modu bateratuan» erantzun behar dela, «euskalgintza, erakundeak eta eragileak batera, eta gure desadostasuna irmoki agertuz». Urrutiak uste du Konstituzionalaren osaketak ez duela itxaropenerako zirrikitu askorik uzten, baina Lazkano baikorra da: «Epaia edozein izanda ere, euskaraz funtzionatu nahi dugun udalerriok bilatuko ditugu bideak horretarako».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Hamar urteko eginahala

Hamar urteko eginahala

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

10. urteurrena ospatuko du Mintzalasaik, BABeko euskararen aldeko asteak. Gaurtik hilaren 26ra iraganen da aurtengoa. Euskarazko eskaintza zabaltzea du betiko xedea.

Baheketa bat, artxiboko irudian. ©Jagoba Manterola / FOKU

Beste 132 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta positibotasun baxuak jarraitzen du

Edu Lartzanguren

Bakarrik 12 gaixo gehiago hartu dituzte erietxeetan, eta ZIUetan ingresaturiko pertsonen kopuruak ere jaisten jarraitzen du.

Haurrak Gasteizko ikastetxe batean, artxiboko irudian. ©JUANAN RUIZ / FOKU

«Publiko-itunpeko dikotomia» gainditzea proposatu du EH Bilduk

Irati Urdalleta Lete

Hezkuntzaren alorrerako egindako proposamena onartu dute koalizioaren Konferentzia Politikoan. Besteak beste, ikasleen onarpen «irekia, justua eta gardena» egiteko sistema bat diseinatu du

 ©BERRIA

ESKOLATIK EUSKARAN MURGILTZEN

Ion Orzaiz

Euskal Herrian, euskarazko murgiltze ereduan ikasten dute ikasleen erdiek baino gehiagok, eta goranzko joera erakusten dute matrikulazio datuek. Hala ere, aldeak daude herrialde batetik bestera: Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, gutxiengo batek jotzen du euskarazko hezkuntzara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna