Albistea entzun

Kontuen gaineko akordio bat itxi dute Jaurlaritzak eta EH Bilduk

Koalizioa abstenitu egingo da abenduaren 23ko bozketan. Adostutako zuzenketek 253 milioi euroko balioa dute. Alokairuen prezioak kontrolatzeko sistema bat eratuko dute
Pedro Azpiazu eta Maddalen Iriarte, azaroan, bi aldeen arteko lehen bileran.
Pedro Azpiazu eta Maddalen Iriarte, azaroan, bi aldeen arteko lehen bileran. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2021eko abenduak 2

Lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk akordio bat sinatu dute aurrekontuen inguruan, eta koalizioa abstenitu egingo da horiek onartzeko egingo den bozketan, abenduaren 23an. Bi aldeek jakinarazi dutenez, aurrekontuetan 253 milioi euroko balioa duten hainbat zuzenketa egingo dituzte. Era berean, Jaurlaritzak esan duenez, bere egin ditu koalizio subiranistak aurkeztutako sei neurri politikoetatik hiru.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Maddalen Iriarte EH Bilduko eledunak gidatutako lantaldeek azken asteotan eginiko lanaren emaitza da akordioa, eta, bi aldeek argitaratutako oharraren arabera, «herritarren benetako beharrei» erantzuteko balioko du. «Hainbat esparrutan akordio zabalak behar diren honetan, [bi aldeek] lan egin dute euskal gizartean eragin positiboa izango duen akordio bat lortzeko», gehitu du gobernuak: «Legebiltzarraren gehiengoa handitzeko balioko du». Izan ere, EAJk eta PSE-EEk osatutako gehiengoa dela medio, Jaurlaritzak bermatua zuen kontuen onarpena. EH Bilduren abstentzioarekin, ordea, 75 legebiltzarkideetatik gehienez hamahiruk egingo dute proiektuaren aurka.

PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezarentzat «albiste ona» da, agerian utzi duelako «akordio zabalak» posible direla zerbitzu publikoak, etxebizitza, enplegua eta ingurumenaren gisako gaietan. Kontrara, PPko Carlos Iturgaizen arabera, EAJ «bildutartu» izanaren beste adibide bat da: «Txarra da euskal herritarrentzat».

Negoziazioen hasieratik egin bezala, bitan banatu dituzte gaiak: konpromiso politikoak, batetik, eta neurri ekonomikoak, bestetik. Neurri politikoei dagokienez, biek eginiko lehen bileran, sei proposamen aurkeztu zizkion EH Bilduk Jaurlaritzari, eta horietatik hiru onartu ditu gobernuak. Elkarrizketa sozialaren esparruan, hitzarmen kolektiboek gutxieneko soldatak ezartzea «defendatuko eta sustatuko» dute, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez besteko errentan oinarrituta. Alokairuari dagokionez, berriz, behin Madrilen Etxebizitza legea onartuta, horien prezioak kontrolatzeko sistema propio bat sortuko dute, eta prezioak mantentzeko neurri fiskal posibleen azterketa bat egin. Gainera, Jaurlaritzak konpromisoa hartu du alor horretan har ditzakeen erabakiak EH Bilduri jakinarazteko, martxan jarri aurretik.

Hirugarren akordio politikoak izango du eragina 2022ko aurrekontuetan ere. Bi aldeek publiko egin dutenez, I+G+B Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzara bideratutako inbertsioari beste 77 milioi euro gehituko dizkio Jaurlaritzak. Hala, datorren urtean %10 haziko da funtsa, aurten alor horretan eginiko inbertsioarekin alderatuz gero. Hurrengo bi urteetan, berriz, funtsa %12 handitzeko konpromisoa hartu dute; Jaurlaritzak, bere proiektuan, urtero %6 hazteko asmoa adierazi zuen. Biek jakinarazi dutenez, barne produktu gordinaren %3ra iristea da helburua, «saiakera bidez hurrengo legegintzaldia amaitu baino lehen».

Energia eredu berrirantz

Aurrekontuetan eragingo duten akordioen artean daude energia alorrera bideratutako kontu sailak ere: denera, 120 milioi euroko zuzenketak. Batetik, urtea amaitu aurretik tokiko erakundeentzako Jasangarritasun Energetikoaren Funtsa aktibatzeko konpromisoa hartu dute. Funtsak 90 milioi euroko aurrekontua izango du, eta haiei beste hamar milioi gehituko dizkiete deialdi berriei aurre egiteko. Bestetik, aurrekontu proiektuan ezarritakoa baino hogei milioi euro gehiago izango ditu efizientzia, autokontsumoa eta komunitate energetikoak diruz laguntzeko kontu sailak.

Osasun arloan, berriz, 30 milioi euro gehiago bideratuko dira Lehen Mailako Arreta Estrategia bultzatzeko, «aurrez aurreko kontsultak bermatzeko behar diren antolamendu aldaketak eginez». Gainerakoak gizarte politikak sustatzeko neurriak dira. Hala nola lau milioi euroko zuzenketa bat etxebizitzetako energia gastuetan laguntzeko, eta bi milioi euroko beste bat, batez ere, gazteen emantzipaziora bideratzeko. Era berean, hogei milioi euro gehiago erabiliko dituzte gizarte inklusioa bultzatzeko —hamar 2022an eta hamar 2023an—.

Akordioan adostutako konpromisoen jarraipena egiteko batzorde bat eratzeko asmoa ere adierazi dute: «Abian jartzeko prozesuaren jarraipena egiteko, betetze maila ebaluatzeko eta dagokion komunikazio kudeaketa egiteko». Azaldu dutenez, hura alde bakoitzeko hiru kidek osatuko dute, eta lau hilabetean behin bilduko da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Laura Aznal eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak. ©Jagoba Manterola / Foku

EH Bilduk «eskua luzatuta» dauka Nafarroako aurrekontuak negoziatzeko

Joxerra Senar

Laura Aznalek ohartarazi dio gobernuari «exijenteak» izango direla, eta galdegin dio egoeraren arabera ardura izatea.

Beatriz Artolazabal, Zaballako espetxean egindako ekitaldian, atzo. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan presoen laurdenak hirugarren graduan daude

Iosu Alberdi

Eusko Jaurlaritzak graduz aldatutako 457 presoetatik 25 «ETArekin lotuta» kartzelatutakoak dira

Garikoitz Aspiazu Auzitegi Nazionalean deklaratzen, hilaren 13an. ©Fernando Villar, EFE

ETAren 2002ko atentatu batean parte hartzeaz absolbitu dute Garikoitz Aspiazu, froga faltagatik

Uxue Rey Gorraiz

2002an Bilbon izandako atentatu bat egin izana egotzita epaitu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean; bonba-auto bat lehertu zen, eta hainbat zauritu eragin. Aspiazuk ukatu egin zuen atentatuan parte hartu zuela.

Gaurko ekitaldiko une bat. ©BERRIA

Omenaldia egin diote Katalunian Txikiri, Guardia Zibilak fusilatu zuen lekuan

Berria

Besteak beste, Txikiren anaia Diego Paredes eta EH Bilduko Iñaki Ruiz de Pinedo mintzatu dira ekitaldian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iosu Alberdi

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...