Usansolok Bizkaiko 113. udalerria izan ala ez erabakiko du domekan

Desanexioaz galdeketa egingo dute etzidamu. Hiru hamarkada baino gehiago daramatzate Galdakaotik bereizi nahian. Kontsulta ez da loteslea, eta Batzar Nagusiek onartu beharko dute banaketa

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Javi West Larrañaga.
Galdakao
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
«Nahi al duzu Usansolo udalerri independente gisa eratzea?». Galdera horri erantzun ahal izango diote Usansolon (Bizkaia) bizi diren 16 urtetik gorako guztiek domekan izango den herri galdeketan. 35 urtetik gora daramate Galdakaotik desanexionatzeko eskatzen, eta, hainbat saiakera eta geldiune izan dituen arren, domekan egingo dute kontsulta. Gauean emango dute emaitza.

Aurretik kontsulta bi egin dituzte Usansolon. Bata, 1987an, eta, bestea, 2014an. Ez ziren ofizialak, baina bietan lortu zuen gehiengoa desanexioaren aukerak. EAJren oposizioa tarteko, desanexioaren bideak ez zuen aurrera egin. Prozesua urteetan geldi egon ostean, 2011n Usansolo Herria plataforma eratu zen, desanexio prozesua bultzatzeko. Udal hauteskundeetara aurkeztu ziren, eta eserleku bi lortu zituzten urte hartan, eta beste horrenbeste 2015ean eta 2019an. Azken legegintzaldian, Galdakaoko udal gobernuan sartu ziren, EH Bildu, Podemos eta Auzoak izeneko independenteekin, eta orduantxe ekin zion udalak prozedurari.

Udalak Batzorde Misto bat eratu zuen, balizko herri independente bien ezaugarriak bilduko zituen memoria bat egiteko. Hainbat ikerketa txertatu zituzten horretan, eta bertan zehaztu zituzten Galdakao eta Usansolo bereiziek izango lituzketen mugak, alderdi ekonomikoak, soziologikoak eta juridikoak. Baita zerbitzuekin eta udal langileekin zer gertatuko litzatekeen ere. Memoriaren ondorio nagusia da Usansolo eta Galdakao bereiziak bideragarriak izango liratekeela, eta banaketaren ondorioz ez litzatekeela gutxituko aurretik zeuzkaten zerbitzuen kalitatea.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2021eko abenduan eman zion oniritzia Batzorde Mistoaren memoriari, eta urtarrilean hasi zen udala kontsulta antolatzen. Loteslea ez bada ere, ariketa demokratiko «beharrezkoa» da Iñigo Hernando Galdakaoko alkatearentzat. «Ni usansolotarren alkatea ere banaiz; beraz, euren hitza entzun gura dut», esan du. «Keinu garrantzitsua da, erakusten baitu udalak behingoz ofizialki erabaki duela euren hitza entzutea».

Monika Mena izan zen Usansolo Herriaren sortzaileetako bat, eta, haren ustez, gobernu aldaketa izan da proiektuari sakakadarik handiena eman diona. EAJ seinalatu du oztopoen erantzule: «40 urte luze izan dira borondate politikorik ez delako egon, eta hainbat traba eta gezur gainditu behar izan ditugulako». Esan duenez, domekan baiezkoak irabaziz gero ez da «aitzakiarik» egongo. «Espero dugu Batzar Nagusiek herritarren hitza errespetatzea».

Udalaren bidearen amaiera

Espainiako Gobernuaren Erregimen Lokaleko 13.2 legearen arabera, eremu bat bereizteko gutxienez 5.000 biztanle izan behar ditu. Bizkaiko foru arauak, berriz, 2.500 biztanletan zehazten du langa. Menak ez du uste arazorik ekarriko duenik kontraesan horrek, Bizkaiko foru arauak zehazten duen prozedurari jarraiki egin dutelako prozesua. 4.500 biztanletik gora dauzka gaur egun Usansolok. «Ez dut uste berrehun pertsona gora behera, eta biztanleria hazkundearen joera kontuan izanda, arazorik izango dugunik», azaldu du Menak.

Galdakaoko alkateak adierazi duenez, domekan amaituko da haien zatia, eta Batzar Nagusien txanda izango da. Galdakaoko EAJk BERRIAri adierazi dio usansolotarren erabakitzeko eskubidea babesten dutela eta erabaki hori errespetatuko dutela, baina «zoritxarrez», gaur egun desanexioa baldintzatzen duten «estatuko muga legalak daudela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.