Euskara dohainik ikasi ahal izatea aldarrikatu dute Donibane Garazin

Korrika abian dela, AEK-k eta beste hainbat euskaltegitako ordezkariek neurriak eskatu dizkiete Euskal Herriko erakundeei, «euskara ikasteko bidea doakoa izan dadin»

AEK-ko eta euskaltegietako arduradunak, atzo, Donibane Garazin. AEK.
Paulo Ostolaza - Ekhi Erremundegi Beloki
Donibane Garazi
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
«Orain da 22. tantoa egiteko unea: euskararen doako ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko unea». 22. Korrikaren testuinguruan, Donibane Garaziko adierazpena aurkeztu dute AEK-k eta beste hainbat euskaltegitako ordezkariek. Aldarrikapen argia egin dute: euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izan behar dute. Euskal Herriko erakunde publikoei eskatu diete hori hala izan dadin neurriak hartzeko. «Urteetako joan-etorriak atzean utzita, garaia heldu da hizkuntza eskubideak bermatzeko eta arlo horretan jauzi esanguratsu bat emateko. Garaia heldu da hizkuntz politiketan aldaketak egiteko, eta, jakina, erritmoak erritmo, Euskal Herri osoan eta norabide berean», adierazi dute. Duela bi aste abiatu zuten Hitzekin, denok euskara doan dinamikaren barruan aurkeztu dute agiria.

Adierazpena Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak irakurri zuen, atzo arratsaldean, Donibane Garaziko Gau Eskolaren atarian, eta, jarraian, hara iritsi zen Korrika, Donibane Garaziko adierazpenaren kilometrora. Euskara ikasten ari den ikasle batek eraman zuen lekukoa, sinbolikoki; haren gibeletik AEK-ko arduradunak joan ziren, Hitzekin, denok euskara doan zioen pankarta eskuetan zeramatela. Jende anitzek parte hartu zuten euskararen aldeko lasterketan.

«Euskaraz bizitzea erronka dugu, eta, horretarako, ezinbesteko euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa; denon eskubidea delako», hasi zen irakurtzen Iribarren, Korrika gau eskolako atarira iritsi aitzin. Ildo horretan,«jauzi esanguratsuak emateko garaia» dela adierazi zuen; besteak beste, hizkuntza politiketan eta euskararen normalizazio prozesuan, ezagutzaren unibertsalizazioa lortzeko: «Argi dugu euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu behar direla, eta hori erdiesteko nahitaezkoa da ezagutza bermatzea».

Nork bere lekutik, bakoitzak eragin behar duela erranik ere, ardura, bereziki, administrazio publikoaren gain jarri du adierazpenak, haiek «rol garrantzitsua» jokatzen dutelakoan: «Bistakoa da egungo hizkuntza politikek oraindik ez dutela hiztunen arteko hizkuntza berdintasuna lortu. Euskarari prestigioa eman eta euskara lehenetsiko duten politikak jarri behar dira abian».

Elkarlanean

Agintariei eskatu diete arreta jartzeko ezagutza unibertsalizatzeko iturri eta balditzetan: hezkuntzan, helduen euskalduntzean, eta hizkuntzaren transmisioan eta sozializazioan. Helburua izango litzateke Euskal Herri osoan euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzea. «Zeuok zarete eskubideen bideratzaile, bermatzaile, eta eredu izatea dagokizue. Beraz, ekin!».

Horretarako, dei berezia egin diete Ipar Euskal Herriko erakunde publikoei, EEP Euskararen Erakunde Publikoari eta Euskal Hirigune Elkargoari, «bidelagun» izan daitezen: «helduen euskalduntze-alfabetatze arloarentzat beharrezkoak diren diru laguntzak bermatuz eta orain arte egin gabeko urratsak eginez. Euskara ofiziala ez izanagatik ere, ikasi nahi duen ororentzat eskubide gauzagarria izan dadin».

Honela amaitu du Iribarrenek:«Unea da euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko. Proposamen eta bide ezberdinak ezagutzen ditugu (Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Euskarabidea, EEP, Eusko Jaurlaritzak Hizkuntza Politika saila, udalak, Euskalgintzaren Kontseilua...). Elkar gaitezen eta osa dezagun, elkarlanean, eta berandu baino lehen, guztiok doan ikasteko bide orria. 22. tantoa jokatzera goaz, eta, denon artean, elkarlanean, partida irabaziko dugu!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.