Osasun Publikoaren Lege proiektuari «gabeziak» ikusi dizkio oposizioak

Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du osasuna «politika publiko guztien» oinarrian jarri nahi dutela. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk esan dute lan egingo dutela egitasmoa «hobetzeko»

Gotzone Sagardui Osasun sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
«Gabeziak» sumatu dizkiote, eta «hobetzen» saiatuko dira. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU taldeek uste dute «funtsezkoa» dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun publikoaren lege bat izatea , baina ez dute babestu Eusko Jaurlaritzak ondu duen proiektua. Atzo ekin zioten Osasun Publikoaren Lege egitasmoa Eusko Legebiltzarrean tramitatzeari, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen batzordean. Han azaldu zuten taldeek euren jarrera.

Oposizioaren iritziz, arauak «zehaztasuna falta» du, eta hainbat esparrutan «hutsuneak» ere bai. Lege egitasmoari buruzko «zalantzak» agertu zituen Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, eta Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUkoak hainbat «gabezia» atzeman zituen. Lege egitasmoaren inguruan jarrera kritikoa agertu zuten, baina akordiorako atea ez zuten itxi, eta iragarri zutenegitasmoa «hobetzeko» ekarpenak egingo dituztela. PPren ordezkariak ez zuen batzordean parte hartu.

Sagarduik azaldu zuenez, legearen bitartez osasun sistematik haratago zabaldu nahi dute osasun publikoaren kudeaketa, gizartearen premiei «erantzun eraginkorra eta integrala» emateko. Zehazki, azken 25 urteetan osasun publikoaren kontzeptuak izandako bilakaerari eta COVID-19aren pandemiaren ondorioei erantzuteko tresna izan nahi du legeak. Osasuna osasungintzaren esparrutik haratago ulertzeko beharra azpimarratu zuen sailburuak, «osasun larrialdiei erantzuteko eta osasun publikoko aferak tratatzeko».

Bi helburu nagusi ditu legeak. Batetik, osasuna «politika publiko guztietan» presente egotea, «euskal herritarren osasuna, interes goreneko ondasun publiko gisa, ahalik eta maila gorenean babesteko eta sustatzeko». Eta, bestetik, osasun arloko ezberdintasunak murrizteko lan egitea, pertsonen «aukera berdintasuna eta ekitatea» bermatuz.

Lege egitasmoak osasun publikoko sistemaren funtzio eta jarduera nagusiak definitu egiten ditu, eta horietako batzuk aipatu zituen Osasun sailburuak: osasun arazoak prebenitzeko jarduerak, diru laguntzak, zerbitzuak eta programak zehaztea, eskola eta lan osasuna bermatzea, osasun publikoaren arloko ezagutza kudeatzea eta herritarren osasuna babesten eta hobetzen duten legeak eta araudiak sustatzea.

Bi organo berri sortzea aurreikusten du lege proiektuak, Sagarduik azaldu zuenez. Batetik, Osasun Publikoaren Erakunde Arteko Batzordea: Jaurlaritzako, foru aldundietako eta udaletako ordezkarien koordinaziorako gunea izango litzateke, bai eta lankidetzarako eta partaidetzarako organo gorena ere osasun publikoko jardueretan. Bestetik, Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua legoke: «gizarte zibilaren» partaidetzarako organo gorena litzateke, eta aholkulari funtzioa izango luke.

Oposizioa, kritiko

Legebiltzar taldeen txandan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk hainbat kritika egin zizkioten lege egitasmoari. EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, zehaztasuna falta du, proiektuaren edukiari erreparatuta ez baitago «argi» zer arautu nahi duen, «osasun publikoa ala osasun publikoaren zerbitzuak». Alde horretatik, «nahasgarria» dela eta «koherentzia» falta duela salatu zuen Uberak. «Zalantzak sortzen dizkigu». Gabeziak ere sumatu dizkio EH Bilduk testuari: «Osasunaz hitz egiten duenean, gaixotasunez hitz egiten du, baina ez osasuna eraikitzeaz, arlo soziosanitarioaz edota zaintzaz. Horren falta sumatu dugu». Legearen inguruko beste «kezka» batzuk ere agertu zituen Uberak; besteak beste, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren alde egiten duela «publikoa lehenetsi beharrean», eta osasun publikoko egituran aldaketarik ez duela aurreikusten. Halaber, salatu zuen testuan ez dela txertatuikuspuntu feministarik eta ekologistarik.

Lege egitasmoa «orokorregia» dela salatu zuen Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak. Gainera, salatu zuen ez duela jasotzen osasun arretan «ekitatea» lortzeko neurri nahikorik, eta ez duela finkatzen nola bermatuko diren eskubide berdintasunak osasun publikorako sarbidean. Gabezia gehiago sumatu dizkio taldeak arauari: besteak beste, osasun komunitarioan urrats nahikorik ez duela egiten, Osakidetzako profesionalen lan baldintzei buruz ez duela aipamenik egiten, eta genero ikuspegia ez duela behar bezala txertatzen. Nolanahi ere, EP-IUko legebiltzarkideak iragarri zuen bere taldeak jarrera «eraikitzailea» izango duela eta egitasmoa «hobetzeko» lan egingo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.