Zirrikitu bila lege esparru zurrunean

Espainiako auzitegien oldarraldiaz gaindi hizkuntza politika eraginkor bat nola garatu gogoetatu dute Eibarren, Euskal Herriko eta Kataluniako ikuspegietatik

Zelai Nikolas saioaren gidaria eta Iñigo Urrutia hizlaria, atzo. Eva Pons telematikoki aritu zen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Julen Aperribai.
Eibar
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxituentzat hertsatzailea, geroz eta hertsatzaileagoa den legediaren arrakaletan hizkuntza politika eraginkorra garatzeko moduez aritu zirenEva Pons eta Iñigo Urrutia legelariak atzo goizean, Eibarren (Gipuzkoa), UEUk, Jakinek eta Txillardegi Gogoeta Guneak antolatutako XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldian.

Espainiako auzitegiek batik bat azken hamarkadan elebitasunaren gainean garatutako ikuspegi murriztailearen jatorrira jo zuen lehenik Ponsek, eta Kataluniako Estatutuarekin gertatutakoa gogora ekarri zuen. Prozesu hura baliatzen saiatu ziren hizkuntzaren normalizazioaren alde Katalunian bertan garatutako legeak eta horien xedeak maila altuagoko lege batera eramateko, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen 2010ean. Inpugnazioak ez zien eragin «kontzeptu handiei» soilik, baizik eta baita arlo linguistikoarekin lotutako beste hainbat gairi ere, Ponsek zehaztu zuenez. Halaber, auzitegiak konstituzioaren aurkakotzat jo zuen katalanari «lehentasuna» emateko ahalegina.

Sententziak zabalik utzi bazituen ere interpretaziorako eta aplikaziorako aukera desberdinak, Auzitegi Konstituzionalak ikuspegi murriztailea hartu eta estatututik harago ordura arteko hainbat lege eta arauditara ere eraman zuela azaldu zuen Ponsek. Hala ere, nabarmendu zuen indarrean jarraitzen duela katalana normalizatzeko lege nagusia denak: Normalizazio Linguistikorako 1/1998 Legeak. Hark ezartzen du esparru juridikoa, hizkuntza politikari dagokionez, Ponsek adierazi zuenez, baina ñabartu zuen auzitegiak etengabe ari direla legediak «berrinterpretatzen», eta horrek berekin dakarrela hizkuntza politikak juridikoki «segurtasunik ez» izatea.

Ituna, helburu berekin

Testuinguru horretan, eta katalanak gaur egun dituen erronketara egokitzeko asmoz, berriki abiarazitako egitasmo bat aurkeztu zuen Ponsek: Pacte Nacional per la Llengua—Hizkuntzaren Aldeko Itun Nazionala—. Generalitateak berak sustatu du akordioa, eta hartara batu dira gehiengo politikoa eta herrialdeko hainbat gizarte erakunde. Zehaztu zuen asmoa dela nork bere ekarpenak egitea eta gero oinarrizko hainbat proposamen garatzea. Katalana normalizatzeko zutabe izan diren hiru ideien gainean garatu dute akordioa: Kataluniako herritarrek katalana menperatu ahal izatea, katalana hizkuntza «osoa» eta funtzio guztietarako baliagarria izatea, eta «arrakala soziala» saihestea. «Lau hamarkadaren ondoren, helburu horiek partzialki baino ez dira lortu, eta beharrezkoa da kontsentsuak eta oinarri linguistikoak berritzea, helburu horietara bidean aurrerapenak lortzeko».

Ponsen hitzek oihartzun egin zuten, ez soilik botere judizialaren oldarraldiak euskarari ere eragiten diolako, baizik eta baita 1982ko Euskal Autonomia Erkidegoko euskararen legea onartu zutela 40 urte betetzear direlako ere, eta garai hartan abiatutako hizkuntza politika berrikusteko eskaera hainbatetan berritu dutelako aspaldian euskalgintzako eragileek.

Beste mugarri bat aipatu zuen lehenago Urrutiak: Espainiako Konstituzioa. Hark gazteleraren aldeko «asimetria» sortu zuela azaldu zuen; batetik, berezko hizkuntza duten eremuetan «pertsonaltasun printzipioa» ezartzen delako. Hots, ez zaio lehentasuna ematen hizkuntza gutxituari, eta norbanakoaren «aukeraren» menpe uzten da hizkuntza ofizialetako bat edo bestea erabiltzea. Eta, bestetik, asimetria horrek «isla soziolinguistikoa» duelako: «[Espainiako] Estatuko botere publikoekin harremanak izateko, euskara jakitea ez da erabilgarria. Eta autonomia erkidegoan dauden botereekin harremana izateko, euskara jakitea ez da nahitaezkoa. Baldintza juridiko horiekin funtzionatzen ari gara».

Asimetriaren gainean, legea

Eta, halaber, baldintza horietara egokitu zen Euskararen Legea ere, esan zuenez. «Elebitasun sozialaren hautua» hartu zuen, gogoratu zuenez: hezkuntzan banaketa sistema, komunikabide publikoak bikoiztu —euskarazkoa eta gaztelerazkoa—, unibertsitatea ere bi hizkuntzetan... Hala ere, ez zen «erabateko adostasun politikoarekin» onartu, Urrutiaren esanetan, eta baziren beste bide bat planteatzen zutenak: euskarak nazio lurraldea behar zuela ziotenak, elebitasun soziala «mitotzat» zeukatenak.

Bi ikuskera kontrajarri horiek bi eremutan bereizi zirela uste du Urrutiak: instituzionala eta soziala. Hala ere, azken urteetan bi eremuen arteko «konfluentzia» handiagoa ikusten du, eta horren adibide direla, besteak beste, 2016ko Udal Legea eta hezkuntza akordioa.

«Aldaketarako baldintzak» badiren arren, botere judizialaren oldarraldiaz ohartarazi zuen Urrutiak. Ez da «ausazko» zerbait, azpimarratu zuenez: «Estatutuaren kontrako sententziaren ostean, jurisprudentzia erabat aldatu du Auzitegi Konstituzionalak, eta atzean dagoen ideia da urrutiegi joan dela katalanaren eta euskararen normalizazioa; mugatu egin behar dela».

Botere judizialaren esku hartze horren aurrean erronkak gaurkotu beharra azpimarratu zuen Urrutiak. «Zaharkituta» eta «hauskor» ikusten ditu 1980ko hamarkadako tresna juridikoak, baita hizkuntza politikak ere. Horren aurrean eta gizarte adostasunetik abiatuta «urrats kualitatiboak» egin behar direla defendatu zuen, «beharbada estatus politiko berri bati lotuta, baina baita bitartean ere». Eta oinarri baten gainean: «Euskalduna eroso sentitu dadila euskaraz arituz Euskal Herriko edozein esparru, funtzio eta txokotan».

Estrategikoak izan daitezkeen zenbait esparru ere zerrendatu zituen: gazteen aisialdia, eremu sozioekonomikoa, hezkuntza, komunikabideak... Horrez gain, lehentasunezkotzat jo zituen Nafarroan zonifikazioa amaitzea, arnasguneak zaintzea eta Ipar Euskal Herrian euskararen ezagutza orokortzea. Administrazioaz ere irmo mintzatu zen: «Behingoz planteatu beharreko zerbait iruditzen zait funtzio publikoko zerbitzari izateko bi hizkuntza ofizialak nahitaez jakin behar direla». Beste leku batzuetan eztabaidaezina dena hemen oraindik konpontzeke egotea deitoratu zuen: «Gure txikitasun horrekin lotuta dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.