Amatasun unitateen segurtasuna zorroztuko du Eusko Jaurlaritzak

Identifikazio txartel elektronikoen bidezko sistema bat ezarriko du unitate horietara sartzeko. Basurtuko bahiketaren ondotik, protokoloa egokitzea erabaki du Osasun Sailak

Bilboko Basurtu erietxea. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Joan den urrian emakume batek Basurtuko ospitalean (Bilbo) haur jaioberri bat bahitu zuenean, haurren segurtasunerako protokoloak huts egin ote zuen ikertuko zuela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Pazienteen Segurtasunerako Taldeak gertatutakoa aztertu du, eta indarrean den protokoloa aldatzeko gomendio sorta bat eman dio Gotzone Sagarduiren departamentuari. Aholku horiek aintzat harturik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako amatasun unitateetan segurtasun neurriak zorroztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Hala, amatasun unitateetako langileen identifikazioari eta zaintzaileen eta bisitarien sarbideari lotutako kontrolak indartuko ditu, eta jaioberrien protokoloari lotutako informazioa zabalduko du, besteak beste.

Aurrerantzean, ospitaleetako amatasun unitateetara sartzeko, ezinbestekoa izango da identifikazio txartel elektronikoa erabiltzea; langileek eta senideek erabili beharko dute identifikazio hori. Sistema berezi bat jarriko dute sarreretako ateetan, eta ate hori soilik norberak eramango duen txartel elektroniko baten bidez ireki ahalko da. Zeintzuek eraman beharko dute txartel hori? Bada, printzipioz, osasun profesionalek, eta erietxean daudenek ondoan nahi dituzten pertsonek.

Horrez gain, ospitaleetako sarbideetan hobekuntzak egingo dituzte, eta eraikinen kanpoaldean kameren bidezko zaintza sistemak indartuko dute. Basurtuko ospitalean, itxi egingo dira pabiloiaren alboetako ateak, eta alarma bat jarriko dute larrialdietarako atean.

Protokoloa, ahoz eta idatziz

Eraikinetako segurtasun neurriak zorrozteaz gain, jaioberrien protokoloa «modu eraginkorragoan» zabaltzeko neurriak hartuko dira amatasun unitateetan. Pazienteen segurtasuna lantzen duen taldeak gomendio batzuk egin ditu alde horretatik. Haur jaioberriaren gurasoei «argi» esango zaie ez dutela inoiz haurra bakarrik utzi behar, eta ahoz ez ezik, aurrerantzean paperean ere emango zaie Ez nazazue bakarrik utzi protokoloaren berri. Gainera, egiaztatuta geratuko da norberaren historia klinikoan.

Osasun langileen identifikazioari eta uniformeei dagokienez ere, aldaketak proposatu ditu aditu taldeak. Osasun profesionalei esango zaie behartuta daudela nor diren adierazten duen txartela ongi ikusten den tokian eramatera. Halaber, uniformeen zaintza berrikusi eta hobetze aldera, hobeto gordeko dira aurrerantzean langileenjantziak, gune itxietan.

Zazpi amatasun unitate daude hiru lurraldeetako ospitaleetan: bat Araban, bi Bizkaian eta lau Gipuzkoan. Guztietan indartuko dira segurtasun neurriak, Sagarduik azaldu duenez, baina ez dira denak aldi berean indarrean jarriko. Horietako batzuk abian jartzen ari dira jada, baina beste batzuk martxan jartzeko —eraikinetako segurtasunari lotutakoak— aldaketak egin beharko dira azpiegituretan, eta banan-banan aztertuko da kasu bakoitza.

Basurtuko ospitalean haur jaioberri bat bahitua izan ondoren erabaki du Osakidetzak indarrean den protokoloa egokitzea. Bahiketa hori nola gertatu zen aztertu du Erien Segurtasunerako taldeak, eta zerk egin zuen huts ondorioztatu du txosten batean. Bahiketa hura erraztu zuten puntuak aletu ditu Sagarduik. Nabarmendu du pandemia garaian utziegin zitzaiola jaioberriak bakarrik ez uzteko gurasoei ematen zaien eskuorria banatzeari, eta gaur-gaurkoz ez dela oraindik idatzizko jarraibiderik banatzen.

Gainera, nabarmendu du osasun langileek ez dutela beti identifikazio txartela soinean eramaten. Horrekin batera, pazienteen segurtasunerako taldeak ohartarazi du Basurtuko ospitalean amatasun pabiloirako sarbide ugari daudela eta«erraza»dela osasun profesionalen uniformeak eskuratzea, bai zirkuitu garbian eta bai zikinean. Horregatik jo dute beharrezkotzat hainbat neurri hartzea orain, baina erietxeak erabat itxi gabe: «Asmoa da bateragarri egitea pazientearen segurtasuna eta ongizatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.