Rocio Vitero. EH Bilduren Gasteizko alkategaia

«Herritarrek ez dute ulertuko PSEk eta PPk bat egitea»

Viterok ziurtzat jo du ekainaren 17an Gasteizko Udaleko aginte makila eskuratuko duela: «Guri dagokigu aldaketaren lema hartzea».

JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpaina hondarretan zegoenean, Gasteizko alkatetza irabaztea mila boto baino gutxiagora zegoela ohartarazi zuen Rocio Vitero EH Bilduren alkategaiak (Gasteiz, 1980). Hona maiatzaren 28ko emaitzak: EH Bilduk 936 botoren aldea atera dio PSE-EEri, bigarren indarrari. Inoizko emaitzarik onenak lortu ditu EH Bilduk, baina akordioak ezinbestekoak ditu aginte makila lortzeko. Viterok badaki itunek alkatetza kendu diezaioketela, baina, hala ere, saiatu egingo da gehiengo «zabala» erdiesten.

Lehen indarra Gasteizen, aurreneko aldiz historian.

Emaitza historikoak izan ditugu. Ibilbide luze baten ondorio dira. Aspalditik, inkestek erakusten ziguten hobetzen ari ginela, gero eta emaitza hobeak lortzeko bidean geundela, eta azken hauteskundeek islatzen dute oinarriekin lan egiten denean emaitza onak lortzen direla. Horixe da gainerako alderdietatik desberdintzen gaituena. Guk herritarrekin eta herritarrentzat lan egin dugu, eta zume horiekin oso erraza da lan egitea. Batuketaren emaitza da lortu dugun garaipena. Erronkei ez ezik, eguneroko arazoei ere erantzuten jakin dugu. EH Bildu kapaza izan da erantzunak eta ziurtasunak eskaintzeko, eta gasteiztarrek aintzat hartu dute hori.

Ziklo aldaketa baten hasiera da?

Ziklo aldaketa baten hasiera da Gasteizen eta Euskal Herri osoan. Herritarrek esan digute eskubide gehiago nahi dituztela, politika eredu berri bat nahi dutela, alderdien siglen aurretik eurak egon nahi dutela erdian. Ezinbestekoa da norabide aldaketa hori lehenbailehen egitea.

300 boto inguru irabazi dituzue 2019ko bozekin alderatuta. Goia jo duzue?

Badugu emaitzak hobetzeko tartea. Sinetsita nago hala dela, eta esango dizut zergatik: gasteiztarren balioekin bat egiten dugulako. Kanpainan esaten genuen hiri honek transmititzen dituen baloreak gustuko ditugula: hiri plurala gara, askotariko kulturak dituena, eta gustuko dugu hala izatea. Proiektu hau gero eta zabalagoa izatea nahi dugu.

Gobernatzeko akordioen bila hasi zarete. Alderdi guztien ateak jo dituzue?

Hauteskundeen biharamunean bertan PSE-EEri, EAJri eta Elkarrekin taldeei hots egin nien. Beatriz Artolazabalekin hitz egin nuen, eta esan zidan negoziazioen ardura ez duela berak hartuko, alderdiak baizik. Hala egin dugu, eta datozen egunetan bilduko gara EAJrekin. Maider Etxebarriarekin hitz egin nuen, eta agenda ixtear gaude lehen bilera egiteko. Elkarrekin taldearekin gaur [atzo] batzartu gara, eta ikusi dugu badirela partekatzen ditugun zumeak: adibidez,bat gatoz hiriari buruz dugun ikuskeran eta aurrera begirako erronketan.

PPrekin ez zarete batzartuko.

Ez. Printzipio eta koherentzia kontua da. Guk ez dugu onartukoeskuin muturretik gertu dagoen eta eskubideak urratzen dituen alderdi bat gobernuan egotea. PPrekin ez dugu ezertan bat egiten. Arriskutsuak dira demokraziarentzat; ez diegu deituko.

Akordioak egiteko orduan, zein lehentasun dituzue?

Planteamendu irekia eta malgua egiten ari gara. Uste dugu bi alternatiba daudela hiri honentzat: bata, subiranista eta, bestea, ezkertiarra. Biekin lor ditzakegu akordioak. Gure lehentasunak argiak dira: zaintzaren aldeko itun sozial handi bat egitea eta etxebizitzaren oinarrizko eskubidea bermatzea. Hiriaren aniztasunari erantzungo dion gutxieneko akordio bat lortzeko prest gaude.

Gaur-gaurkoz, zeure burua alkate ikusten duzu?

Ez dut beste aukerarik ikusten. Herriak hitz egin du, eta esan du norabide aldaketa bat eta kudeaketa eredu berri bat nahi dituela. EH Bildu izan da lehen indarra, eta beraz, guri dagokigu aldaketaren lema hartzea. Akordio zabaletarako eta malguetarako aukera dagoela uste dugu. Beraz, bai, ekainaren 17an alkate gisa ikusten dut neure burua, Gasteizko aniztasuna islatzen duen lantalde baten buru izango den alkate gisa.

PPk jakinarazi du prest dagoela bere botoak EAJren eta PSEren esku jartzeko, alkatetza ez dezan EH Bilduk eskuratu, eta adostear dira jeltzaleen eta sozialisten arteko ituna Maider Etxebarria alkate izan dadin.

Oraindik bi aste ditugu lanean jarraitzeko eta akordio bat lortzeko. Batzuek siglez eta alderdiez hitz egiten dute; guk, berriz, proiektuez eta edukiez. Besteek azaldu behar dute zergatik batzen dituzten inolako ekarpenik ez duten siglak. PSEk eta PPk ez dute ezertxo ere partekatzen, ez dute bat egiten etxebizitzan, osasungintzan... Eta hemen akordio bat egingo dute? Maiatzaren 28an gasteiztarrek erabaki zuten EH Bilduren esku uztea aurrerapausoak emateko ardura, eta hori errespetatu behar da. Beste alderdi batzuek azaldu beharko dute zer dela eta emango dieten bizkarra herritarrei.

Espainiako Gorteetarako bozek akordioetarako aukera mugatu dezakete?

Akaso beste alderdiak baldintzatuta egongo dira. Ez da gure kasua. Madrilen erabakigarriak izan gara, eta hala izan nahi dugu aurrerantzean ere.

Demagun ekainaren 17an beste gehiengo bat dagoela eta ez zarela alkatea. Orduan zer?

Ez dugu aurreikusten aukera hori. Bi aste geratzen dira, eta akordioak egiteko lanean jarraituko dugu. Kontrakoa herritarrei bizkarra ematea litzateke. Eta herritarrek nekez ulertuko dute PSEren eta PPren arteko akordio bat gehiengoak aukeratutako hautagaia kentzeko. Gehiengoak eskatu du EH Bilduk gidatu dezala aldaketa prozesua. Besteek azaldu beharko dute zergatik ez duten aintzat hartzen herritarren botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.