EAJk eta PSEk aurreakordioa egin dute aurrekontuak onartzeko

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Susmoak bete dira: Eusko Jaurlaritzaren 2015erako aurrekontuak onartzeko akordiorako oinarria adostu dute EAJk eta PSE-EEk. Berri agentzien arabera, sail sozialei 35 milioi euro gehituko dizkio Jaurlaritzak, eta, horren ordainetan, kontuak onartzea «erraztuko» du PSEk: ordezkari sozialistek abstentzioaren aldeko hautua egingo dute bozketan. EH Bilduk eta PPk aurrekontuen aurka bozkatuko balute, kontuak onartzeko behar dituen aldeko botoak ere emango lizkioke PSEk EAJri, adostutakoaren arabera.

Ostegun arratsaldean itxi zuten akordiorako oinarria EAJk eta PSEk, zehaztasun batzuk adostu ondoren. Hala ere, jakinarazi dute akordioa «ia-ia itxita» zegoela aurrez. Hain zuzen, urriaren 24an Sabin Etxean egindako bileran marraztu zuten akordioa izan zitekeenaren bidea.

PSE-EEk gizarte gaietarako 200 milioi euro gehiago jartzeko eskatu zuen bilera hartan. EAJk ezinezkoa zela esan zuen. Baina, negoziazioetan sartzeko, diru saila 150 milioi euro handitzea onartu zuten. 35 milioi gehitu zaizkie orain horiei, osasungintzari, hezkuntzari, kultur industriari eta azpiegiturei emateko.

Gainontzekoei irekita

Sozialisten esanetan, haiek ez zuten «esklusibotasunik» eskatu aurrekontuen inguruko akordioan; ez, behintzat, haiekin adostutakoarekin «kontraesana» duen ezer ekartzen ez badu. Hartara, zehaztu du mahai gainean dagoela akordioa alderdi gehiagotara zabaltzeko aukera. EAJ ildo beretik mintzatu da. Akordiorako oinarriaz gain kontuak oraindik ere «irekita» daudela adierazi du, eta «zintzoki» gerturatzen denaren «ekarpenak» jasotzeko prest dagoela.

PP da bide horretan sartzea baztertu ez duen bakarra. Instituzioei «egonkortasuna» eman behar zaiela azaldu, eta nola jokatu aztertuko duela adierazi du Nerea Llanosek.

«Murrizketetan sakonago»

EH Bilduk, berriz, gogor kritikatu du bai Eusko Jaurlaritzaren proposamena, bai PSErekin egin duen akordioaren emaitza. Batak zein besteak murrizketei eustea dakarrela ohartarazi du Maribi Ugarteburu legebiltzarkideak. Areago, murrizketetan sakondu ere egiten duela.

Gauzak horrela, «arduragabeki» jokatzea egotzi die jeltzaleei. Izan ere, Ugartebururen esanetan, EH Bilduk egindako proposamenak murrizketak eragoztea ahalbidetzen zuen, baina EAJk muzin egin dio proposamenari.

UPD ere haserre agertu da PSE eta PPrekin. «Konplexuz beteta» egotea egotzi die Jaurlaritzaren aurrekontu proposamenari aurre ez egiteagatik: «Nahiago dute argazkian atera, EAJren proiektuaren alternatiba den proposamena aurkeztu baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.