Baionako meskitako erasoa eskuin muturreko kide bati leporatu diote

Eraso egin diote Baionako meskitari: eraikinari su ematen saiatu dira, eta bi gizon tirokatu dituzte; larri dira erietxean. 84 urteko gizon bat atxilotu dute, eta armak atzeman dizkiote

Hiriaren kanpoko aldean dago Baionako meskita. Atentatuaren ondoren ingurua itxi zuen Poliziak. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Eraso egin zioten atzo arratsaldean Baionako meskitari: gizon bat eraikinari su ematen saiatu zen, eta barruan zeuden bi gizonek harrapatu zutelarik, tiro egin zien. Baionako ospitalean daude biak, larri, Pirinio Atlantikoetako Suprefeturak jakinarazi duenez. Inguruko auto bati su eman zion gizonak. Areago, komunikabide batzuek azaldu dutenez, gas bonbona bat aurkitu diote. Erasoa egin eta gutxira atxilotu zuten gizona, Seinautzen, Okzitanian. 84 urte dauzka, eta militar izandakoa da.

Baionako Joseph Latxague karrikan dago meskita, hiriaren kanpoko aldean. 15:20an pairatu zuen erasoa, arratsaldeko otoitza baino hiru ordu laurden lehenago. Lekuko batek BERRIAri azaldu dionez, sua sumatu zuen atean. «Ezantza ontzi bat ikusi dut lurrean. Beraz, lehendabizi atearen heinean zen sua itzali dut». Meskitako bi kidek harrapatua zuten erasotzailea. Tiroka eraso zien gizonak. «Entzun dut jendea oihuka; meskitaren bazter aldera joan naiz. Hor, auto bat zegoen sutan, eta biktima bat auto azpian. Hurbildu natzaio, eta hortik atera dut autoak zapart egin baino lehen». Haren esanetan, erredurak ez ezik, tiroak zeuzkaten. «Auto azpian zegoen gizona odoletan zen. Eskuin saihetsean min zuen balek zauritu zutelako. Beste biktima doi bat hobeki zegoen. Bala bat edo bi besoan». Sokorri zerbitzuei deitu zieten, eta larri eraman zituzten ospitalera. Prefeturak azaldu duenez, 78 eta 74 urteko bi gizon dira.

Arma gehiago

Tiro egin eta auto bati su eman ostean, ihes egin zuen erasotzaileak. Handik gutxira atzeman zuten; Prefeturaren esanetan, etxera iristen ari zela, Seinautzen, Baionatik ordu laurdenera. Meskita Baionako kanpoaldean dago, eta azkar ihes egin ahal izan zuen. Artean autoan zegoela atzeman zuten, France Bleu irratiak azaldu duenez. Haren arabera, pistola bat zeraman gidariaren alboko eserlekuan, eta poliziei aurre egiten saiatu zen. Gas bonbona bat ere bazeraman. Etxebizitzan eginiko lehen miaketan arma gehiago ere topatu zizkioten; granadak, esate baterako. Baionara eraman zuten atxilotuta. Polizia judizialaren esku dago. Albiste agentzia batzuekzabaldu dutenez, eskuin muturraren ingurukoa da gizona, eta Fronte Nazionalaren hautagaia izan zen 2015ean, departamenduko bozetan. Marine Le Pen Batasun Nazionaleko buruak esan du gizon hori kanporatu egin zutela alderditik, eta Baionako erasoa bere alderdiaren balioen «guztiz kontrakoa» dela erantsi du.

Erasoaren berri izan orduko, hainbat agintari joan ziren meskitara; besteak beste, Jean Renne Etxegarai Baionako auzapeza eta Eric Morvan suprefeta. Musulmanen kontrako «atentatua» izan dela adierazi zuen Etxegaraik, eta shock egoeran daudela: «Ez genuen uste gure hirian halakorik gerta zitekeenik». Babes osoa erakutsi zion musulmanen komunitateari, eta ohartarazi zuen Baiona beti izan dela «babes eremu» bat, erlijio ala politika arrazoiengatik jazarrientzat. Gaitzespena agertu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere: «Errepublikak nehoiz ez du onartuko gorrotoa». EH Baik eta LABek ere salatu zuten erasoa .

Baionako meskitaren aurka lehenago ere egin izan dituzte erasoak. 2017ko abuztuan, bi molotov koktel jaurti zituzten haren kontra. 2015eko urtarrilean, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoaren ostean, pintaketa arrazistak egin zituzten.

Meskita 48 ordura berriz irekitzea nahi dute orain. Anartean, herriko etxeko gela bat utzi dute musulmanen eskura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.