'Herenegun' programaren edukiak moldatu ditu Jaurlaritzak

Indarkeriaren gaia eskoletan lantzea du xede. Jasotako kritiken ostean, elkarrizketa prozesu bat zabaldu zuten ekarpenak egin zituzten eragileekin, aldaketak egiteko

gotzon hermosilla
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu zituzten Eusko Jaurlaritzak prestaturiko Herenegun programaren edukiek ezagutarazi zituztenean. Eskoletan indarkeriaren gaia eta Euskal Herriko azken hamarkadetako historia ikuspegi kritikotik lantzea zen egitasmoaren helburua, eta horretarako, besteak beste, zenbait bideo prestatu zituzten, baina alderdi politikoek eta bestelako eragileek kritikatu egin zituzten eduki horiek. Orain Jaurlaritzak iragarri du 36 aldaketa nagusi egin dituela unitate didaktiko horietan.

Orotara, edukien inguruko 31 ekarpen multzo jaso zituzten: batzuek material osoa jartzen zuten auzitan, eta beste batzuek, berriz, aldaketa sakonagoak edo hobekuntza zehatzagoak proposatzen zituzten. Eragileekin elkarrizketa prozesu bat egin ondoren, aldaketak egin dituzte bideo eta bestelako materialetan.

Batez ere, mezu nagusia indartu nahi izan dute bideoetan:off-eko ahots baten bidez, nabarmentzen dute ez dagoela «ideia bat bera ere pertsonaren balioaren eta bere giza duintasunaren gainetik», eta «orduko akats eta izugarrikeriek» ez luketela inoiz gertatu behar. Bideo bakoitzaren amaieran off-eko ahots batzuk sartu dituzte, «hamarkada bakoitza testuinguruan kokatzen dutenak» eta «ikasleen hausnarketa kritikorako» balio nahi dutenak.

Lekukotza gehiago ere sartu dituzte, eta orain, lehen ez bezala, 25 biktimaren adierazpenak agertzen dira bideoetan. Horietatik hamasei ETAren biktimak dira, bi GALenak, beste bi «Poliziaren legez kanpoko indarkeriarenak», bat jazarpen indarkeriaren biktima batena, eta beste bat torturak pairatutako pertsona batena. Horrez gain, Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko hiru biktima ere agertzen dira, sekuentzia berean.

Eusko Jaurlaritzak uste du prozesuak «emaitza ona» ekarri duela, eta sartutako aldaketa guztiak «elkarren arteko begiradak hurbiltzeko eta topaketa puntuak sortzeko ahalegin bat» direla. Jaurlaritzaren aburuz, programaren inguruan piztutako eztabaida ez da «arazotzat» hartu behar, «errealitatearen adierazletzat» eta topaketa puntuetan aurrera egiteko aukeratzat» baizik. «Prozesu honek Herenegun hobetu du, haren edukiari buruzko adostasuna handitu duelako. Oroimen eta bizikidetza gaietan, adostasuna da edozein prozesu hobetzeko balio kualitatibo gailena», azaldu dute.

Udaberrian, material didaktiko hori zortzi ikastetxetara eramango dute, proba gisa. Ostean, materiala berriro ebaluatu eta aztertuko dute, eta ez dute baztertzen hura «hobetzen jarraitzeko» aukera, betiere «elkarrizketaren eta egindako ekarpenekiko abegiaren irizpide berberari» eutsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.