Koronabirusa

Liburu dendak. Kulturaren lehen agerraldia

Kultur esparruan pertsiana altxatu ahal izan duten lehenengoak izan dira liburu dendak; ezin izan zaio berrekin, ordea, saltoki horietan ohikoa denari: liburuak begiratzeko ohiturari

Gazte bat erosketa bat ordaintzen, Iruñeko Katakrak liburu dendan, erakusmahaian ezarritako segurtasunezko pantailaren bestaldean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Tabakalera, Viktoria Eugenia antzokia, San Telmo museoa, Koldo Mitxelena kulturunea. Den-denak itxita eta ezinbesteko ilunpean, nolabaiteko hibernazioan. Horiek Donostian, baina antzera dabil beste hiri eta herrietako kultur azpiegituren paisaia ere. Bitarteko kaleetan, ordea, pertsianak jaso eta argiak ugaritu ziren atzo, askotariko komertzioak euren jardunera itzultzean. Tartean, liburu dendak. Maskarak eta eskularruak jantzita, erakusleihoetan beharrezko ohartarazpenak emanda, eta gel desinfektatzaileen boteekin zeuden bezeroak hartzeko gertu. Oro har, nahiko tantaka heldu ziren horiek ere. «Eguraldiak ere ez du ba asko laguntzen», zioten dendariek. Halere, lanerako gogoz eta larri gelditu barik zebiltzan gehienak, banatzaileen paketeak jasotzen, telefonoari erantzuten, eta, kasurik onenetan, liburuak saltzen.

Itxialdia indarrean sartu zenetik erdizka jarraitu ahal izan dute liburu dendek euren lanarekin. Donostiako Hontzan, kasu batera, guztiz geratu zuten makina hasieran, gero Internet bidezko salmentari ekin zioten —gertuko bezeroen «dei pertsonalek» bultzatu zituzten horretara, haiei entzuteak ez zutela Amazonen libururik erosi nahi eta ea eurenean modurik zen—, eta aurreko astean zabaldu zituzten lehenengoz ateak Okendo kaleko lokalean. Salmenta aurretiazko hitzorduarekin egitea zen baldintza, baina liburu denden kasuan ez zuten egingarri ikusi, eta atea itxita eta bezeroak banaka hartuz berrekin zioten jardunari. «Martxa pixka bat egon zen, eguraldiak ere lagunduta asko. Gaur [atzo] alderantzizkoa da: pentsatzen genuen jende gehiago ibiliko zela. Eguraldia ez ezik, jendea ere geldialdibatean bezala dabil, eta mezuak ez dira garbiak. Gure bezeroen erdiak ia probintziakoak dira, eta herriz herri ezin denez mugitu...», aipatu zuen hango Ramon Tatiegik. Aurreko astean, arratsaldez jenderik apenas ibili zela ikusita, soilik goizetan irekitzea erabaki dute. «Bederatziak eta laurdenetarako hemen ginen, eta orduan ibili da jende gehiena. Hamarretan batek esan digu ordua zuela etxera joateko. Paseatzeko ordu tartean ari da jendea etortzen». Egunean saltzen dutenarekin ordaintzen ditu fakturak liburu saltzaileak, eta likideziarekin bizi duten kezka aitortu du Tatiegik. «Kalea normal ez dabilen bitartean, geu ere ez gara normal ibiliko».

Zebrabidea igaro, eta Parte Zaharrean, nabaria zen komertzio arteko bizitasuna. Elkar dendan kanporaino luzatu zen ilara une batzuetan; ez, ordea, hogei laguneko gehienezko kopurua gainditu zelako barruan, kanpokoak sar zitekeen edo ez dudan zeudelako baizik. «Goiza ondo doa, motel, baina ondo», laburtu zuen Haizea Olarra saltzaileak. Saltokia ireki ahal izateko baimendutako metro koadroak gainditzen ditu Fermin Kalbeton kaleko lokalak, eta beheko solairua itxita zuten horregatik. Langileak ere erdiak, eta birus bat eta debeku ikurra ageri zuten itsasgarriak solairuan han-hemen itsatsita. «Jendea ondo ikasita dator jada: distantzia mantentzen dute, gela eman, eskularruak jarri...». Zerrenda eskuan zebiltzan asko, eta haurrendako materialaren eremuan izan ziren hiru-lau laguneko pilaketa txikiak. Olarra: «Egunetik egunera jende gehiago hurbilduko da, baina orain, oro har, galduta sumatzen dira».

«Makilakada izan da»

Kaxilda liburu dendako kideek lasai ekin zioten berrirekierari, nahi baino lasaiago akaso. Hamarretan ireki, eta lehen bi ordu pasatxoan ez zen bezerorik azaldu. Aurreko asteetan egin bezala, inbentarioko lanak eta barrura begirako beste zeregin batzuk aurreratzen zebilen Cristina Martinez liburu saltzailea. «Makilakada handia izan da, baina energiarekin gaude, gurpila berriz martxan jarriko den konfiantzarekin». Taberna eta jatetxe zerbitzua ere eskaintzen du Kaxildak, eta bigarren hanka horrek euren alde jokatuko duelakoan dira. Terrazako mahai eta aulkiak horma kontra batuak zituzten, ordea. «Hala joango da astea... Pazientzia, beraz».

Metro gutxira dago Lagun liburu denda, eta atea irekitzeaz bat egin zioten bezeroari maskara janzteko keinua saltokikoek. Segurtasun neurriekin zorrotz jokatzen ari direla zioen Beatriz Laso dendariak; tartean, irakurleari baimendu ezinda liburuak nahieran «manipulatzen». «Bakarren bati utzi diogu, eskularruekin, baina liburu dendetan ohikoa den liburuak lasai begiratze hori badirudi oraingoz ezin dela». Hala ere, jende faltarik ez dute izan, eta eskertuta sumatu dituzte: «Irakurgairik gabe gelditzen ari zirela esan digute, zain zeudela guk ere noiz irekiko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.