Adierazi dute Mirakontxako obrak %50-70 garestitzeko bidean direla

Iñaki Arriola Garraio sailburuak berretsi du Jaurlaritzak «konpromisoa» daukala Donostiako metroa egiteko. Aurreikusi baino bi urte geroago jarriko dute azpiegitura martxan, 2024an

Iñaki Arriola, atzo, Donostiako metroko lanak bisitatzen, Kontxako hondartza ondoan. JON URBE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Donostia
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Ura eta hondarra agertu ziren Donostiako metroaren lanetan, Mirakontxa eta Easo arteko tunelean, eta, horren eraginez, zati horretako lanak gelditu egin zituzten joan den irailaren 25ean. Orduan, ETSk esan zuen azpiegitura egiteko adjudikazio kontratua bertan behera uztea aztertzen ari zela, eta hala egin dute, legeak hala eskatzen duelako, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak atzo azaldu zuenez: «[Kalteak] konpontzeko aplikatu behar diren eraikuntza teknikak ez zeuden jatorrizko proiektuan jasota, eta esleipenaren kostua kontratuen legeak baimentzen duena baino askoz gehiago handitzea ekarri dute». Horregatik eten dute kontratua, hasieran egindako kontratua baino %50 gehiago garestituko direlako zati horretako lanak. Sailburuak aitortu du litekeena dela esleipen berria %70 garestiagoa ere izatea: «Segurtasuna da lehentasuna, eta irtenbide geoteknikoak garestiak dira». Mirakontxa eta Easo arteko lanen kontratua 53,2 milioi euroan adjudikatu zuten.

Lanen kostuak oso gora egingo duen arren, Eusko Jaurlaritzak lanak amaitzeko konpromisoa berretsi du, eta, horretarako, Arriolak Eneko Goia Donostiako alkatearekin bilera bat egin zuen atzo goizean, hiriburuko udaletxean. Nabarmendu zuen, halaber, lanen gelditzeak aurreikusitako saihesbide osoko 500 metrori eragiten diela; azpiegitura osoa egiten dutenean, 6,9 kilometro hondeatuko dira. Obren %90 hondeaturik dagoela ere azpimarratu zuen: «Izaera geologikoa duten arazoak Mirakontxa-Easo tarteko bi puntutan daude, 400 metro eskaseko sektore batean, hondartzaren eta Easo plazaren inguruan». Gainerako lanak martxa onean doazela azaldu zuen.

Aurreikuspenez bestera ura eta hondarra agertu izanak lanen zati bat gelditzea eragin badu ere, metroa egiteko lanek aurrera jarraitzen dute: «Obrak ez daude geldirik, eta lanean jarraituko dugu ahalik eta lasterrena amaitzeko». Arriolak esan zuen Mirakontxa eta Easo arteko lanak, aurreikusi bezala, 2021eko uztailean amaituko direla, baina Donostiako metroa ez da aurreikusitako epean martxan egongo: 2024rako egongo da martxan, Arriolaren arabera, hasieran aurreikusi zuten baino bi urte geroago.

Arriolak barkamena eskatu zien herritarrei lanek egin ditzaketen kalteengatik, eta «ahalik eta kalterik txikienak egiten» saiatuko direla jakinarazi. Baina ulertzeko ere eskatu zien, azpiegiturak Donostiari eragin diezazkiokeen «onurak» handiak baitira, haren ustez. Horregatik, lanek iraun bitartean pazientzia ere eskatu zien donostiarrei, Kontxako hondartzan egiten ari diren lanetara egindako bisitan.

Baina mezu hori bere egin ez zuen herritar talde bat agertu zen Arriolaren agerraldira. Metroaren aurkako ekintzaile batzuek obrak gelditzeko eskatzen duten bandera batzuk eskuan zituztela egin zioten harrera sailburuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.