Euskal errepublikaren botoia sakatu nahi dute

Bihar Eusko Legebiltzarra inguratzera deitu du Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak. Uste dute egungo sistemak «porrotera» daramala gizartea, eta hura «aktibatu» beharra dagoela

Marta Macho eta Ainhoa Gutierrez, joan den ostiralean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
Bilbo
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Osoko bilkura izango dute bihar Eusko Legebiltzarrean, eta eraikina inguratuko duen kate bat osatzera deitu du Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak eguerdirako. «Hondoratze jarraitua» eragozteko irtenbidea euskal errepublika dela nabarmendu zuen mugimenduak biharko egitasmoaren aurkezpenean, eta «krisiei» aurre egitera deitu zuen, iritzita krisia dela «herritarrok gobernatu ahal izateko asmatu zuten gobernu forma berria».

Egungo egoeraren aurrean, gizartea aktibatzeko «on botoia» sakatu nahi dute Marta Macho eta Ainhoa Gutierrez Ehuneko kideek, BERRIAri azaldu diotenez: «Beti egon behar da norbait aldaketaren botoia sakatzen duena, esango duena: 'Honaino. Aski da'.Behar dugu jendartea antolatzea, aldatzeko den edozertan; Ehunen antolatzen badira, ondo, baina beste edozein proiektutan antolatzen badira ere bai; ari diren bezala pentsiodunak, hezkuntzan, metalgintzan...». Gutierrezen arabera, «antolatuz» lortzen baitira eskubideak: «Antolatze horretan lortuko dugu egoera honi buelta ematea».

Aktibazioa, Machok beharrezkotzat baitauka «tresna bat» eratzea, «beharrak eta mugimendu herritarrak artikulatzeko, aldaketa bat exijitzeko». Izan ere, egungo «erregimenak» gizartea «porrotera» daramala uste du Gutierrezek, eta horrekin «apurtzeko eta zerbait berria eta justua sortzeko», ezinbesteko begitantzen zaio herritarrak antolatzea: «Nahikoa dela esateko momentua heldu da, jendea batzekoa. Noiz arte, bestela? Noiz arte jarraituko dugu horrela? Noraino utziko diegu gure eskubideak urratzen? Gizarte antolatu batek soilik alda ditzake gaur egungo parametroak».

Macho eta Gutierrez Osakidetzako langileak dira, eta beren lan jarduna dute euskal errepublikaren alde ekiteko motor nagusietako bat. Kexu dira izurriaren kudeaketarekin, baina harago doa protesta, Gutierrezen hitzetan: «Pentsatu genuen, orain aurrekontuen eztabaida hasiko denez, esan behar genuela ez gaudela ados pandemiaren kudeaketarekin. Zerbait egin behar genuen. Ideia ona iruditu zitzaigun parlamentua inguratzea, ikus dezaten ez gaudela ados beren egiteko eta banatzeko moduarekin».

Machorentzat, berriz, «elementu apurtzaile bat» da biharko egitasmoa: «Pentsarazten du mugitzeko beste modu batzuk daudela, geure burua beste modu batera pentsa dezakegula eta politika kaleetara ekar daitekeela berriro ere, ez dadin egon soilik parlamentuan eta eliteetan». Horregatik, uste du biharko deialdiak, daukan erantzuna daukala, «beste aukera batzuetan sakontzeko» balio izango duela.

Izan ere, jende gehiago edo gutxiago batu, arrakastatzat daukate mobilizazioa egitea bera. «Ez dugu itxaron behar milaka izatera: agian ehunka batzuek ahalko dugu esan nahikoa dela, eta jendea ekarri aldaketara. Jendeak gogoa dauka egoera aldatzeko, badaki egoera honekin ez goazela inora, baina ez daki nola», dio Gutierrezek. Aldaketa hori, ailegatzekotan, ez baita lortuko «instituzioei eskatuz», Machoren iritziz: «Behetik etorriko da». Dozenaka batzuk izango dira gutxienez: autobus bat antolatu dute Donostiako Antiguatik Gasteizera joateko.

Krisiak eta burujabetza

Ehun mugimendua «krisiez» mintzo da egungo testuinguruan, pluralean, baina Gutierrezek salatu du «eskubide urraketak baimentzen» direla krisi horien argudiopean: «Hainbat krisi daude: osasungintzarena, feminismoarena, ekologiarena, argindarrarena, etxebizitzarena... Jendea gero eta okerrago dago». Erantsi du «diruaren erabilera egokia ez den heinean krisiak areagotzen eta arrakalak sakontzen» ari direla. Macho bat dator diagnostikoan: «Arazoa da krisia beti aitzakia gisa erabiltzea beti betikoak estutzeko. Burujabetzak eskuratu behar ditugu baimenik eskatu gabe, beharrak herritarrek kudea ditzaten». Burujabetzak, pluralean hori ere, iruditzen baitzaio egungo ereduan herritarrak ez direla gai, «oinarrizkora joanda», beren burua kudeatzeko ere. «Ezta elikatzeko» ere: «Baserritarrak dauzkagu, bertako produktuekin, baina ez zaie erraztasunik jartzen laborantzarako eta banaketarako; oztopoak jartzen zaizkie. Izatekotan, supermerkatuen bidez zabaltzeko aukera ematen zaie. Elikadura burujabetzarik ere ez dugu bermatua».

Areago, krisi horiek, «paralizatzaileak» izateaz harago, «desozializatzaileak» ere izateko helburua dutela uste du Machok: «Indibidualismoa sustatzen da, ez dadila jendea batu eta antolatu... Baina jasanezina den maila batera iritsi da hori; gero eta jende gehiago dago langabezian, gero eta jende gehiagok dauka etxebizitza edo elikadura arazo bat... Bizirik irauteko benetako arazoak daude».

Horiek horrela, euskal errepublika bat eratzea da irtenbide bakarra Gutierrezentzat, «herriak erabakitzen duen sistema bat izango delako». Uste du euskal errepublika «justua» izango dela herriarentzat: «Herriak sortuko duen eraikin bat izango da, ez eliteek eraikia».

Euskal errepublikaren osaketa horretan, Machok ezinbesteko elementutzat dauka feminismoa, eta zaintza eredua birpentsatzeko beharra nabarmendu du: «Eliteentzat, giza baliabideak baino ez gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.