Akademiek diote irakastereduak arautzea erkidegoei dagokiela

Euskaltzaindiak, Institut d'Estudis Catalans-ek eta Real Academia Galegak idatzi bat kaleratu dute. Gaztelera jakiteko xedea bete dela diote; euskara, katalana eta galegoa jakitekoa, ez

Euskaltzaindiaren leloa eta armarria duen estandartea, artxiboko irudi batean. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Adierazpen bateratu bat plazaratu zuten atzo Euskaltzaindia, Institut d'Estudis Catalans eta Real Academia Galega akademiek, eta hizkuntzek eskoletan izan beharko luketen presentziaren inguruko iritzia eman zuten aditzera. «Berriz ere sortu da eztabaida publikoa hizkuntzek hezkuntza sistema duten presentziaren gainean», eta euren arabera, «berezko hizkuntza era ofizialean onartua duten erkidegoen hezkuntza sistemaren hizkuntza araudia erkidego horietako bakoitzaren eskumen esklusiboa da». Gogoratu zuten ideia hori bat datorrela Espainiar Estatuan dagoen autonomia printzipioarekin.

Hiru hizkuntza akademien arabera, hizkuntza araudi horiek ahalbidetu beharko lukete lurralde bakoitzean euskararen, katalanaren eta galegoaren gaitasuna gaztelaniaren parekoa izatea. Hau da, lekuan leku, bi hizkuntza ofizialen ezagutza bermatzea. «Ikerlan eta ebaluazio fidagarrienek, bai eta katalana, euskara edo galegoa berezko hizkuntza duten autonomia erkidegoetan egin diren askotariko esperientziek frogatu dutenez, hizkuntza horien etorkizuna normaltasunez ziurtatu nahi bada, katalanak, euskarak eta galegoak presentzia sendoa behar dute hezkuntza sisteman, eta horrek ez dio orain arte inolako galerarik ekarri gaztelaniaren jakintzari, ezta hemendik aurrera ekarriko ere». Areago, gaztelania jakiteko helburua «osoki bermatuta dago aplikatu diren askotariko hizkuntza ereduetan». Kontrara, eredu horiek euskara, katalana eta galegoaren jakintza bermatzeko aski ez direla izan nabarmendu dute.

Azkenik, hiru akademiek gogora ekarri dute botere publikoen erakunde aholku-emaile ofizialak direla, eta eskaera egin diete estatuko erakundeei eurei ere kontsulta egiteko. «Nahi genuke eztabaida publiko informatu eta arrazoizko baten parte izatea, estatu espainiarreko hizkuntza erkidegoen eta hizkuntzen artean elkarri begirunea izateko eta haien arteko bizikidetza errazteko. Izan ere, estatu espainiarrak hizkuntza aniztasuna gorde eta sustatu beharreko aberastasun moduan hartu beharko luke, ez ezabatu beharreko arazo moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.