Martxoaren 8rako grebara deitu dute Ipar Euskal Herriko sindikatuek

Mugimendu feministak eguerdirako deitu du protestara, Baionako ospitaletik. «Krisi sanitario, ekonomiko eta sozialaren biktimak» oroituko dituzte. LABek sektore feminizatuen aitortza galdegin du

BOB EDME / IPARLA.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko sindikatu nagusiek (LABek, CGTk, Solidairesek eta FSUk) greba deialdia egin dute Martxoaren 8rako, eta mugimendu feministak ere bat egin du lanuztearekin. Aitzineko urteetan Hego Euskal Herrian ere egin bezala, zaintza lanak ikusarazi nahi dituzte greba deialdiarekin. LABek, erraterako, sektore feminizatuen «duintasuna eta aitortza» galdeginen ditu.

Mugimendu feministak eguerdirako deitu du protesta nagusira: Baionako ospitaletik hasiko dute manifestazioa, 12:00etan, eta Merkatuko Plazaraino eginen dute ibilbidea, tartean hainbat hitzartze eginda. Horietan «krisi sanitario, ekonomiko eta sozialaren biktima izan diren emazteak» omenduko dituzte, eta «Frantziako Estatuak, kapitalismoak, Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta Elizak» emakumeen aurka egindako «bortizkeriak» salatuko dituzte.

Bagera, Emazteek Diote, Ipar Euskal Herriko Asanblada Feminista, Itaia, PAF, Planning Familial eta Zutik taldeek egin dute karrikara ateratzeko deia, elkarrekin. Nabarmendu dute 2021ean ere «bortizkeria sexistak, sexu erasoak eta zapalkuntza ekonomiko eta instituzionalak jasaten» dituztela emakumeek, eta diskriminazio horiek handiagoak direla emazte migranteen kasuan. Mugimendu feministak ohartarazi duenez, halaber, emakumeen «gorputzari begirako erabakiak hartzeko eskubidea» ez da «erabatekoa» oraindik, haurdunaldi lagunduari buruzko eztabaidak lekuko. Soldata arrakala ere gaitzetsi dute, eta salatu dute etxeko eta zaintza lanak «emakumeon gain» direla gaur-gaurkoz, «hein handi batean». «Generoan oinarritutako hezkuntzak sistema betikotzen» duela ere deitoratu dute, «heteronormatibitatearen zerbitzuko delarik».

Emazteak, «ikusezin»

COVID-19aren pandemiaren testuinguruan emazteak «ikusezinak» direla salatuko du mugimendu feministak: «Koronabirusak sortutako krisiak argiki frogatu du emazteok ikusezin egiten gaituztela, nahiz eta jendartean beharrezkoak diren arloetan gehiengoa izan. Diskriminazioak etengabekoak dira, sektore horietan bereziki».

LAB sindikatuaren hitzetan ere, emakumeek egiten dituzten lanek «sostengatzen» dituzte bizitzak, eta hori salatu eta ikusarazteko egin dute grebarako deialdia astelehenerako. Sektore feminizatuetan lan baldintzak hobe daitezela eskatuko dute; LABen ustez, horrek ekarriko bailuke jarduera horien zinezko aitortza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.