Gizarte «ireki eta tolerantea», baina baita diskriminatzailea ere

Ikuspegik diskriminazioaren inguruko pertzepzio eta jarrerei buruzko azterketa egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Herritarren laurdenek diote bizitzan noizbait diskriminatu egin dituztela

Protesta bat Bilbon, martxoan, Arrazismoak etxerik gabe uzten nau. Etxebizitza guztiontzat lelopean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
EHUko Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak Diskriminazioa eta aniztasuna EAEn: perspektibak, esparruak eta kolektiboak izeneko azterketaren emaitzen berri eman zuen atzo, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren artean diskriminazioaren inguruan dauden pertzepzio eta jarrerei buruzko balorazio soziologikoa plazaratzeko. Azterketaren arabera, «herritarren %24,4k adierazi dute beren bizitzan noizbait diskriminatu egin dituztela»; ehuneko hori handiagoa da emakumeen artean (%28,9) gizonen artean baino (%19,6). Hala, diskriminaziorako arrazoien artean gehien aipatzen direnak «emakume izatearekin, jatorriarekin edo adinarekin lotutakoak» dira.

EPADE 2020 inkestak 1.200 herritarren artean bildutako datuen azterketa soziologikoa egin du Ikuspegik. Jakinarazi duenez, jasotako erantzunetan oinarrituta, Bopi (Basque Open-mindness Index) aniztasunarekiko irekitasunaren euskal indizeak 72,7 puntu eman dizkio euskal gizarteari 0tik 100era bitarteko eskalan 100ek aniztasunarekiko erabateko onarpena adieraziko luke. Behatokiak emaitza horren balorazio positiboa egin du: «Datu hori gizarte ireki, inklusibo eta tolerante bati dagokio zalantzarik gabe, haren gizarte dibertsitate osoarekin, nahiz eta hobetzeko tartea dagoela ere erakusten duen».

Herritarren jokabideari buruzko azterketa horrek, ordea, agerian utzi du gizartean badirela jarrera «ez hain toleranteak» ere, batik bat ijitoen komunitatearekin eta etorkinekin; emakumeek jasaten dituzten diskriminazioen pertzepzio orokor bat ere islatu du. Hala, Ikuspegik gizartean gertatzen diren diskriminazio mota nagusien sailkapen bat egin du aurkezturiko txostenean, eta bakoitzaren inguruan bildutako emaitzak ezagutarazi ditu.

BIZITEGI DISKRIMINAZIOA

«Bizitegi diskriminazioa da, alde handiarekin, gehien hautematen dena, ziurrenik kolektibo batzuek nabarmen sufritzen dutelako eta bizitegi merkatu basati batean gertatzen delako, non etxebizitza ia ez den eskubidetzat hartzen», zehaztu du azterlanak. Hain zuzen, haren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %82,2k uste dute herritar guztiek ez dutela aukera bera alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko.

Alde horretatik, Ikuspegik azaldu du etxebizitza eskuratzeko aukera ezberdintasun hori nabarmen pairatzen dutenak ijitoak eta etorkinak direla, Magrebeko eta Saharaz hegoaldeko afrikarrei erreferentzia eginez; orokorrean gazteei ere kalte egiten diela gaineratu du: «Neurri batean, [bizitegi diskriminazioa] gizarte klasean eta ekonomia eta lan arloko faktoreetan oinarritzen da, eta, beste neurri batean, etnia eta arraza arrazoietan».

LANEKO DISKRIMINAZIOA

Lan eremuan ere, ijitoekiko eta etorkinekiko diskriminazioa da nagusi, bi lagunetik batek uste baitu arlo horretan jatorri kultural edo etniko desberdina izatea diskriminaziorako lehentasunezko arrazoia dela. Horrez gain, emakumeekiko diskriminazioaren pertzepzio orokor bat ere identifikatu du Ikuspegik: «Euskal gizarteak aitortzen du gizonen eta emakumeen arteko lan desberdintasuna, batez ere erantzukizun handiko lanpostuetarako sarbidean».

Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %78,1ek pentsatzen dute pertsona guztiek ez dutela aukera bera lanpostu bat eskuratzeko orduan, eta %77,6k ezberdintasunak hautematen dituzte erantzukizun handiko lanpostu bat eskuratzeko ere. Hain zuzen ere, emakumeen %42,5ek uste dute emakume izateak kalte egiten diela lanpostu bat eskuratzeko orduan, eta %55,5ek esan dute baldintza negatibo bat dela erantzukizuneko lanpostu batera heltzeko.

DISKRIMINAZIO SEXISTA

Diskriminazio sexistari dagokionez eta laneko diskriminazioarekin lotuta, emakumeek jasaten duten kristalezko sabaiaren pertzepzioa nabarmentzen du azterketak, baita kalean bizi izandako diskriminazio sexistekin loturiko esperientzia pertsonalak gehitu direla ere. Halaber, Ikuspegik zehaztu du feminista gisa identifikatzea estigma sozialetik urrundu dela: «Emakumeen feminismoarekiko posizionamendu pertsonala 7tik gorakoa da batez beste, 0tik 10erako eskalan».

Dena den, ezaugarri soziodemografikoei erreparatuta, emakumeen artean sexismoari buruzko pertzepzioen bereizketa bat identifikatu dute. Izan ere, azterketaren arabera, «ezkertiarrak direla dioten, euskaldunak eta ez-fededunak diren eta maila sozioekonomiko eta kultural altuagoa duten emakumeek» gehiago hautematen dute sexismoa «ideologia kontserbadorea duten, fededunak eta nagusiak diren eta integrazio txikiagoa adieraz dezaketen ezaugarriak dituzten emakumeek» baino.

DISKRIMINAZIO ANIZKOITZA

Hainbat diskriminaziok bat egiten dutenean, horiek jasaten dituenaren zaurgarritasuna larriagotu egiten dela azaldu du Ikuspegik, eta jakinarazi du diskriminazio anizkoitz hori areagotu egiten dela etniari edo arrazari loturiko diskriminazioak jasaten dituztenen artean: «Xenofobia, arrazakeria, matxismoa, adinkeria eta aporofobia elkarrekin nahasita ageri dira diskriminazioan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.