Herri gisa jarduteko deia

Alkateen Mugimenduaren 45. urteurrenak EH Bilduko eta EAJko 70 hautetsi bildu zituen atzo Bergaran. Manifestu batean, «herriaren askatasunerantz» jotzeko beharra azpimarratu zuten

Alkateen Mugimenduaren zenbait sortzaile eta Euskal Herriko 70 hautetsi,atzo, Bergarako udaletxearen atarian JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun

1976ko uztailaren 21ean bezala, Bergara (Gipuzkoa) Euskal Herriko udalen elkargune bilakatu zen atzo, herri horretan duela 45 urte sorturiko Alkateen Mugimenduaren urteurrena ospatzeko. EH Bilduko eta EAJko 70 alkatek bat egin zuten San Martin plazan antolaturiko ekitaldian, mugimenduaren aldarriek oraindik indarrean jarraitzen dutela eta Euskal Herriaren egungo erronkei herri moduan aurre egiteko beharra azpimarratzeko.

 

Alkateen Mugimendua foruen deuseztapenaren 100. urteurrenean sortu zen, besteak beste, frankismoko presoen amnistia, euskararen ofizialtasuna, ikurrinaren legeztatzea eta 1930eko Lizarrako Estatutuaren moduko autonomia estatutu bat eskatzeko. Jose Luis Elkoro eta Patxi Basauri, Bergarako eta Elgetako (Gipuzkoa) alkate ohiak izan ziren mugimenduaren sustatzaileetako bi , eta haren izenean, manifestu bat irakurri zuten atzo plazan, Gorka Artola eta Maria Ubarretxena Bergarako eta Arrasateko alkateekin batera.

«Orain 45 urte Bergarara deitu gintuztenek igarri zioten herriak zer sentitzen eta zer behar zuen, eta foruen indargabetzeak eragindako askatasun deuseztapena oroitzeaz gainera, urratu beharreko bidea zein zen erakutsi ziguten, konpromiso politikoari eta sozialari helduz», adierazi dute.

Hala, «aldarri hutsetatik harago», herri modura antolatzeko asmoa berretsi dute manifestura atxikitako alkateek: «Orain, munduari esaten diogu herri hau, Euskal Herria, bizirik dagoela oraindik, eta aurrerantzean ere biziko dela, hori nahi baitu gure herriaren gehiengo handi batek».

Erronka berriak

Koronabirusaren pandemian bizia galdu duten euskaldunak gogoan hartuta, egungo eta etorkizuneko gizartearen erronkei elkarrekin erantzuteko beharra ere nabarmendu dute manifestuan: «Orduan bezala, egungo egoera honetan ere, desafio berriei ekin beharrean gaude, eta argi adierazi nahi dugu, etorkizuneko gizarte erronkei erantzun baikor bat eman ahal izateko, euskal herritarren ahotsak bere lekua behar duela».

Hala, Alkateen Mugimenduaren sorreratik 45 urtera, Euskal Herria «beste bidegurutze batean» dagoela ohartarazi dute, eta, hura gainditzeko, «estrategikoki zuzenak diren erabakiak» hartu behar direla azpimarratu. Hain zuzen, osasun, ekonomia eta gizarte krisiaren eraginez arrakala sozialak eta noraez politikoak areagotu daitezkeela gogoratu dute: «Gure herria eta jendea aurrera ateratzeko ordua da, garapen ekonomikoa, gizarte justizia eta subiranotasun politikoa oinarritzat hartuta».

Hain zuzen, subiranotasunaren bidean, Alkateen Mugimenduak Euskal Herriaren «izateko eskubidearen» alde egin zuela gogoratu dute manifestuaren bidez, «etorkizuneko helmuga non egongo den erabakitzeko» borondatea agertu zuela nabarmenduz: «Adierazpen hura indarrean dago, eta, gaur, 45 urteren buruan, guri dagokigu aurrera jotzea, gure herriaren askatasunerantz».

Omenaldia alkate ohiei

San Martin plazan ikurrina altxatu eta gero, Bergarako eta Arrasateko alkateek lore sortak eskaini zizkieten Alkateen Mugimenduaren sorreran parte hartu zuten alkate ohi batzuei. Izan ere, Elkoro eta Basauriz gain, han izan ziren Jose Antonio Altuna (Arrasate), Luis Arkauz (Oñati), Jose Mari Kortabarria (Antzuola) eta Jabier Errazti (Eskoriatza) ere.

Ondoren, ekitaldira joandako hautetsiekin batera, Bergarako taldearen argazkia egin zuten udaletxe parean, eta, horren ostean, udalbatza aretoan antolatutako Alkateen Mugimenduari buruzko erakusketa bisitatu zuten. Hautetsiei dagokienez, han izan ziren, besteak beste, Eneko Goia (Donostia), Olatz Peon (Tolosa, Gipuzkoa), Xabier Txurruka (Zarautz, Gipuzkoa), Ima Garrastatxu (Durango, Bizkaia), Maite Ibarra (Arrigorriaga, Bizkaia), Javi Ollo (Altsasu, Nafarroa), Koldo Leoz (Lizarra, Nafarroa), Jean Telletxea (Urruña, Lapurdi) eta Txelo Auzmendi (Asparrena, Araba).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.