GALi gorazarre Kongresuan

Villarejo polizia ohiak talde armatu horrekin lotu du Felipe Gonzalez; esan du «ausartu zen bakarra» izan zela. Estatu indarkeria zuritzeko «zigorgabetasuna» kritikatu du EH Bilduk

Jose Manuel Vilarejo komisario ohia, asteazkenean, Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE.
jon olano
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Iragana gogoratzeko astea izan da igarotakoa. ETAk armak isilarazi zituela hamar urte bete izanak eta urteurrenaren atarian Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ETAren biktimen oinazea aitortu izanak ia monopolizatu egin du asteko eztabaida politikoa. Asteazkenean, ordea, beste talde armatu bati gorazarre egin zioten Espainiako Kongresuan: Kitchenauziari buruzko batzordean, Jose Manuel Villarejo komisario ohiak gerra zikina babestu zuen, eta Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohia seinalatu zuen GALen sustatzaile gisa.

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur eta Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-ren desagerpenei buruz galdetu zion Villarejori, eta polizia ohiak ETAri egotzi zion Perturrena. Naparraz galdetuta, berriz, zera esan zuen: «Egon ziren bi edo hiru bazter urrunetan galdu zirenak. Nik, tamalez, ez nuen parte hartu, baina gustatuko zitzaidakeen». Eta erantsi zuen: «Terroristak deuseztatu behar ziren, eta oso ondo egin zuten nire kideek». Are, Felipe Gonzalezen rola goraipatu zuen Villarejok, Gabriel Rufian ERCko diputatuari erantzunez: «Ez dut uste GAL akats bat izan zenik, Frantziak ETA erabiltzen zuelako Espainiari xantaia egiteko. Frantziak modu berean deuseztatu zuen OAS; Espainian, Felipe Gonzalez izan zen ausartu zen bakarra».

Polizia ohiaren hitzek izan al dezakete ondoriorik? Iñarrituk BERRIA-ri azaldu dio Naparrari edo Perturri buruzkoak aintzat hartzeko arazoa Villarejoren sinesgarritasuna dela; Kongresuko batzordean galdetu ziotenean gezurretan harrapatu zutela: «Desagertu baten senidea banintz, salaketa bat jarriko nuke, deklaratu dezan. Ez dakit zerbait egingo den, ez duelako frogarik aurkezten». Iñarrituk uste du Villarejoren helburua dela «zarata egitea eta transmititzea informazio asko daukala».

Estatu indarkeriaren gorazarreak, berriz, izango du ondoriorik? Iñarrituk salatu du «bi neurri» daudela, eta estatu indarkeria goraipatzean «zigor- gabetasuna» dagoela: «Guri eskaera batzuk egiten dizkigute, aste honetan ikusi den bezala, baina beste batzuetan garrantzia kentzen zaio edo normaltzat ematen dute. Pentsa guk halako zerbait esaten dugula».

Pertur ETApm-ko zuzendaritzako kidea zen, eta 1976ko uztailaren 23an ikusi zuten azken aldiz, Pausun (Lapurdi). Hiru hipotesi zeuden: bide politikoen alde zegoelako ETAko Komando Bereziek hil zutela da hipotesietako bat; eskuin muturreko talderen batek hil zuela da beste bat, eta Espainiako zerbitzu sekretuek aginduta Italiako neofaxistek hil zutela bestea. Naparra, berriz, ETAko kide izan zen lehenik, eta Komando Autonomo Antikapitalistetako kide gero, eta 1978an ihes egin zuen Iparraldera. 1980an desagertu zen.

Euskal gatazka ezagun du Villarejok, 1970eko hamarkadatik. Polizian hasi eta hiru urtera, 1975ean, Donostiara bidali zuten, «terrorismoaren aurkako borrokan» aritzera. Domina bat ere eman zioten horregatik. Azken urteetan ezagun egin da, 2017ko azaroan atxilotu ondoren, hainbat urtez politikariak eta enpresaburuak espiatzeko legez kanpoko sare bat osatu zuela-eta. Aurtengo martxoan utzi zuten aske, datorren hilabetean lau urte beteko zituzkeelako behin-behineko kartzelaldian. Asteazkenean, Villarejok azaldu zuen gaur egun ere polizia talde bat dagoela berak jardun zuen bezala lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.