Albistea entzun

Immigrazioaren auzia agendatik desagertu dela nabarmendu dute

Etorkinen integrazioari buruzko jardunaldiak egin dituzte Bilbon. 2018an egindako inkesta hartu dute oinarri. Adituek adierazi dute instituzioen bultzada «ezinbestekoa» dela
NUPeko irakasle Izaskun Andueza, atzo, Bilbon.
NUPeko irakasle Izaskun Andueza, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko apirilak 30 - Bilbo

Immigrazioa ez da fenomeno iragankorra, euskal gizartean ongi erroturiko zerbait baizik. Iraganean, migratzaileak askotan iritsi ziren Euskal Herrira, eta etorkizunean ere hala egingo dute. Baina prozesu horretan beharrezkoa da instituzioek laguntzea eta esku hartzea, batez ere pandemiak eta krisi ekonomikoak ekarri dituzten garai zail hauetan. Hori izan da etorkinen integrazioari buruz Bilbon egindako jardunaldien ondorioetako bat.

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak antolatu ditu jardunaldiak, eta, horietan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren Espainiatik kanpoko etorkinei 2018an egindako inkestaren datuak hartu dituzte oinarritzat. Inkestak baditu lau urte, eta han ez dira jasotzen pandemiaren eta horren osteko atzeraldi ekonomikoaren ondorioak. Hala ere, tresna baliagarria da immigrazioaren eta etorkinen integrazioaren joerak, zailtasunak eta erronkak atzemateko.

Arlorik arlo jorratu dituzte inkestak azaldutako auziak: enplegua lortzeko zailtasunak, osasungintzaren eremua, hezkuntzak integrazio bide gisa ematen dituen aukerak, diskriminazioaren inguruko pertzepzioak eta abar. Xabier Aierdi soziologo eta Begirune fundazioko presidenteari egokitu zaio azaldutakoetatik ondorio batzuk ateratzea, eta esan du azken bolada honetan immigrazioa eta integrazioa «albo batera utzitako gaiak» direla: «Inork ez du immigrazioaz hitz egiten, ezta gaizki esaka aritzeko ere».

Haren iritziz, pandemiak iraun duen bitartean immigrazioa «ikusezin» bilakatu da. Paradoxikoa eman badezake ere, hori gertatu da immigrazioaren beharra inoiz baino argiago agertu den garaian: «Batzuek immigrazio selektiboaz eta talentua erakartzeaz hitz egiten dute, baina, pandemian hamaika app diseinatzaile eduki izan bagenitu, horrek ez zigukeen ezertarako balio izango. Pandemian, beharrak zaintzan eta nagusiki etorkinak aritzen diren antzeko esparruetan egon dira».

Hala ere, etorkinen ekarpena ezinbestekoa izateak ez du ekarri hobekuntzarik, Aierdiren esanetan: «Egoera asko okertu da herritar guztientzat, eta are gehiago etorkinentzat. Ziurgabetasun handiko aroa da. Garai batean etorkinek ibilbide bat egin ohi zuten: hona iritsi, bolada batean egoera irregularrean egon, lana aurkitu, paperak lortu eta azkenean nolabaiteko egonkortasuna eskuratu. Baina ibilbide hori asko ahuldu da azken bolada honetan».

Erakundeen esku hartzea

Egoera hori aldatzeko, «erakundeen bultzada» ezinbestekotzat jotzen du Aierdik: «Dena ezin da gertaeren jario hutsaren esku utzi. Erakundeek esku hartu behar dute». Nabarmendu du horretarako tresnak badaudela, baina, esan duenez, beharrezkoa da «apustu instituzional sendoa» egitea eta «ekimen politikoa berreskuratzea».

Oraingo immigrazioa eta duela zenbait hamarkada izandakoa alderatu ditu Aierdik. Esan duenez, frankismoaren garaian Euskal Herrira iritsitako etorkinek, batez ere etxebizitza topatzea izaten zuten zailtasunik handiena. Lana aurkitzeko, berriz, ez zeukaten traba handirik: «Lan merkatuak prozesu hori errazten zuen». Orain, ordea, gauzak arras aldatu dira.

Aierdik uste du immigrazioaren eta aniztasun kulturalaren kudeaketaren arloan beharrezkoa dela erakundeen bultzada hori, baina maila orokorrago batean ere «gizartea berriro instituzionalizatzea» proposatzen du: «Ezin da jendea bakarrik utzi. Gizarteak erakundeak, politika sozialak eta ongizate egiturak sortu behar ditu».

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Izaskun Anduezak aztertu du hezkuntza sistemaren eta integrazioaren arteko harremana. Esan duenez, hezkuntza oso tresna indartsua da, «publikoa, derrigorrezkoa eta doakoa» delako. Gakoa da ikustea ea integraziorako duen ahalmen hori ongi baliatu ote den etorkinen kasuetan.

Zailtasun batzuk badaude horretarako, 2018ko inkestan agertzen diren datuek erakusten baitute etorkinen kasuan eskolaratze prozesuak badituela desberdintasun eta berezitasun batzuk. Alde batetik, hirutik bik adierazten dute Lehen Hezkuntzaren ostean sartu zirela hezkuntza sisteman; hizkuntzaren arloan ere, abiapuntua oso desberdina da, haietako asko ez baitziren ongi moldatzen eskolan erabiltzen ziren hizkuntzetan, eta, euskararen kasuan, %96,3k ez zekiten euskaraz; ereduari dagokionez, %67,3 A ereduan matrikulatu zituzten, normalean D eredua nagusi den arren.

Egoera aldaketa

Hezkuntza sisteman egon edo hortik pasatu diren 16 urtetik gorakoek erantzun zioten 2018ko inkestari, eta, beraz, litekeena da datu horiek zaharkituak egotea. Anduezak berretsi du orain egoera bestelakoa dela, eta, adibidez, etorkin jatorriko 5 urtetik beherako umeen %70 hezkuntza sisteman daude egun EAEn, eta %41 D ereduan ari dira. Baina begien bistakoa da abiapuntua desberdina izateak eragina duela emaitza akademikoetan, integrazioan, hizkuntza gaitasunean eta bestelako arloetan.

Beste zenbait aldagai ere aipatu ditu Anduezak. Adibidez, sexuari erreparatuta, emakumeek datu okerragoak dituzte integrazioaren arloan, baina emaitza akademiko hobeak izaten dituzte.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Idurre Eskisabel. ©Euskalgintzaren Kontseilua

Idurre Eskisabel izango da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria

Julen Aperribai

Karguan hamabi urte egin dituen Paul Bilbao ordezkatuko du Durangon, Kontseiluaren 25. urteurreneko ekitaldian. Lehentasuntzat jo du «kohesio sozialaren eta justizia sozialaren arloan» lan egiten duten eragileekin aliantzak sendotzea.

Feministalidaren hamazazpigarren edizioaren aurkezpena, gaur, Donostian ©Andoni Canellada / FOKU

‘Ahoa narras’ izenburupean egingo dute Feministaldiaren hamazazpigarren edizioa

Isabel Jaurena

Azaroaren 30etik abenduaren 3ra bitarte izanen da jaialdia, Donostiako Tabakaleran.

Galdakaon egindako agerraldia ©Aritz Loiola / Foku

Galdakaon bi familia kaleratzeko arriskuan daudela salatu dute

Gotzon Hermosilla

Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak esan duenez, «putre funtsak Euskal Herrira iritsi dira; orain da geldiarazteko garaia».

Donostiako geltokia, artxiboko irudi batean. Gaur zen martxan jartzekoa behin-behineko geltoki berria. ©Gorka Rubio / FOKU

Renfeko 10.000 erabiltzaileri baino gehiagori eragin die Andoain eta Irun arteko etenak

Berria

Gaur jarri dute martxan Donostiako behin-behineko geltokia, baina espero baino beranduago. 04:00 aldera ziren zirkulazioa zabaltzekoak; arazoa, ordea, 12:30erako konpondu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.