Badator Emakumeen Mundu Martxa

Tafallatik sartuko da etzi karabana feminista Euskal Herrira.Ekitaldi nagusia Bilbon eginen dute; parte hartzera deitu dute antolatzaileek

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako plataformako kideak, atzoko aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Kurdistandik Euskal Herrira. Martxoaren 6an jarri zen martxan Emakumeen Mundu Martxa, eta etzi ailegatuko da Nafarroara. Tafallara, zehazki. 10:30ean eginen diote harrera karabana feministari herri horretan, besta giroan; kalejira eta hamaiketakoa eginen dituzte, bertzeak bertze.

Astebeteko egitaraua prestatu dute Euskal Herriko plataformako kideek, mundu martxak hemen eginen dituen 25 geldialdietarako. Etzi hasi, eta urriaren 4koa izanen da azken eguna; ekitaldi nagusiaren eta agurraren eguna, Bilbon, hain zuzen ere. Galiziarako bidea hartuko du handik Emakumeen Mundu Martxak.

«Oso ekitaldi eferbeszentea da; bost urtetik behin ematen digu aukera bat egiteko, elkarrekin lan egiteko; sortzen diren dinamikak, gainera, ez dira mundu martxarekin amaitzen; lan horrek badu segida. Oso emozionala da; tokikoa global bilakatzen da, eta sortzen den lotura hori sentitzen dugu». Horixe nabarmendu zuen Saioa Iraola antolatzaileak, atzo, Iruñean egindako aurkezpenean. Astelehenean izanen da karabana feminista Nafarroako hiriburuan. Arratsaldez ailegatuko da, eta abortatzeko eskubidearen aldeko aldarria izanen du protagonista. Hiriburuetan ez ezik, Leitzan, Hazparnen, Hondarribian, Hernanin, Errenterian, Agurainen, Durangon edota Igorren ere hartuko dute mundu martxa, bertzeak bertze, ibilbidea urriaren 4an Bilbon amaitu baino lehen. Jarduera guztietan, eta, batez ere, Bilboko ekitaldi nagusian parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek herritarrak.

Emakumeen Mundu Martxak astebete eginen du Euskal Herrian. Bide hori prestatzen aspaldi hasi ziren hemengo plataformako kideak, hala ere, herriz herri. Lan horrek lau ildo nagusi izan ditu: sistemen arteko indarkeria, bizitzaren iraunkortasuna, gorputzak eta sexualitatea, eta aniztasunaren kudeaketa. «Egindako lanarekin oso pozik gaude», nabarmendu zuen Kattalin Minerrek atzo. Plataformak era askotako taldeak hartu dituela gaineratu zuen, eta egindako lanak denen kezkei eman nahi izan diela erantzuna. Denak hartu nahi izan dituela kontuan. Sistemen arteko indarkeriaren atala jarri zuen adibide, eta indarkeria matxistarekin batera, arrazakeria, lesbofobia eta bertze ere jorratu dituztela azaldu zuen Minerrek.

Elikadura burujabetza

Bertzelako hartu-emanak ekarri ditu Emakumeen Mundu Martxa prestatzeko lanak. «Emakume baserritarrekin sortu dira aliantzak, adibidez». Aurtengo martxak, hain zuzen, elikadura burujabetzaren auziari egin dio so, bereziki. Euskal Herrian prestatu dituzten ekitaldietan ere badu isla gai horrek: hazien bankua osatuko dute, herriz herri jasotako laginekin, eta Galiziara bidaliko dituzte, karabana feminista herri horretarantz abiatzen denean. «Errenterian, berriz, baso feminista egin dute, eta urriaren 1ean inauguratuko dute», erantsi zuen Kattalin Minerrek.

Azken hilabeteotan erakunde eta norbanako anitzek eman diote babesa eta atxikimendua Emakumeen Mundu Martxari. «Ekainean jarri genuen kanpaina martxan, eta ia ehun kolektibok eta ehunka norbanakok egin dute bat gurekin», erran zuen Minerrek.

Datu horiek argi erakusten dute mundu martxak babes handia duela Euskal Herrian, plataformako kideen hitzetan. «Ezin dugu ahaztu mundu martxaren harira sortutako taldeek lanean jarraitzen dutela mundu martxa amaitu eta gero; plataformarik handiena da, finean», erantsi zuen Josebe Iturriozek, mundu martxak duen garrantzia nabarmentzeko.

Emakumeen Mundu Martxarako, hain zuzen ere, abestia eta bideoa prestatu dituzte aurten Euskal Herriko plataformako kideek. Bandera moreak izena du kantak. Uxue Alberdik idatzi ditu hitzak, eta, musika, berriz, Perlak taldearena da. Karabana feminista laguntzeko propio sortutako lana da. Musika, martxan jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.