Legealdiko laugarren aurrekontuak onartzeko bidean dira Nafarroan

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak 20 milioi euroren zuzenketak onartu dituzte 2019ko aurrekontuetan. Akordio politikoak egonkortasuna eman duela azpimarratu dute

Marisa de Simon, Bakartxo Ruiz, Ruben Velasco eta Koldo Martinez, atzo, Nafarroako Parlamentuan. EH BILDU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
UPNk hiru aldiz luzatu zituen aurrekontuak aurreko legealdian. Horren aldean, aldaketaren aldeko lau taldeak legealdi honetan laugarren aurrekontuak ateratzeko bidean dira. Atzo, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 2019ko aurrekontuen gaineko 128 zuzenketa aurkeztu zituzten. Nafarroako Gobernuaren lege proiektuari 20 milioi inguruko aldaketak ezartzeko helburua dute. «Talde guztiok egin dugu ahalegina akordioak lortzeko, talde guztiok erakutsi dugu konpromisoa legealdi honetan aurrekontuak izateko, beste legealdi askotan ikusi izan ez dugun irudia emateko», nabarmendu zuenEH Bilduko Bakartxo Ruizek.

Bestelako urratsak egin aurretik, gaurko proba gainditu beharko dute. PPk eta UPNk 2019ko aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatuko dituzte osoko bilkuran, baina, PSNk laukoarekin bat egingo duenez, ez dute arazorik izango atzera botatzeko.

Atzo aurkeztutako zuzenketan inguruan pozik zegoen Geroa Baiko Koldo Martinez: «Legealdiaren laugarren urtean, laugarren aurrekontuak izango dira hauek. Egonkorra eta sendoa izan da aldaketaren gobernua; etengabe lan egin du herritarren ongizatearen alde». Aurrekontuok hauteskunde urtekoak izango direnez, gerta liteke beste gobernu batek kudeatu behar izatea. Alta, ez da hori EH Bilduren asmoa, Ruizen hitzetan: «Aurrekontuak aldaketa politiketan pentsatuz egin ditugu, eta akordio programatikoa bete nahi dugu. Ziur gaude ez dela amaituko maiatzaren 26an, eta hortik aurrera jarraituko duela».

Velascok nabarmendu zuen «diru gutxirekin» aldaketa garrantzitsuak egin dituztela Landa Garapenean eta Ingurumenean. Ezkerrako Marisa de Simonen ustez, berriz, aurreko legealdiko murrizketak iraultzeko gai izan da laukoa: «Aurrekontuan zeuden gabezia batzuetan aurrera egin dugu, eta zerbitzu batzuk hobetu ditugu».

Nafarroako Ahal Dugu-k bat egin du zuzenketekin. Alderdiaren organo gorenari, herritarren kontseiluari, aurrekontuak onartzea proposatuko dio, nahiz eta, Mikel Buil eledunaren arabera, «kritikoak»diren edukiarekin: «Ez dugu lortu gobernuak parte-hartze prozesu zabal bat bultzatzea, gizarte eragileek eta sindikatuek ere parte har dezaten».

Zuzenketek departamentu guztietan aurreikusten dituzte aldaketak. Euskarari dagokionez, 200.000 euroko hazkundea izango dute laguntzek. Hezkuntzan, 0-3 zikloko haur eskolak finantzatzeko udalekin hitzartutako itunak, milioi bat euro; musika eskolentzat, milioi erdiko laguntza deialdia; hainbat ikastetxe publikoren obretarako, 1,3 milioi; osasunean, Nafarroako Ospitale guneko obretarako, 660.000 euro, eta Cascante, Lizarra, Tutera eta mendialdeko osasun etxeetarako, 450.000 euro; garapen ekonomikoan, elikagai industriaren zentro teknologiarentzat, 700.000 euro ikerketarako; berdintasun politiketarako, 530.000; liburutegietarako, 400.000 euro; Tuterako kiroldegirako, 1,8 milioi.

PSNk, berriz, atzo iragarri zuen 297 zuzenketa aurkeztuko dituela: 181 milioiko balioa dute. Maria Txibiteren arabera, gobernuaren proiektuari «anbizioa falta zaio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.