Jaurlaritzak xede du ume guztiek barazkiak eta fruta jatea egunero

2022rako lortu nahi du, haurren obesitatea prebenitzeko planarekin. Erronketako bat da ariketa fisikoa astean gutxienez zazpi orduz egitea. Udalek planak osatzea nahi du

Altzako (Donostia) Oleta eskolako umeak, gosari osasuntsua zer den ikasten. JON URBE / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ume eta nerabe guztiek egunero fruituak eta barazkiak jatea, astean gutxienez zazpi orduz ariketa fisikoa egitea —bi ordu eskolatik kanpo— eta udal guztiek gazteen obesitatearen aurkako politikaksartzea beren agendan. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atondu duen estrategiak hiru helburu horiek ditu 2022rako, haurren obesitatea prebenitzeko. Sano ipini diote izena, eta Jon Darpon Osasun sailburuak aurkeztu zuen atzo, Bilbon, Juanjo Aurrekoetxea Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak lagunduta. «Badakigu erronka handia dela, eta agian hiru urteotan ez ditugula helburuak erabat lortuko. Baina, behintzat, saiatuko gara ahalik eta gehien gerturatzen», aitortu du sailburuak.

Espainiako Osasun Inkestaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2 eta 17 urte arteko umeen artean obesitateak behera egin zuen 2012tik 2017ra: %13tik %8ra jaitsi da mutiletan, eta %9tik %6ra nesketan. Hala ere, gehiegizko pisua duten umeen kopuruak gora egin du, eta horrek kezkatu du Osasun Saila. %13tik %26ra igo da mutiletan, eta %15etik %25era nesketan. Bereziki, 6 eta 9 urte arteko neska-mutikoetan dira nabarmenak gehiegizko pisua eta obesitatea: mutilen %22k pisatzen dute behar baino gehiago, eta %15ek dute obesitatea; nesken %24k pisatzen dute behar baino gehiago, eta %8k dute obesitatea. Adin guztietan, gehiegizko pisua duten mutilak gehiago dira neskak baino, nahiz eta neskek mutilek baino ariketa fisiko gutxiago egin, oro har. «Ezin da azalpenik eman. Obesitatea jaten eta kontsumitzen ditugun kalorien arteko oreka faltaren ondorioa da, eta hor egon daiteke aldea», azaldu du Aurrekoetxeak.

Sailburuak esan du Sano izeneko estrategia «integratzailea eta diziplina anitzekoa» dela. Jaurlaritzako hainbat sailek osatu dute plana, baita umeekin harremana duten zenbait eragilek ere. Darponek zehaztu du haurrek eurek ere iritzia eman dutela, estrategia garatzean haien konpromisoa izango delako «garrantzitsuena». Hiru helburu horiek lortzeko, bost arlotan egingo dute lan datozen urteetan: familia, eskola, osasun arloa, enpresa pribatuak eta komunitatea.

FAMILIA

«Garrantzitsuena», sailburuaren esanetan. Zenbait jarduera egingo dituzte neska-mutilek ohitura osasungarriak hartzeko. Besteak beste, gurasoak prestatzeko programak eskainiko dituzte. Familian ariketa fisikoa egitea sustatu nahi dute. Eta sakelakoetarako aplikazio bat sortuko dute, familiaren eta kideen nutrizio soslaia eta ariketa fisikoaren intentsitatea neurtzen laguntzeko; aholkuak ere emango dituzte.

ESKOLA

Ohitura osasungarriak bultzatuko dituen ekosistema bihurtu nahi dituzte ikastetxeak. Hezkuntza Sailarekin, hezitzaileen parte hartzea sustatuko duten programak bultzatuko dituzte. Udalek, guraso elkarteek, enpresek eta herritarrek laguntzea ere nahi dute. Eskoletan eskaintzen diren elikagaiak osasuntsuak eta orekatuak izatea nahi dute. Darponek gogora ekarri du Sopelako (Bizkaia) Ander Deuna ikastolan eta Gasteizko Lakuabizkarra ikastetxean bi proiektu probatzen ari direla: etxean eta eskolan fruitu, barazki eta arrain urdin gehiago jaten duten 8 eta 11 urte arteko umeak saritzen dituzte. Horrez gainera, jarraibideak bidaliko dituzte ikastetxe guztietara, jolas orduetan umeek ariketa fisikoa egin dezaten. «Ez da kirola izan behar ezinbestean. Jolasak izan daitezke».

OSASUN ARLOA

Medikuen eta erizainen sentsibilizazioa eta prestakuntza bultzatuko dituzte, hazkunde etapetan obesitatea identifikatu eta horri aurre egiten jakiteko. Sailburuak esan du amaren esnea edatearen garrantziaz ohartarazten jarraituko dutela haurra jaio aurretiko etapan, obesitateari aurre egiteko «garrantzitsua» delako.

ENPRESA PRIBATUAK

Elikadura enpresekin egin nahi dute lan bereziki. «Elikadura osasuntsuari lotutako aukerak erakargarriak izatea nahi dugu, eta baita ekonomikoki eskuragarriak ere». Horrez gainera, zaildu egingo dute osasuntsuak ez diren elikagaiak eskuratzea. Publizitatean eta etiketetan, informazioak zuzena, argia eta ulergarria izan beharko du.

KOMUNITATEA

Obesitatearen kontrako neurriak sartu beharko dira udal politiketan. Umeek olgetan egiteko lekuak izan ditzatela nahi dute. Eskolara oinez edo bizikletaz arriskurik gabe joateko bide seguruak ere eskatu dituzte. Aisialdi eskaintza osatzean familientzako ariketa fisikoa eskaini beharko litzatekeela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.