Koke planta ixteko «bide bat» zabaldu du Auzitegi Nazionalak

Meatzaldea Bizirik plataformak Petronor salatu zuen Kosta Legea urratzeagatik, eta auzitegiak ebatzi du Ingurumen Ministerioak iritzia eman behar zuela horri buruz
Herritar talde bat Muskizen, Petronorren koke plantaren aurkako protesta batean.
Herritar talde bat Muskizen, Petronorren koke plantaren aurkako protesta batean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Jokin Sagarzazu -

2019ko apirilak 6
Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegiko koke planta «eraisteko» bide bat zabaldu du Espainiako Auzitegi Nazionalak kaleratu berri duen ebazpen batek, Meatzaldea Bizirik plataformak ezagutarazi duenez. Azpiegitura hori egin aurretik —2013an jarri zuten martxan— talde horrek Espainiako Ingurumen Ministerioari eskatu zion zigor espediente bat irekitzeko Petronorren aurka, kostaldeko lur eremu publiko batean eraiki behar zuelako planta hori; baina ez zuen txostena egin, eta 2012an plataformak auzitara jo zuen Petronorren aurka, ministerioaren «baimenik gabe» azpiegitura eraikitzeagatik. Auzitegiak orain ebatzi du Ingurumen Ministerioak eskaerari erantzun behar ziola; Petronorren aurkako zigor espediente bat ireki zein ez, txosten bat egin behar zuela.

«Epaia irmoa izan arte ministerioa ez dago ezertara behartuta», zehaztu du plataformako abokatu Cristina Alvarezek. Eta azaldu du ebazpen horrek hainbat aukera zabaltzen dituela. Aurrenekoa, Petronorrek helegitea jartzea Espainiako Auzitegi Gorenean; kasu horretan, eta abokatuaren arabera, beste bi-hiru urtez itxaron beharko lukete erabakia irmoa izan arte.

Behin betikoa izatean, gobernuak erabaki dezake txostena ez egitea, baina plataformak auzitara joko luke, abokatuak adierazi duenez, beste auzibide bat abiatuz ministerioaren aurka. Edo erabaki dezake txostena egitea, baina argudiatzea ez duela Petronorren kontrako zigor espedienterik ireki behar; kasu horretan ere epaitegietara joko luke talde ekologistak. Erabaki dezake, halaber, txostena egitea eta planta desegiteko agindua ematea.

Azken aukera hori gauzatzea espero dute Meatzaldea Bizirik taldekoek. «Eraistea, beste aukerarik ez dugu ikusten; horren alde borrokatuko gara gu», azpimarratu dute. «Horra heltzeko, bidea geratzen da egiteko, baina ebazpen honek zabaldu egiten du bidea», gaineratu du Alvarezek.

Abokatuaren arabera, Muskizko koke planta eraiki zen Ingurumen Ministerioaren baimenik gabe, eta hala jarraitzen du oraindik ere. Alvarezek ziurtatu du Petronorrek baimen hori izan behar behar zuela planta eraiki ahal izateko. Dena den, argitu du Auzitegi Nazionalak ez duela horri buruzko iritzirik eman bere ebazpenean, hori ez delako auzibidearen muina. «Guk egin genuen eskaerari buruz ebatzi du, eta auzitegiak onartu du erantzun bat jaso behar genuela, Petronorren kontrako zigor espedientea irekiz zein ez».

Alvarezen arabera, zabalduz gero, planta desegitearen alde egin beharko luke ministerioak «derrigor», eta, horrekin batera, zigor ekonomiko bat ezarri beharko lioke Petronorri. «Beste aukerarik ez du». Espainiako Kosta Legean oinarritzen da abokatua hori esateko. Dena den, aitortu du ministerioak araudia «beste era batera» interpreta dezakeela. «Baina kasu horretan justifikatu beharko luke bere erabakia».

Eraistearen alde eginez gero, ez litzateke lehena izango. Alvarezek azaldu duenez, hala egin dute Cepsa enpresak Santa Cruz Tenerifekoan (Kanariak, Espainia) duen findegiarekin; eraiste lanak aurten hasiko dituzte. Petronorrena baino «sei aldiz txikiagoa da». Era berean, gogoratu du Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean «100 bat eraikin» eraitsi dituztela Kosta Legea dela eta.

Erabaki politikoa

Muskizko findegiarekin loturik, halaber, Alvarezek adierazi du Petronorrek gaur egun ez duela lur eremu publikoa erabiltzeko kontzesiorik. Abokatuaren arabera, 2013ra arte zuen baimena, eta egun «tramitatzen» ari dira berritzea; adierazi du, baina, legeak baimentzen duela funtzionamenduan jarraitzea. «Sei urte daramatza horrela eta beste hogei egin ditzake». Dena den, abokatuak azaldu duenez, ministerioak zigor espedientea irekiko balu, ezingo litzateke berritu koke plantaren lur eremuari dagokion zatiaren baimena.

Iazko ekainean Auzitegi Nazionalak berak kaleratutako epaiari —plataformari arrazoia emanez— Petronorrek jarritako helegitearen ebazpena da orain ezagutarazitakoa. Gorenera jo nahi izanez gero, astelehenera arteko epea dute aldeek.

Plataformako kideak «itxaropentsu» azaldu dira, haien abokatuak azaldu duenez, Estatuaren abokatuak jakinarazi die helegiterik ez duelako jarriko. Are gehiago: uste dute ministerioak zigor espedientea egin beharko lukeela. Alvarezek ziurtatu du Espainiako gobernuak (PSOE) «ulertzen» duela egungo egoera «araugabea» dela.

Auzitegi Nazionaleko auzibideaz gain, «beste hainbat fronte» dituzte zabalik, «baita Europako instantzietan ere», abokatuak azaldu duenez. Meatzaldea Bizirik plataformako kideek gaineratu dute orain arteko auzi batzuk irabazi eta beste batzuk galdu dituztela, baina haiek «irmo» jarraituko dutela. «Maratoi korrikalarien jarrera dugu guk». «Zenbait erakundek eta alderdi politikok» plataformaren aurka zabaltzen dituzten «akusazio faltsuak» salatu dituzte.

Auzitegi Nazionalaren erabakiak zabal dezakeen bidea «ospatzeko», iragarri dute festa bat antolatu dutela maiatzaren 5erako Muskizen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna