Maria Txibiteren «traizioa»

Anviteko biktimak hitz gogorrez mintzatu zaizkio Txibiteri, aurreko astean Francisco Casanovaren omenaldian izan ostean. Gobernuak erantzun die gogoeta egiteko

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Francisco Casanovaren aldeko omenaldian. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Nafarroan, eskuinak gobernatzen ez duenean, ETAren biktima batzuk haserretu egiten dira. Sumin hori adierazteko, hitz gordinak erabiltzen dituzte gobernuen aurka. Hala egin zuten, duela lau urte, Uxue Barkos lehendakari izendatu zutenean; hala egin dute, orain, Maria Txibiterekin. Lehendakariak inbestiduran EH Bilduren abstentzioa izan duelako, Anvite biktimen elkarteak biktimei «traizio» egitea aurpegiratu dio, eta hala jakinarazi zioten Txibiteri iragan asteburuan, Francisco Casanovaren omenaldian, Berriozarren (Nafarroa).

Duela lau urte ere antzera gertatu zen. Aldi hartan, Ainhoa Aznarez orduko Parlamentuko presidentea joan zen omenaldira, eta «irainak zein mehatxuak» jaso izana salatu zuen. Osatu berri zen gobernuak ordezkaririk bidali ez izana kritikatu zuen UPNk. Hilabete geroago,Uxue Barkos Leitzan (Nafarroa) ETAk hildako guardia zibil baten omenaldira joatean, alargunak Barkosi aurpegiratu zion hara joan izana.

Ondorengo lau urteen hitzaurrea izan zen hura. Gobernuak, bake eta bizikidetza zuzendaritzaren bidez, ETAren biktimen aitorpena ez ezik polizia indarkeriaren biktimena ere bultzatu nahi izan zuen. Biktima batzuek ez zuten hori gustuko, eta «ETA zuritu» nahi izatea leporatu zioten, UPNrekin eta PPrekin bat eginez.

Gatazka iaz iritsi zen punturik gorenera. Gobernuak ETAren biktimen omenez egin zuen ekitaldiaren kontra agertu ziren. AVT elkarteko presidenteak bat egin zuen omenaldiarekin, eta salatu zuen biktima horiek aukera politiko baten alde ari zirela. Hitzok soka luzea ekarri zuten, eta haren ondotik sortu zen Anvite.

Orain, gobernua osatu eta berehala, elkarte horrek Barkosen gobernuaren kontra erabilitako arrazoiak erabili ditu orain Txibiteren aurka. Bi ohar plazaratu zituzten: bata uztailaren 30ean eta bestea atzo. Euren aburuz, ETAk indarkeria alboratu izanak eta antolamendua bera desegin izanak «ez du esan nahi helburuei uko egin dietela eta erakundeak baldintzatu nahi ez dituztela». Elkarte horren arabera, «iragan terrorista zuritu nahi dute instituzioetan tokia izateko, eta horrek arriskua dakar, hori ikusten ez dakienarentzat edo ikusi nahi ez duenarentzat». EH Bilduri ETAren «gaitzespen irmoa» exijitu diote.

Adierazpenon ondotik, Berriozarko omenaldia izan zen. Vecinos por la Paz taldeak antolatzen du, eta hango eledun Maribel Vals «harrituta» agertu zen «beti biktimen alboan izan den PSNk» orain bizkarra erakutsi dielako: «ETAren aldekoen aurka egon beharrean haien atzaparretan erori da. Benetan laidogarria eta umiliagarria da». Aurreko legealdian, Nafarroako Gobernuaren aurka egin ziren manifestazioetako baten antolatzaileetako bat izan zen Maribel Vals.

Hitzok zein Anviterenak oihartzuna eragin dute. Herenegun, Javier Remirez gobernuko eledun eta presidenteordeak nabarmendu zuen biktimei «errespetu gorena» dietela. Remirezen arabera, Txibiterekin batera urtero izan da Casanovaren omenaldian, eta ez dute hitz txarrik zuzendu nahi edo memoriaren erabilerarik egin nahi: «Ondare eta balio kolektibo bat da memoria». Hausnartzeko eskatu zuen ea halako adierazpenek «elkarbizitzaren alde egiten ote duten» eta ea egokia den halakorik egitea ETAren biktima baten omenaldian.

Gogoan taldea, «kezkatuta»

Polemikaren harira, Gogoan memoria duinaren aldeko elkartea «kezkatuta» agertu da Berriozarren gertatutakoagatik, eta irainok «sobera» daudela uste du. Urteetan enpatia falta sufritu ostean, orain gizartearen elkartasuna piztu behar dela deritzo. Gogoan elkartearen ustez, ETAren biktimen auzia «konfrontazio politikorako» erabiltzen da. «Terrorismoaren biktimak oroitzeko saihestu egin behar dira intolerantzia, iraina eta modu txarrak».

Martin Zabalza gobernukobake eta bizikidetzako zuzendari berriak txalotu egin ditu hitzok. Asteon eman da haren izendapenaren berri, eta, horregatik, Foro Sozialak ongietorria egin zion Zabalzari, Twitterren. «Elkarbizitza demokratikoaren legealdia izan beharko luke honek. Elkarrekin bidea egiteko borondatea dugu, askatzeke diren korapiloei irtenbidea emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.