EH Bilduk «eskuinaren betiko aurrekontuak» babestea egotzi dio EPri

Koalizioarentzat, akordioa «txarra» da, «egiturazko politika bat bera ere» ez duelako aldatzen. EH Bilduren ustez, Jaurlaritzak eta EPk adostutako aurrekontuak berriak izan beharrean «berrituak» dira

Iker Casanova eta Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak, atzo, Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. JUANAN RUIZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
EH Bildu kezkatuta dago Eusko Jaurlaritzak eta EP Elkarrekin Podemosek datorren urterako aurrekontuak aurrera ateratzeko lortutako itunarekin. Leire Pinedo eta Iker Casanova koalizio subiranistako parlamentariek atzo prentsaren aurrean agertu zutenez, aurrekontu horiek berriak izan beharrean «berrituak» dira, eta ezkerreko koalizioari leporatu diote «eskuinaren betiko aurrekontuak» babestea eta eskaera aurrerakoiei «uko egitea». Lehengo astean, EH Bilduk osoko zuzenketa jarri zion aurrekontuen aurreakordioari. Uste du, gainera, «egiturazko politika bat bera ere» ez duela aldatzen itunak.

Jaurlaritzak —EAJ eta PSE-EE— eta EPk 88,9 milioi euroko diru sailak adostu dituzte 2020rako, eta hiru ardatz dituzte: politika feministak; klima aldaketa; eta familientzako, gazteentzako eta enpresentzako babes neurriak. Pinedorentzat, adostutako kopuru hori «anekdotikoa» da, haren esanetan aurrekontu osoaren %0,75 baita. Konpromiso kredituetarako beste 112 milioi euro ere adostu dituzte bi aldeek, 2021 eta 2027 artean gauzatu beharrekoak. Pinedok nabarmendu zuen, ordea, diru hori «kea» besterik ez dela. «Jaurlaritza ez dago kreditu horiek aplikatzera derrigortuta, eta haren esku egongo da inbertsio horiek gauzatzea». Horren harira, gogorarazi nahi izan zuen kopuru hori «ia osorik»bideratu dela Jasangarritasun Energetikoaren Legea 2027ra bitartean betetzera, «nahiz eta lege horren arabera gobernuak 2020an 100 milioiko inbertsioa egiteko obligazioa duen». EH Bildukoak EPri egotzi dio «legea betetzea ala ez negoziagarria izatea» besterik ez lortzea.

Murrizketak

Casanovak argitu nahi izan zuen, nolanahi ere, «zilegi» dela Elkarrekin Podemosek aurrekontuak EAJrekin adostea, baina iruditzen zaio akordioa «txarra» dela. «Eta hori kritikatzen dugu: akordioaren edukia». Agerraldia baliatu zuen ezkerreko koalizioari ohartarazpen bat egiteko: «Edozein alderdik eskubidea dauka bere ildo politikoa goitik behera aldatzeko, baina akordioa justifikatzeko Podemos egiten ari den diskurtsoa larria da». Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, ez da «onargarria» eskuinaren politikak «zuritzea», eta «egia ez esatea egin duen aldaketa justifikatzeko».

Elkarrekin Podemosek eta Jaurlaritzak aurrekontuetarako adostu dituzten hiru ardatzei helduz, Pinedok salatu zuen EPk «negoziagarri» bilakatu duela DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren igoera ere —%4 igotzea erabaki dute—. «%4ko igoerak murrizketak betikotzen ditu, eta ez du konpentsatzen aurrekontuen proiektuan gobernuak finantzaketan egindako murrizketa —20 milioi euro gutxiago—». Horrenbestez, azpimarratu zuen hurrengo urtean aurten baino «diru gutxiago» egongo dela DSBE sistema finantzatu ahal izateko, «nahiz eta probrezia etengabe zabaltzen ari den, Caritasen azken txostenak erakutsi bezala».

Politika feministak laguntzeko adostutakoaren inguruan, Pinedok salatu zuen Jaurlaritzak eta EPk «behin eta berriz» adierazi dutela genero ikuspegiak «1.200 milioi euroko inpaktua» izango duela aurrekontuetan. «Baina hori ere ez da egia. Jaurlaritzaren arabera 330 milioikoa da, aurrekontu osoaren %2,8». EH Bilduko parlamentariaren hitzetan, Ogasun sailburuak berak aitortu zuen aurreko urteetako aurrekontuekin alderatuta «ia ez dagoela» aldaketarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.