Jaurlaritzak ez du aurreikusten zabortegi gehiago eraikitzea

Plantetara eramandako hondakinak 2030erako %85 murriztea du helburu Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planaren zirriborroak

Arantxa Tapia Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen presidenteordeari begira, urrian, Zaldibarren. M.RAMIREZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Arantxa Tapiak eman zuen datua, atzo: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hondakin ez-arriskutsuak biltzeko aktibo dauden hamar hondakindegiek 4.000.000 metro kubo jasotzeko ahalmena zuten iazko martxoan. Baina Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren arabera, 2030era bitartean«industria ehunaren beharrei» eta sortu litezkeen «ustekabeei» aurre egiteko, 7.500.000 metro kubo jasotzeko ahalmena beharko dute. Horretarako, baina, Jaurlaritzak ez du aurreikusten zabortegi gehiago eraikitzea.

Eusko Jaurlaritzaren Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planaren zirriborroa aurkeztu zuen Tapiak atzo, eta nabarmendu zuen helburu dutela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zabortegietara eramandako hondakinak %85 murriztea 2030erako, egungo datuekin alderatuta. Planak «erronka» ditu EB Europako Batasunaren arautegira egokitzea, hondakinen isurketaren «arazoa» konpontzea, eta hondakin ez-arriskutsuen %85 berrerabiltzea eta, horrenbestez, «bigarren mailako baliabide» bilakatzea, besteak beste.

Zabortegi gehiago irekitzeari muzin eginda —Tapiak zehaztu zuen, gainera, Mutiloako (Gipuzkoa) eta Larrabetzuko (Bizkaia) hondakindegiak itxi dituztela, eta Zaldibarren (Bizkaia) «gertakari bat» izan zela; «gehienez ere» hondakindegien bolumena areagotu asmo du Jaurlaritzak. Tapiak adierazi zuenez, hiru modu aurreikusten dituzte horretarako. Batetik, zabortegi publikoren bat «handitzea edo hobetzea». Bestetik, «zabor geldoetarako» zabortegiak «transformatzea», horiek hondakin ez-arriskutsuetarako zabortegi bilakatuz. Kazetariek galdetu zioten ea jada ba ote dakiten hori zer zabortegitan egin ahal izango duten, eta Epele (Bergara, Gipuzkoa) —itxita dago uneotan— eta Gardelegi (Gasteiz) aipatu zituen Tapiak. Eta bolumena handitzeko hirugarren modua litzateke «handitzeko gaitasuna» duen zabortegi pribatuetakoren bat handitzea, «horretarako beharra egongo balitz».

«Biltegiak» izango dira

«Ez daitezela izan ezagutzen ditugunen modukoak; horretan saiatuko gara», azpimarratu zuen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, zabortegien etorkizuneko kudeaketaz galdetuta. «Ez dut esango [egun] isurketa modu deskontrolatuan egiten denik, ez baita hala. Baina ez da bereizten zer kokatzen den zer tokitan, dena ez-arriskutsua den neurrian. Ahaleginduko gara dena ezin hobeto sailkatzen». Tapiak uste du zabortegiak baino gehiago «biltegiak» izango direla hondakinak jasoko dituztenak, eta horien jardueraren ikuskaritza «zorrotza» egingo dutela ziurtatu zuen.

Planaren zirriborroko asmoak gauzatu ahal izateko, hamarkada honetan 97 milioi euro inbertitzekoa da Jaurlaritza. «Lehen urteetan egingo da inbertsio nagusia. Beharren arabera egokituko da hori», esan zuen Tapiak.

Jasotakoa aurrera eramateko, hamar «ekintza» zerrendatu ditu Jaurlaritzak. Esaterako, «isurpen eta errausketa kanon bat» aktibatzea; lege garapenak egitea; ikuskaritzarako baliabideak areagotzea; edo, besteak beste, plastiko hondakinentzako «behin betiko irtenbideak bultzatzea».

Datuei dagokienez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6,1 milioi tona hondakin sortu ziren 2018an —hori da Jaurlaritzak « eskuragarri» duen azken datua—; 2010eko datuekin alderatuta, hortaz, %4 jaitsi zen. Duela bi urteko hondakin horien %55 hondakin ez-arriskutsuak ziren, %20 eraikuntzako eta eraispenetako hondakinak, %20 udal hondakinak, eta % 5 hondakin arriskutsuak. Hondakin horiei «tratamendu bat» ematen diete, eta, ondoren, %1 ere ez da berrerabiltzeko, %57 birziklatu egiten da, %6 energetikoki balorizatu, eta%37 «nagusiki» hondakindegietan «ezabatzen da».

Telematikoa izan zen Tapia sailburuaren agerraldia, bakartuta baitago COVID-19a detektatzeko proban positibo eman zuelako joan den ostegunean. Planaren zirriborroaren azalpenak gaztelaniaz eman zituen, «azkarrago» egitearren. «Errepikatzen badut, nahiko astuna izan daiteke». Euskarazko galderei euskaraz erantzun zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.