Hezkuntza ituna urratzea egotzi diote Jaurlaritzari, Googleren akordioagatik

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk uste dute Hezkuntza Sailak Googlerekin sinatutako akordioa hezkuntza itunaren aurka doala. Bildarratzek esan du ikasleentzat «tresna bat gehiago» dela

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Google multinazionalaren zerbitzuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan erabiltzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sinatutako akordioak hautsak harrotu ditu oposizioko taldeen artean. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren kritikak entzun behar izan ditu Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan: ikasleen «pribatutasuna» auzitan jartzea eta hezkuntza lege berrirako akordioa urratzea leporatu diote bi taldeek Hezkuntza Sailari.

Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Isabel Gonzalezek salatu du akordioa «bidean jarritako harri bat» dela, eta ez duela hezkuntza akordioan jasotakoa betetzen. Uste du hitzarmena kontraesanean dagoela hezkuntza akordioarekin 16. puntuarekin; puntu horrek dio ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna errespetatuko direla «baliabide teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz». Baina Googlerekin sinatutako akordioak hezkuntza hitzarmena «modu agerikoan» urratu duela salatu du, eskubide digitalen aurka doala iritzita: «Adarjotze hutsa da».

EH Bilduko Lore Martinezen iritziz ere Jaurlaritzak Googlerekin sinatutako hitzarmena ez da bateragarria hezkuntza itunarekin. «Auditagarritasuna eta berrerabilgarritasuna ez dira betetzen». Hitzarmenari «kezkagarri» eta «mingarri» iritzi dio, eta irmo mintzatu da Jaurlaritzaren aurka: «Pegasus eramango duzue eskoletara, Pegasusen bertsio berria. Euskal hezkuntzako irakasle, ikasle eta familien datuen pribatutasun osoa Googleren eskuetan geldituko da».

Bildarratzek, berriz, ukatu egin du sinatutako akordioak hezkuntza ituna urratzen duela. Oinarrien akordioa «bermatuta» dagoela esan du, baina ohartarazierantzuna eman behar zaiela «erronka teknologikoei, etikoei eta sozialei». Zehaztu du zentroek «autonomia» dutela hezkuntza proiektuetarako egokien deritzoten plataforma digitala aukeratzeko, eta autonomia hori errespetatuko dela, betiere «erabiltzeko errazak diren tresnak eta pribatutasuna eta arau etikoak errespetatuko dituzten plataforma seguruak baldin badira». Alde horretatik, argitu du Hezkuntza Sailak ez duela inor behartuko plataforma digital espezifiko bat aukeratzera, eta Googlerekin sinatutako akordioa ikastetxeen esku utziko den «tresna bat gehiago» izango dela.

Hezkuntza Legea

Bildarratzek azpimarratu du Hezkuntza Saila «gardentasunez» ari dela egutegia betetzen, eta aurreikusitako epeen barruan aurkeztuko duela EAEko Hezkuntza Lege egitasmoa. Lehenik eta behin, Jaurlaritzak lege aurreproiektuaren zirriborroa onartuko du, eta, gero, aldeei bidaliko die. Tramite hori eginda, udazkenean prest izan nahi du lege egitasmoa, legebiltzarrak tramitazioari ekin diezaion. Bide hori dena «gardentasunez, elkarrizketaren bidez eta adostasunez» egin nahi du.

Horrez gain, PP+C's taldeak egindako galdera bati erantzunez, berretsi du aurten hezkuntzan izango den eskaintza publikorako lan deialdian ez dela bigarren hizkuntz eskakizunik gabeko lanposturik egongo. Sailburuak esan du 0 eta 1 eskakizuneko lanpostuak ezin direla «egiturazkotzat» hartu, eta, beraz, haien lanpostuak ez direla deialdian aterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.