Euskaraldia

Administrazioan ere, trabak

Euskal Herriko administrazio zerbitzuak euskaraz izatea normala da herritar aunitzendako; bertze zenbaitendako, ordea, urrun dago errealitate hori.

Euskal Herriko leku batzuetan legez eskatzen da euskara administrazioan erabiltzea, bertze batzuetan, ordea, ez. JON URBE / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Isun bat ordaindu, errenta aitorpena egin, erroldatze agiria eskatu edota medikuan ordua hartu. Hamaika dira administrazioan egin daitezkeen tramiteak, eta bertze hainbertze horietako bat egitea lortu orduko jasan beharreko buruhausteak, bestela ere buruhauste direnak, eta hizkuntzaren erabilera ere gehitu behar zaie askotan. Euskal Herrian, administrazioko zenbait tramite eta aurrez aurreko harreman euskaraz izan daitezke, baina egoera nabarmen aldatzen da eremuaren arabera.

Desberdintasun horiek hizkuntzaren ofizialtasunarekin lotuta daude. Ondorioz, Euskal Herrian hiru irudi guztiz ezberdin daude: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, euskara hizkuntza ofiziala da, eta, beraz, administrazioan araututa dago euskararen erabilera; Nafarroan hiru eremu bereizten direnez euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna, euskararen ofizialtasuna eremuaren arabera aldatzen da; Ipar Euskal Herrian, berriz, frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra, eta, beraz, zaila da euskara administrazioan txertatzea.

Ikusi gehiago:Analisia: 'Euskaraldiaren kolore aniztasuna'

Edozein dela lurralde bakoitzaren egoera, guztietan euskarak administrazioan duen presentzia handiagoa izateko ahaleginak egiten ari dira zenbait eragile. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, foru aldundi bakoitzak euskara plan propio bat du martxan. Plan horietan, euskara administrazioan erabili beharreko hizkuntza dela adierazten da, eta herritar guztiek eskubidea dutela euskaraz artatuak izateko. Teorian euskarak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioan lekua badu ere, eskualde bakoitzaren arabera nabarmen aldatzen da egoera.

Ofizialaren bermerik eza

Manex Agirre Gorbeialdeko (Araba) euskara teknikaria da, eta, zehazki, udalerriotan egiten du lan: Aramaio, Legutio, Arratzua-Ubarrundia, Zigoitia, Zuia eta Urkabustaiz. Lan egiten duen herri bakoitzaren arabera euskarak administrazioan duen presentzia desberdina den arren, Agirrek argi du: «Gaztelania da nagusi, bai lan harremanetan, bai harreman informaletan».

Agirreren erranetan, poliki-poliki, belaunaldi gazteak administrazioan sartu ahala, egoera aldatuz doa. Izan ere, gaur egun euskara arlo horretan txertatzeko duten muga nagusietako bat «langile batzuek hizkuntza ez jakitea» da. Gazteek hizkuntza ezagutzen duten heinean muga hori «lausotzen» dela dio Agirrek. Hala ere, bertze erronka batzuk agertzen dira: «[Euskaraz] jakin bai, baina hori erabiltzeko gaitasuna norainokoa den», adibidez. Agirrek dioenez, «administrazioaren ardatzetako bat hizkuntza» den heinean, egoerak hobera egiteko «lehentasunak jarri behar» dira.

Erandioko (Bizkaia) euskara zerbitzuko taldeak bat egin du baieztapen horrekin. BERRIAri azaldu diotenez, «lidergo argi» baten falta sumatzen dute, eta lehen gaztelaniaz ziren harremanak euskarara pasatzerakoan zailtasunak dituzte.

Nabarmendu dutenez, bertako administrazioan egin daitezkeen tramite gehienak eta bezeroekin egiten diren harremanen hein handi bat euskaraz egiten ahal dira. Hala ere, orokorrean euskara gaztelania baino gutxiago erabiltzen da Erandioko administrazioan. Euskara zerbitzuaren erranetan, orokorrean, Erandioko herritarrek euskararik erabiltzen ez dutelako gertatzen da hori: «Jarreretan eta motibazioan ikusten da erresistentzia dagoela», azaldu dute. Jarrera hori agerian gelditu zen duela sei urte, herrian euskararen kaleko erabilera aztertu zenean: euskaraz %2k soilik egiten zuten.

Teoria praktika bihurtzean

Gipuzkoako egoera, ordea, bestelakoa da; Arrasatekoa, behintzat. Aintzane Lasa euskara zerbitzuko teknikariak azaldu duenez, «euskara gaztelania baino gehiago erabiltzen da Arrasateko administrazioan; ahalegin berezia egiten da euskara erabiltzeko».

Idatzizko tramiteei dagokienez, lehentasuna ematen zaie euskarazko dokumentuei. Aurrez aurreko harremanetan, berriz, lehenengo hitza beti euskaraz egiten da, eta bezeroak aukeratutako hizkuntzan ematen zaio erantzuna. Euskara poliki-poliki presentzia hartuz joan dela dio zerbitzuburuak, eta eragile eta herritar guztien artean lortutako zerbait dela.

Nafarroari dagokionez, euskarak administrazioan duen presentzia eremuak baldintzatzen du. Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria: «Horrek garapen ezberdinak eta erronkak ekartzen dizkigu; eta, kudeaketari begira, arazoak eta korapiloak ere bai». Hala ere, Arregik argi du, orokorrean, euskara gaztelania baino «gutxiago erabiltzen» dela Nafarroako administrazioan.

Bortziriak —Bera, Lesaka, Arantza, Igantzi eta Etxalar herriek osatzen dute—, erraterako, eremu euskaldunean kokatuta daude. Urko Ikardok Bortzirietako Euskara Mankomunitatean lan egiten du, eta bertan euskara gaztelania baino gehiago erabiltzen dela dio —bost herri horietan edo horien arteko harremanetan—. Nafarroako Gobernuarekin kontaktuan jartzean, ordea, egoera bertzelakoa da: «Maiz, euskaraz zuzentzea ezinezkoa zaigu, beste aldean ez baitago euskaldunik erantzuteko», azaldu du Ikardok.

«Nafarroako Foru Administrazioan, euskararen ezagutza duten lanpostuen kopurua ez da %3ra iristen. Banaketa hori geografikoki ezberdina da: lanpostu gehienak Iruñerrian daude, eta hor oso lanpostu gutxitan dago ezagutzaren eskakizuna», nabarmendu du Arregik.

Ofizialtasunaren itzalean

Hego Euskal Herriko administrazioetan euskarak duen presentziaren inguruan arrangura nahiko dauden arren, Ipar Euskal Herrian oraindik ilunagoa da afera. Euskara frantsesaren ofizialtasunaren itzalean baitago.

Hala ere, herritar ugarik euskaraz bizi nahi dutela garbi dago. Horren erakusle dira azken urteotan ikasle, guraso eta ikasleek azterketak euskaraz egiteko egin dituzten eskakizunak. Baita Miarritzen, Baionan, Hendaian eta Urruñan euskara teknikariak jarri izana ere. Horrez gain, administrazioan euskara txertatzeko ekintza txikiak ere egin izan dituzte. Joan den martxoan, erraterako, Euskal Elkargoko Errobi lurralde poloaren bilkuran itzulpen sistema erabili zuten bileran euskara erabili ahal izateko.

Adituak bat datoz honetan: edozein dela herritarrek euskararekiko duten jarrera, horrek ezin du euskarak administrazioan izanen duen lekua baldintzatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.