Edurne Otamendi Garmendia.
Euskaraldia. ANALISIA

Euskaraldiaren kolore aniztasuna

2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Euskaraldia oso dinamika lagungarria da udaletako euskararen normalizazio prozesuetan. Ariketa soziala eta jendetsua izateaz gain, hurbila ere bada, harremanetan oinarritua dagoelako. Hurbiltasun hori nabarmendu nahi izan dugu Donostiako Udalean. Horrela, ariguneak osatu ditugu eta, aldi berean, gogoeta nahiz jolas egitera gonbidatu ditugu Udaleko gure lankideak. Nola? Beraiekin bideo bat eginez eta Euskaraldiaren protagonista bihurtuz. Zergatik parte hartzen duten kontatu digute, bakoitzak bere koloretik, bakoitzak bere esperientzia pertsonaletik.

Ikusi gehiago:Administrazioan ere, trabak

Askotarikoak izan dira parte hartzeko eman dituzten arrazoiak. Badakite euskara oraindik «normaltasunean igeri» egiten duen hizkuntza ez dela eta horrelako bultzadak behar dituela uste dute: «Euskaraz bizitzeko aukera ematen didalako»; «gogoeta eta praktika uztartzen dituelako»; «konpromiso maila handitzeko balio didalako»; «nire hizkuntza dena bizirik mantendu nahi dudalako» ; «euskaraz bizi nahi dudalako»...

Kolorez ere jantzi dute ariketa. Batzuek laranjaz edo horiz, goxotasunaren eta alaitasunaren erakusle. Mingainaren gorritasuna ere irudikatu dute. Berdez, itxaropenaren adierazle. Fuksiaz eta morez ikusi dute, euskalduna eta feminista. Itsasoaren eta zeruaren kolorearekin lotu dute, aldakorra eguraldiaren arabera, sasoiaren arabera... Eta ostadarra bezain anitza.

Gustura sentitzeko guneak

Arigunea lasaitasunarekin lotu eta horrelako irudiak eman dizkigute: «lagunarteko bazkaloste bat»; «edozein dela daukazun maila euskara praktikatzeko topagunea»; «ika-mikarik gabea, lasaia»; «armiarma sare bat, zenbat eta gehiago hazi, orduan eta gehiago indartzen dena»; «ihartuta dagoen baina udaberrian berdatzen ari den zelai bat»; «lasterketa bateko abituallamiento gunea, non indartzen zaren, atseden hartzen duzun, elikatzen zaren eta berriz aurrera egiten duzun».

Erne eta eskuzabal

Euskarari ateak zabaltzen dizkio belarriprestak, gure lankideen ustez. Eskuzabaltasun keinu handia adierazten du: «Entzun nahi dizut eta denbora inbertituko dut zu ulertzeko, goxotasunez»; «euskara zabaltzeko ezinbestekoa da belarriprest garenok integratzea»; «euskara gertu ez dutenen prestutasuna eta saiakera adierazten du».

Animalien mundura jauzi egiten badugu, berriz, belarripresta katua da, basakatua, adi-adi entzun eta, eragiten zaionean, erantzuten duena. Belarri handiak ditu, elefanteek, katagorriek eta untxiek bezala. Eta erne dago beti. Edo, armiarmek bezala, sarea egiteko gaitasuna du; eta, zaldi nahiz behor eder baten askatasuna eta zabaltasuna ditu aldi berean.

Euritan dantzan

Udaleko langileek ahobizien ardura eta erantzukizuna azpimarratu dute: «Euskara ulertzen dutenekin euskaraz egiten dut beti, aurrean dudanari egokituz»; «norbaitek euskaraz ote dakien ez dakidanean, nik beti lehen hitzak euskaraz», «euskaraz ulertzeko zailtasuna dutenekin elkarrizketa elebidunak egiten saiatzen naiz, euskarak bere lekua izan dezan».

Eguraldiarekin lotzeko eskatuta, berriz, lurrari bizia ematen dion euriarekin parekatzen dute gehienek. Zirimiriarekin, adibidez, «poliki-poliki busti eta barruraino blaitzen zaituena». Ihintzaren freskotasunarekin edo euri tantekin, «hasieran azalean bakarrik eragin arren, denborarekin barru-barruraino sartzen dena»; izan ere, «euskarak zipriztintzen zaituenean horrek ez du atzera bueltarik». Edo euri zaparrada batekin, «euria gogor eta ni euskaraz etengabe... euritan dantzan».

Eskerrik asko, denoi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.